Martxan dago jada ARTESHOP BILBAO ekimenaren bosgarren edizioa. Aurkezpen ekitaldia, ostiral honetan, hilak 13, burutu da Bilboko Udaleko Prentsa Aretoan, eta bertan izan dira Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkaria, Marta Ajuria, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Carmelo Garitaonadia, Arte Ederren Fakultateko dekanoa, Arantza Lauzirika, Bilbao Arte Fundazioko zuzendaria, Juan Zapater, eta Arte Ederren Fakultateko Unibertsitate Hedapeneko dekanordea, Natxo Rodriguez.
ARTESHOP BILBAO ekimenaren bosgarren edizioa aurkeztu da
Ekainaren 8tik 20ra, Bilboko 75 denda Arte Ederren Fakultateko ikasleek sortutako artelanen agertoki izango dira
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/03/13
ARTESHOP BILBAOren helburua hiriko merkataritza-jarduera bultzatzea da eta, hala, berez interesgarria den hiriko merkataritzari balio erantsia eskaintzen zaio. Gainera, Arte Ederren Fakultateko ikasleen esku-hartze artistikoak merkataritza-lokaletan jartzeari esker, lehenengoz ikus daiteke etorkizunean artistak izango direnen sormena, artearen munduan joera markatuko baitute.
ARTESHOP BILBAOK bosgarren edizioa betetzen du eta oraingoan Bilbao Ekintzak 75 denda hautatuko ditu, parte hartzeko interesa azaldu dutenen artean. Era berean, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko 75 ikasle aukeratuko dira. Bi aldeek Bilboko hiritarrei arte berriaren 75 lan, berariaz ekitaldirako sortuak, erakusteko interesa bateratuko dute. Erakusketa ekainaren 8tik 20ra bitartean garatuko da. Lan honetarako Bilbao Arte Fundazioko 10 artisten tutoretza izango dute eta horiek ere esku-hartze artistikoa egingo dute La Ribera Merkatuan edo Terminus Eraikinaren Turismo Bulegoan.
LEHIAKETA
ARTESHOP BILBAO 2015ean izena emateko epea martxoaren 20ra arte egongo da zabalik dendarientzat. Merkataritza-saltokiek ARTESHOP 2015ean parte hartzeko eskaerak Bilbao Ekintzaren Enpresa Sustapenaren Arloan (Merkataritza Saila) aurkez ditzakete, Nafarroa kaleko 5. zenbakiaren 3. solairuan dauden bulegoetan. Halaber, posta elektronikoz aurkez daitezke eta, horretarako, nahitaezko dokumentazioa hurrengo helbidera igorriko da: comercio@bilbaoekintza.bilbao.net Bestalde, ikasleek eskaerak UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Idazkaritzan aurkez ditzakete; artistek, ordea, Bilbao Arte Fundazioaren Idazkaritzan. Epea martxoaren 13an amaituko da.
Bilbao Ekintzak diru-laguntzak emango ditu esku-hartze artistikoaren ekoizpen-gastuen kontzeptupean. 200 euro izango dira lehiaketan parte hartzen duten Arte Ederren Fakultateko ikasleentzat eta 300 euro Bilbao Arte Fundazioko artistentzat. Gainera, proiektu-garapenaren kontzeptupean, hautatutako ikasle bakoitzari 200 euro eta Bilbao Arteko artista bakoitzari 300 euro emango zaizkio.
EPAIMAHAIA ETA SARIAK
Aurkeztutako 75 proiektuetatik hiru erakunde sustatzaileetako ordezkariek (Bilbao Ekintza, UPV/EHU eta Bilbao Arte Fundazioa) hamar onenak aukeratuko dituzte, izen handiko epaimahaiari lana errazteko asmoz. Izan ere, azkenekoak arduratuko dira hiru irabazleak hautatzez.
ARTESHOP BILBAOn parte hartuko duten dendetan aurkeztutako UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen esku-hartze artistiko onenetarako hiru sari zehaztu dira. Lehenengo sariari 1.200 euro, bigarrenari 900 euro eta hirugarrenari 600 euro emango zaizkie. Aldi berean, "Publikoaren sariak" 450 euroko sari ekonomikoa izango du; Bilboko hiritarrek bozkatuko dute, telefonoz.
ARTESHOP BILBAO 2015eko sariak ekainaren 17an emango dira Bilboko La Ribera Merkatuan.
INFORAZIO GEHIAGO:
http://www.arteshopbilbao.com/2015/
https://es-es.facebook.com/ARTESHOP.BILBAO
https://twitter.com/arteshopbilbao