euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko ikasleak lankidetzan jardun ahalko dira Bizkaiko Gurutze Gorrian

UPV/EHUk eta Bizkaiko Gurutze Gorriak hitzarmen bat sinatu dute jarduera solidarioak egiteko unibertsitate kredituen truke

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/12

Iñaki Irusta, Maite Zelaia, Javier Zarraga eta Amaya Zarraga

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bizkaiko Gurutze Gorriak sinatu dute lankidetza hitzarmen bat, unibertsitateko ikasleen boluntzariotzako jarduerak egitea ahalbidetzeko, horren truke kredituak emanez. Hauek egon dira hitzarmena sinatzeko UPV/EHUko Bizkaia Aretoan izandako ekitaldian: Maite Zelaia Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordea, Amaya Zarraga Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea, Iñaki Irusta Gurutze Gorriaren Euskadiko Batzorde Autonomikoaren presidentea eta Javier Zarraga, Bizkaiko Gurutze Gorriko presidentea

Lankidetza hitzarmenak aukera emango die unibertsitateko ikasleei Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntariotzako jardueretan parte hartzeko. Erakunde horrek ikasleei emango die behar bezalako prestakuntza, baita egiten dituzten lanak ikuskatu ere. Unibertsitateak, bestalde, lan solidarioen truke, gehienez, hautazko hiru kreditu emango ditu ikasturte batean eta, sei, ikasketa plan osoan.

Maite Zelaia errektoreordeak azpimarratu duenez, "hitzarmenaren sinadura hau aspalditxotik egiten ari den jarduera bat instituzionalizatzera dator, eta indartu egiten ditu UPV/EHUk  ezarrita dituen helburuak behar sozialez kontziente diren profesionalak prestatzeari begira. Ildo horretatik, hizpide dugun programaren helburuetako bat da gure ikasleen prestakuntza osoa lortzea. Aparteko prestakuntza teknikoa jasotzeaz gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu, baita ere, balioetan oinarritutako prestakuntza eskuratzea. Izan ere, hala eginez gero, gai izango dira aurrerapen sozialean eragiten duten arazoei buruzko eztabaidetan parte hartzen eta, aldi berean, lan egingo dute ekitate handiago bat, iraunkortasun eta giza eskubideekiko begirunea bilatze aldera.

Javier Zarraga Bizkaiko Gurutze Gorriko lehendakariak adierazi duenez, "hitzarmen honek UPV/EHUren eta Bizkaiko Gurutze Gorriaren arteko harremana bultzatuko du. Hartara, ikasleek gure erakundearen jarduna in situ ezagutu eta bertan parte hartzeko aukera izango dute. Gurea gizartean indar handiz errotutako boluntario izaerako erakunde humanitario bat denez, ezinbestekoa da pertsona ahulengandik gero eta hurbilago egon gaitezen lagundu nahi diguten pertsonez baliatzea. Hori dela eta, ongi etorriak izan zaitezte boluntariotzako jardueretan parte hartu nahi duzuen UPV/EHUko ikasle guztiok".

UPV/EHUko edozein ikaslek hartu ahalko du parte Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntariotzako jardueren programan, berehala eta zehaztu gabeko denboraz indarrean sartzen den hitzarmen honi esker.

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa