euskaraespañol

Eguneko irudia

Luis Vega, Blaise Pascal domina

Europan Academy of Sciences-en sariak aitortu egiten du zientziari eta teknologiari egindako ekarpen pertsonal bikaina

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/01

Luis Vega
Luis Vega

Luis Vega Gonzálezek, UPV/EHUko Analisi Matematikoko katedradunak, EURASC-European Academy of Sciences akademiak ematen duen Blaise Pascal domina jaso du. Sariak aitortu egiten du zientziari eta teknologiari egindako ekarpen pertsonal bikaina, eta ikerketaren eta hezkuntzaren bikaintasuna sustatu izana. Domina emateko ekitaldia urriaren 28an izango da, Le Quartz Congrés Brest-en (Brest, Frantzia).

Luis Vega Gonzalez (Madril, 1960) Analisi Matematikoko katedraduna da gaur egun UPV/EHUn. 1982an matematikatan lizentziatu zen Complutense Unibertsitatean. 1988an doktoretza lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM). Chicagoko Unibertsitatean bi urte egin ondoren, UAMera itzuli zen, eta 1993az geroztik dago Euskal Herriko Unibertsitatean, non 1995etik den katedradun.

Egun, BCAM (Basque Center for Appied Mathematics) Matematiken Ikerketarako Zentroaren zuzendari da Luis Vega, eta  mundu guztian da ezaguna deribatu partzialen ekuazioei buruzko lanengatik,  eta baita Fourier-en analisien ingurukoengatik ere. Halaber, 2012ko Euskadi Ikerketa Saria ere bada. Iaz lortu zuen sari garrantzitsu hori.

Nazioarteko oihartzuna

Vega irakaslearen lanak nazioarteko oihartzun zabala izan du eta euskal matematikak ikusgarri egin ditu munduko erakusleihoan. Bere ekarpen zientifikoez gain, Luis Vegak Euskadiko matematikan ere eragin handia izan du, nazioarte mailako ikerketa talde bat sortu baitu UPV/EHUn,  zeina munduko lehen 100en artean kokatu duen diziplina horretako Shangaiko rankingaren arabera. Bestalde, doktoregaien formazioan ere lan esanguratsua ari da egiten.

EURASC-European Academy of Sciences akademia nazioarteko elkartea da, akademiko independenteek osatzen dutena eta Eurpako zientzialari onenak aitortzen eta hautatzen dituena. Bere helburuen artean dago Europako zientzia eta zientzia lankidetza sendotzea.

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa