euskaraespañol

Eguneko irudia

Duela 40 urtetik gorako indusketa batean bildutako aztarna berriek belarriko hezurtxo hori berregiteko aukera eman dute

Haur neandertal hezurrean gure espeziarekiko diferentzia anatomikoak

UPV/EHUn lanean diharduen Asier Gómez Olivenza Ikerbasqueko ikertzaileak aspaldiko indusketak berrikusi beharra nabarmentzen duen ikerketa argitaratu du Journal of Human Evolution aldizkarian

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/25

Estribua

UPV/EHUn lanean diharduen Asier Gómez Olivenza Ikerbasqueko ikertzaileak zuzendutako ikerketa bati esker, 3Dan berregin dira 70eko hamarkadan La Ferrassieko (Dordoina, Frantzia) indusketa batean aurkitutako 2 urteko haur neandertal baten aztarnak, giza-gorputzeko hezurrik txikienetan ere Neandertalen eta gure espeziearen artean dauden diferentzia anatomikoak egiaztatuz.

Neandertalak (Homo neanderthalensis) Europan gaindi eta Asiako mendebaldean bizi izan ziren 230.000 urtetik duela 28.000 urte arte, eta azken milurtekoetan Homo Sapiens Sapiens-ekin batera bizi izan ziren, oraindik eztabaidatzen ari diren arrazoiak medio behin betiko desagertu ziren arte. XX. mende osoan induskatu den La Ferrassieko aztarnategi arkeologikoa kokapen mitikoa bilakatu da, Neandertalen 7 eskeleto aurkitu baitira bertan, fetuak eta helduen eskeleto ia osoak barne.

La Ferrassien aurkitutako aztarnen artean, 1970etik 1973ra bitartean topatutako 2 urteko haur neandertal baten eskeletoa dago. La Ferrassie 8 deritzon ume horren aztarnek, aurkikuntzatik 40 urtetik gora igaro ondoren, desagertutako espezie honen anatomiari buruzko jakingarri berriak argitzen lagundu dute.

Gómez Olivenza doktoreak Parisko Historia Naturalaren Museoko eta St. Germain-en-Layeko d'Archéologie national Museoko bildumetan dauden La Ferrassieko 1970eko eta 1973ko indusketetako aztarnak berrikusteko lanetan parte hartu du, eta lan horiei esker, La Ferrassie 8ri dagozkion 47 fosil berri berreskuratu dira, honen eskeletoa gehiago osatzeko aukera emanez. Fosil berri horien artean, buru-hezurreko, masailezurreko, ornoetako, saihets-hezurretako eta hatz-hezurretako aztarnak aurkitu dira.

Aztarna horien artean, ezkerreko hezur tenporal bat zegoen, nahiko osotua, barrualdean belarriko hezurtxo bat zeukana: estribu oso bat. 3Dko berregintza birtualeko tekniken bitartez, hezurtxo hori "birtualki erauzi" eta aztertu ahal izan da.

Estribu hau Neandertalen erregistroan dagoen osoena da, eta gure espeziearen eta Neandertalen artean, giza-gorputzeko hezurrik txikienetan ere dauden diferentzia morfologikoak egiaztatzen ditu. Asier Gómez Olivenzaren hitzetan, "oraindik ez dugu ezagutzen diferentzia morfologiko hauek Neandertalen entzumenean zuten eragina. Hau etorkizuneko erronka berri bat izango da".

Aztarna berri hauen ikerketa Journal of Human Evolution aldizkari ospetsuan argitaratu da eta Parisen eta Bourdeaux-n dabiltzan CNRSko ikertzaileek hartu dute parte. Garrantzi handiko aurkikuntza hau 70eko hamarkadan jasotako aztarnen berrazterketaz egin izanak, ikertzailearen esanetan, "aspaldiko indusketak berrikustearen premia eta garrantziaren froga da; honetaz ziur gaude".

Giza-Paleontologian doktoratuta, Asier Gómez-Olivencia ikertzaile ibili da Camdridgeko Unibertsitatean eta Frantziako Historia Naturalaren Museo Nazionalean, 2014an UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean Ikerbasqueko Research Fellow gisa lan egiten hasi zen arte .


Erreferentzia:

http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0047248415000275

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa