euskaraespañol

Eguneko irudia

Alicia Alonso, COSCEko idazkari nagusi berria

Erakunde honek, Estatuko zientzialarien iritziak islatzen ditu

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/30

Alicia Alonso

Alicia Alonso Izquierdo, UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko katedraduna, Espainiako Elkarte zientifikoen Konfederazioko (COSCE, gaztelerako sigletan) idazkari nagusi izendatua izan da erakunde honek presidentzia, idazkaritza nagusia eta Gobernu kontseiluko kide bi berritzeko asmoz joan zen martxoan ospatu zituen hauteskundeetan. Nazario Martín León, Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea, presidente aukeratu zuten.

80 bat elkarte zientifiko biltzen dituen COSCEk, 2003an hasi zuen bere ibilbidea Espainiako komunitate zientifikoa bai gizartearekin zein botere publikoekin interlokutore koherente eta integratu bihurtzeko asmoz. Hain zuzen ere, bere helburuen artean daude gure herriaren garapen zientifiko eta teknologikoa ahalbidetzea, bai gizartearen zein botere publikoen aurrean interlokutore kualifikatu eta bateratu bezala jokatzea zientziaren arloko kontuei dagokienez, eta baita zientziaren papera sustatzea eta bere zabalkundean laguntzea kulturak duen beharrezko eta ezinbesteko osagai bezala.

Beste ekimen batzuen artean, COSCEk, politika zientifiko eta teknologikoaren arloan garatzen diren jarduerak aztertzen ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Espainiako Sistema inplementatzeko CRECE (Espainiako zientziaren ikerketa eta hausnarketarako batzordea) bezalako akzioen bitartez. Era berean, Estatuko Aurrekontu Orokorretan I+G+B-ra zuzentzen den inbertsioa aztertzen du urtero aurkezten duten txosten baten eta etenik gabe Ministerioarekin mantentzen dituzten harremanen bitartez. Eta animalien erabilera ikerketetan arautzen duen araudia egiteko prozesuetan ere parte hartzen du.

Espainiako Elkarte zientifikoen Konfederazioaren helburu dira, baita ere, gizartea kontzientziatzea zientzian inbertitzeak dakartzan onuren gainean eta "harrobia" zaintzea ENCIENDE proiektua (ikastetxeetan zientziaren irakaskuntza sustatzeko proiektua) bezalako ekimenekin.

Alicia Alonso

Alicia Alonso Izquierdo Biologian lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean, eta geroago bertan eskuratu zuen doktoregoa Biokimikan. Bere tesia eta baita bere ikerketa ibilbidearen zati nagusia ere mintz eta eredu zelularren interakzioa detergenteekin eta mintzen fusioan lipidoek duten papera aztertzera bideratuta egon da. Doktoradu ondoko prestakuntza Dennis Chapman irakaslearekin egin zuen Londongo Royal Free Hospital-en. 1992. urtetik UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko katedraduna da. 1998an Biofisika Unitateko (CSIC-UPV/EHU) lehen zuzendaria izan zen, eta bertan egiten du lan orain bere ikerketa taldeak. 1999-2000an irakasle bisitaria izan zen Victoriako Unibertsitatean (Kanada). Espainiako Biofisika Elkarteko presidentea izan da (2006-2010), Biokimika eta Biologia Molekularraren Espainiako Elkarteko (SEBBM) presidente ordea (2010-2014), eta baita Union for Pure and Applied Biophysics-eko (IUPAB) Nazioarteko Batzordeko kidea (2008-2014). Mintzen biofisikaren arlo desberdinei buruzko eta, bereziki, prozesu zelularetako (adibidez, autofagia bezalako prozesuetako) mintzen berrantolaketan lipido-proteinek duten interakzioaren paperari buruzko 170 argitalpen zientifikoren egilea edo egilekidea da Alonso.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa