euskaraespañol

Eguneko irudia

Gizartea eta artea haur eta gazte literaturan liburua aurkeztu da

UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako azken kurtsoko zazpi ikaslek idatzitako zazpi azterlan biltzen ditu argitalpenak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/30

Erroa argitaletxeak ateratako liburuan 7 ikasleren ikerketak biltzen dira

Gizartea eta artea haur eta gazte literaturan liburua aurkeztu du Erroa argitaletxeak. Artikulu bilduma da liburu hau, iaz Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako azken kurtsoan ibilitako zazpi ikaslek, Amaia Oleaga, Helena Jauregi, Sandra Martinez, Nerea Larruzea, Mercedes Mendibe, Aitziber Hermoso eta Arrate Santiago, idatzitako zazpi azterlanenak, eta euren bikaintasunagatik aukeratu ditu edizioa koordinatu duen Jon Kortazar UPV/EHUko literatura irakasleak.

Erroa argitaletxeko editore Xabier Monasteriok azaldu duenez, haur eta gazte literaturan eragina duten gaiak dira artikuluotan aztertutakoak, eta bi multzotan banatzen dira: lehenengoan  gizarte gaiak azaltzen dira; bigarrenean literatura, komikia, zinea eta, oro har, arteak ageri dira. Emakumearen irudiak eta familia ereduak izan dira egileek lehen multzoan aztertu dituzten gizarte gaiak, Amaia Oleagak euskal ipuin traizionaletan emakumeak duen rola aztertu du eta Helena Jauregik, berriz, Mariasun Landaren liburuetan ageri diren pertsonaia femeninoen azterketa egin du. Gaurko euskal haur eta gazte literatura hartu du Sandra Martinezek eta bertan ageri diren familia ereduei erreparatu die.

Bigarren multzoan ikuspegi anitzetik aztertu dute arteen eragina haur eta gazte literaturan: Kirmen Uriberen haur eta gazte literaturaren balioei erreparatu die Nerea Larruzeak, Garmendia bilduma aztertuta. Mercedes Mendibek komikiak haur hezkuntzako gelan inklusiorako baliabide gisa izan dezakeen erabilera ikertu du, Gallardo komikilariaren Maria y yo liburuari erreparatuta. Aitziber Hermosok Peter Pan-en istorioan liburutik zinemarako moldaketak bidean galdutakoak nabarmendu ditu, pertsonaiak eta kontakizunak berak jasan zuten eraldaketa aztertzean. Azkenik, Arrate Santiagok Jon Arretxeren  Zazpi kolore liburuan islatzen diren literaturaren eta beste arteen arteko elkarrekintzaz jardun du bere artikuluan.

Zazpi emakumezko hauek graduatu berriak izanik, bihar-etzi "kalitate handiko irakasleak" izango direla nabarmendu du Gurutze Ezkurdiak, Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendariak. Egileak zoriondu eta adibidetzat jarri ditu Ezkurdiak, bere ustez "hainbatek badaukala euskal kulturaren ardura barneratuta" erakusten dutelako. Egileon izenean mintzatu den Aitziber Hermosok esan duenez, eurentzat "urtebeteko lanaren oso aitortza garrantsitsua" da lanok argitaratuta ikustea. Ikasten ari zirela Jon Kortazar hurbildu zitzaien, idazteko gonbita eginez eta orduan zalantza ugari sortu zitzaien hasieran, "bagenekielako literatura adituak ez ginela". Gogoeta ugari egin ostean baietz esan eta emaitzarekin oso gustora gelditu dira denak, Hermosok esan duenez, "nahiz eta gure ibilbide akademikoa hezkuntzaren alorrean ikusi,  literaturan ate hori irekita izatea oso aberasgarria izan daiteke etorkizunera begira".

Argitalpenaren koordinazioa egin duen Jon Kortazarrek ikasleen lanak jasotzen dituzten horrelako liburuak "esperimentu aberasgarriak" direla nabarmendu du. Ez da horrelako bilduma bat egin duen lehen aldia, Letren Fakultatean zegoela bi aldiz argitaratu baitzituen ikasleen lan aukeratuak. Liburuaren hitzaurrean dioenez, "urtero hogei-hogeita bat urteko ikasleek betetzen dituzte ikasgelak; irakaslea, ordea, urtebete zaharrago da ikasturtero eta gero eta handiagoa da, adinez behintzat, ikasleen eta irakasleen arteko aldea".  Horregatik iritzi dio garrantzitsua ikasleen irakurketak eta iritziak ezagutzeari: "ikasleengandik gaurko literaturaz asko ikasten dudala aitortzen dut".

UPV/EHUren Euskararen arloko Errektoreordetzak lagundu du argitalpena, eta Jon Zarate erretoreordeak bidalitako mezua irakurri du Kortazarrek aurkezpenean. Zaratek "gero eta handiagoa den emakumezko ikertzaileen presentzia" nabarmendu du, liburuko egile guztiak emakumezkoak baitira eta eskerrak eman dizkio Zenbat Gararen Erroa argitaletxeari "ospetsuago eta boteretsuagoak diren argitaletxeetan aukerarik ez duten ikasleei aukera emateagatik". Zarateren esanetan "konfidantza izan behar da ikasleengan, asko ikasi genezake eurengandik".

Xabier Monasteriok Erroak UPV/EHUrekin berriki "euskara eta gizartea hurreratu nahian" abiatutako elkarlanaren bidea azpimarratu du. Bere esanetan, liburu hau "lankidetza horren lehen fruitua da eta berezkoa dirudi gurean argitaratzeak, antzeko langintzetan gabiltzenez gero".

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa