euskaraespañol

Bizkaibusek bi linea berri jarriko ditu Uribe Kosta eta Balmaseda Leioako campusarekin lotuko dituztenak

Zerbitzu berri hauek martxoaren 9an hasiko dira martxan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/02

Un Bizkaibus en el campus de Leioa

Bizkaibusek bi linea berri abiaraziko ditu Uribe Kosta eta Enkarterri eskualdeak Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusarekin zuzenean lotzeko. Martxoaren 9an, astelehena, hasiko dira martxan. Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Saila eta UPV/EHU Bizkaibus zerbitzua hobetzeko egiten ari diren prozesuaren barruan kokatzen da bi linea berri horiek martxan jartzea.

Bi linea horiek abiaraztearen helburua da campuseko ikasle, administrazioko langile eta irakasleei joan-etorriak erraztea; izan ere, modu horretan ez dute autobus batetik beste batera ibili behar izango, orain arte gertatu den moduan.

Uribe Kosta eta UPV/EHU A2166 lineak lotuko ditu; Plentzia, Gorliz, Urduliz, Sopela eta Berangoko bizilagunei emango die zerbitzua, eta bi autobus gehiago jartzea ekarriko du Bizkaibuseko Txorierri-Mungialdea emakidan. Egunean, 13 zerbitzu emango ditu. Hauek izango dira irteerak: Plentziatik: 07:00, 08:00, 09:00, 10:00, 13:00, eta 14:00etan; UPV/EHUtik: 12:10, 13:10, 14:10, 15:10, 17:10, 18:10 eta 19:10ean. Unibertsitatean, bere geltokia Ikasgelategien ondoan kokatuko da.

Bigarren linea berria A0654 da eta Enkarterri eta UPV/EHU lotuko ditu. Balmaseda, Zalla, Gueñes eta Alonsotegitik igaroko da campusera heltzeko, eta bi autobus gehiago jartzea ekarriko du Enkarterriko emakidan. Egunean, 8 zerbitzu emango ditu. Hauek izango dira irteerak: Balmasedatik: 06:30, 7:30, 11:30 eta 13:30ean; UPV/EHUtik: 13:10, 15:10, 18:10 eta 20:10ean. Unibertsitatean, bere geltokia Laboa Plazan kokatuko da.

Aldaketa

Bestalde, eta Leioako campuseko ikasleei zerbitzu hobea emateko asmoz baita ere, Herri Lan eta Garraio Sailak A2611 Ugao-Miraballes linearen irteera-ordua aldatuko du, 13:55etik 12:55era.

Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko errektoreordeak ziurtatu duenez, Bizkaibusen bi linea hauek ezartzeak "aurrera pauso berri eta handi bat suposatzen du Enkarterrin eta Uribe Kostan bizi direnak Campusera garraio publikoz heldu ahal izan daitezen, eta Leioako campusaren irisgarritasunaren hobekuntza prozesuari laguntzen dio".

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa