José Ignacio Goirigolzarrik Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuaren 50. urteurrenaren hitzaldi gonbidatua eman zuen
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/05/11
UPV/EHUko Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuaren 50. urteurrenaren ospakizun ekitaldia Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Areto Nagusian egin zen iragan ostiralean. Hitzaldi gonbidatua José Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidenteak eskain zuen "La visión de Bankia ante los retos del sistema financiero" izenburupean. Goirigolzarrik bere hitzaldiaren parte handi bat eskaini zion hezkuntzaren garrantzia azpimarratzeari, zeina gizartearen eta ekonomiaren orainerako eta etorkizunerako derrigorrezkoa ikusten zuen.
Bere iritziz, hezkuntza arloko nazio mailako plan handi bat garatu behar da, herritarrei enplegu bat bermatzeko. "Hori da bide garrantzitsuenetariko bat", adierazi zuen, "Espainiak duen gaitz handienaren aurka lan egiteko, hots, langabeziaren maila onartezina, batez ere gazteen artean".
Espainiako ekonomiak duen beste erronka inportantea Bankiako presidenteak mintzaldian aipatu zuenez, enpresa nazionalen lehiakortasuna hobetzea da. "Berritzailea izatea, ekoizpena areagotzea eta tamaina handitzea da lortzeko era. Hori guztia lortzeko Administrazioak lagun dezake, merkatuak liberalizatuz, fusioak bultzatzeko politika fiskal lagungarriak eginez eta merkatuaren zatiketarekin apurtzea", adierazi zuen.
Finantza sektoreari dagokionez, Goirigolzarrik adierazi zuen asko hobetu dela, hainbeste, ezen fidagarri bihurtu dela, interes tasak ia-ia zeroan dauden testuinguru honetan esfortzu handiak egin beharko badira ere. Erakundeek, esan zuen, errentagarritasuna eta eraginkortasuna hobetu behar dute, ekoizpena areagotuz eta berrikuntza dosi handiak erabiliz.