Makina-Erreminta Gelaren VI. Promozioko diploma banaketa
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/03/11
Diploma banaketa ospatuko duen UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina-Erreminta Gelaren seigarren promozioak bere horretan berretsi du, euskal ekonomiako giltzarrizko sektore honetan kualifikazio handiko teknikarien prestakuntza ahalbidetu duen Unibertsitatearen eta enpresa munduaren arteko ekimen bateratu honen arrakasta. Eskolako 150 ikasle inguru dira dagoeneko, gero eta osagai teknologiko handiagoa duen makineria mota hau fabrikatu edo erabiltzen duten enpresetan lanean hasiak direnak.
Sektoreko enpresen eta Unibertsitatearen arteko aliantza honen norabide zuzenaren adierazgarritzat jo behar dugu ekitaldiak bi esparruetako agintariak bildu izana: alde batetik, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Taldea, Gradu Ikasketen eta eta Berrikuntzaren arloko errektoreorde Amaya Zarraga eta Enrique Amezua Eskolako zuzendaria tarteko direla, eta bestetik, Antxon López Usoz, makina erremintaren arloko fabrikatzaile nagusiak biltzen dituen AFM elkarteko presidentea. Bertan izango dira, halaber, Javier Alonso, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate zuzendaria, eta Leyre Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategiako zuzendaria.
Ikasleak, nazioarteko zentroetan lanean
Era berean, emandako prestakuntzaren kalitate handiaren frogatzat hartu behar ditugu, tituludunetako batzuek diplomak jasotzera etortzeko izan dituzten zailtasunak, nazioarteko zentroetara joanak baitira, lan egitera nahiz prestaskuntza osatzera. Batek, adibidez, Txina aldean lan egiten du; beste bik Cranfield-eko Unibertsitatean (Ingalaterra) ikasten dihardute, eta beste bat Master bat egiten ari da esparru honetako mundu osoko unibertsitaterik ospetsuenetakotzat jotzen den Suitzako ETH delakoan, La Caixa Fundazioak espediente akademiko bikainagatik emandako beka bati esker.
Hauxe da Fundazioaren beka lortu eta gradu ondoko ikasketak egiteko Zuricheko Eskola Politekniko Federalera joan den Makina-Erreminta Gelako bigarren ikaslea. XIX. mendearen erdialdean sortutako ikastetxe aitzindari horrek izan handia du mundu osoan, bere ikasgeletan hogei nobel saridun baino gehiagok ikasi baitute, horien artean Albert Einsteinek.
Makina-Erreminta Gelatik igarotako ikasle gehienak jarduera-esparru honetako euskal sektore indartsuko enpresek berenganatu ohi dituzte (Susensa, Ellyt, CMZ, Etxe Tar, Danobat, Sidepalsa, ONA, Gestamp, Maier, Batz, GNC láser, Wolco, LanBi, Novalti, Matrici, Fagor Arrasate…). Baina gogoan hartzeko modukoa da multinazionalek eta puntako europar enpresek ikasle hauek erakartzeko adierazten duten interes gero eta handiagoa. Hauen artekoak ditugu, besteak beste, Kessler, Wittenstein, Interconnect, ITP UK, Element Six edota Makino japoniarra.
Giltzarrizko sektorea euskal ekonomiarentzat
Makina-Erreminta giltzarrizko sektorea dugu euskal industriarentzat. Alde batetik, sektorearen % 80 baino gehiago biltzen du, % 80tik gorako nazioartekotze-tasa handi-handiaz eta garrantzi handiko osagai teknologikoaz. Gainera, sektoreak oro har enplegu zuzena ematen die 7.000 pertsona baino gehiagori, eta zeharkako beste 7.000 lanpostu sorrarazten ditu, 2014an 1.400 milioi euroko negozio-kopurua izan zuelarik. Era berean, Euskadin pisu handia duten Automobilgintza, Aeronautika, Doitasunezko Osagaiak eta beste hainbat industria-sektoreren giltzarrizko hornitzailea da. Sektore produktiboari, IK4-Tekniker eta Tecnalia zentro teknologikoek egiten duten aldi bereko lana gaineratu behar zaio, mila langile baino gehiago tarteko direla, horietatik % 70 inguru ikertzaileak izanik.
Eskolako Makina-Erreminta Gela Eusko Jaurlaritzak babesten du Industria eta Hezkuntza sailen bitartez, baita Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak ere, AFM Advanced Manufacturing Technologies deritzon makina erreminten, osagaien, tresnen eta osagarrien fabrikatzaileen elkartearekin eta sektoreko enpresa eta zentro teknologikoekin batera.
Makina-Erreminta Gela 2008an inauguratu zen, eta gaur egun, makina-erremintaren diseinu, kontrol eta erabilpenari buruzko prestakuntza-plan aurreratua eskaintzen du, 230 orduko trebakuntza-mintegia eta sektoreko enpresekiko lankidetzazko praktikak barne. Gelan, Makina-Erremintako Espezialistaren UPV/EHUko titulu propioa lantzen da. Irakaslegoa bertako irakasleek eta Fatronik-Tecnalia, Ideko-IK4, Tekniker-IK4, Fagor Arrasate eta Fagor 3D bezalako zentro eta enpresetako teknikariek osatzen dute. Gainera, hitzaldiak antolatu ohi dira Estatuko eta nazioarteko adituen parte-hartzeaz.