Giro ederra V. BertsoDerbian
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/04/28
UPV/EHUko Areto Nagusia futbolzale/bertsozalez bete zen V. BertsoDerbian. Andoni Egaña gidariak bertso-trama berezi bat asmatu zuen ekitaldirako: Maialen Lujanbio (Athletic zale amorratua) eta Sustrai Colina (forofismoak ulertzen ez dituena) senar-emaztea ziren eta, teilape berean, pisua konpartitzen zuten hiru ikasle bizi ziren: Julio Soto (Erreal zalea), Jone Uria (Athletic zalea) eta Amets Arzallus (futbola gorrotatzen duena). Eta, Athletic eta Errealaren arteko derbia jokatu behar zen egun berean, Fredi Paia agertu zen, tinbrea joka, Jainkoaren berri ona zabaltzera. Abiapuntu horrekin, itxarotekoa zenez, elkarri zirika aritu ziren bertsolariak ikus-entzuleen gozamenerako.