euskaraespañol

Eguneko irudia

Oihane Díaz de Cerio Arruabarrena eta Denis Benito Fernández

Muskuiluek ere ekoizten dituzte perlak: hona hemen errudun ñimiñoa

Zelulen Biologiako irakaslea eta Histopatologiako eta Toxikologiako ikertzailea, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/05/14

(Beste leiho bat zabalduko du)
Parasitoa Mytilus edulis muskuilu artiko batean. | Argazkia: Cambridge University Press.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Apaingarri deigarrietan pentsatzen hasita, nork ez du oroitzen Audrey Hepburn ‘Gosaria diamanteekin’ pelikulan? Beltzez jantzita, aktoreak lau bueltako (120 perla) perlazko lepokoa zeraman, diamantezko krisket batez lotuta. Europan feniziarren garaian zabaldu ziren perlak elementu apaingarri gisa, baina historiaurretik perlak gizakiaren artean egon direla kalkulatzen da. Gaur egun, maila soziala eta aberastasuna adierazten duten elementu soziokulturalak izaten jarraitzen dute harribitxi horiek.

Itsasoko organismoek kulturalki izan duten garrantzia erakusten du perlen erabilera hedatuak. Are gehiago: perlen ekoizpena har liteke, beste kasu batzuen artean, ‘bioprospekzioa’ terminoaren jatorritzat. Hiztegiak oraindik ez du barne hartzen, baina natura eta aukera komertzialak dituzten naturako substantziak arakatzeari egiten dio erreferentzia. Gaur egun, elikadura industriara, kosmetikara eta farmaziara bideratuta dago bioprospekzioa.

Jakina da ostrek perlak ekoizten dituztela. Pentsa, horri buruzko emoji bat era bada.

Zati bigunetan kokatutako gorputz arrotzen aurrean animaliak duen erreakzio immunitario baten emaitza da harribitxia. ‘Gorputz arrotz eta narritagarri’ hori parasito bat edo partikula mineral bat izan daiteke, eta kapsulatu egiten da kalte handiagoak saihesteko. Horretarako, aragonitoa (kaltzio karbonatoa) eta konkiolina (proteina) geruzak jalkitzen dira, eta nakarra sortzen da gorputz arrotzaren inguruan. Hori dela eta, bibalbioen maskorraren antzera sortzen dira harribitxiak.

Muskuilu perladunak

Hain ezaguna ez den arren, bibalbio mundutarragoek ere erabiltzen dute defentsa sistema hori, hala nola muskuiluek.

Latitude artikoetan orain dela gutxi egindako azterketa ekotoxikologiko batzuetan, ‘Mytilus edulis’ muskuiluek, ingurumenaren osasunaren bioadierazle gisa erabiltzen direnek, identifikatu gabeko parasitoak eta erreakzio immunitario handia zituztela ikusi zuten. Muskuiluetan oso gutxitan agertzen dira perlak. Kasu horretan, ordea, muskuiluen % 62,5ek zituzten eta, batzuetan, perla kopuru handia. Aurkikuntza horren ildotik, ikerketa bat egin zuten, eta 2023an lan zientifiko bat argitaratu zuten.

Muskuiluaren erasotzailea parasito trematodo gisa deskribatzeko balio izan zuten irudi histologikoek. Animalia espezie asko parasitatzen dituzten har platihelminte mota batzuk dira horiek (teniaren gisako zestodoen familiakoak). Batzuek gizakiak ere kutsatzen dituzte. Bizi ziklo digenetikoa dute horiek, beste gauza batzuen artean. Bizi zikloa osatzeko hiru espezie ostalaritatik pasatzen direla esan nahi du horrek: itsasoko ornogabeak (barraskiloak, muskuiluak), hasierako eta tarteko ostalari gisa; eta ornodunak (arrainak, hegaztiak, zetazeoak), amaierako ostalari gisa. Azken horietan ugaltzen dira sexualki.

Parasitoaren ehizan

Parasitoa zehaztasun handiagoz identifikatzeko, 2017an artikoan hartutako muskuiluen laginak disekzionatu zituzten. Horiek Bizkaiko Golkoko Ingurumen Bioespezimenen Bankuan gordeta zeuden. Hala, parasito espeziea identifikatzea lortu zen, lupa azpian eta genetikoki, dagoeneko ezaguna den PCR teknikaren bidez. 1900. urtean deskribatutako ‘Gymnophalus bursicola’ parasitoa da. Hain zuzen ere, hari buruz eskuragarri dagoen literatura zahar eta urrian ‘perlen trematodo’ gisa ezagutzen da.

Baina, inork baieztatu zuen? Parasito hori harribitxian itxita al dago?

Bai. Orain arte espekulazio hutsak ziren, muskuilu berdinean perlak eta parasitoak topatu izanaren ondorioz eginak. Baina, aztertutako muskuiluetatik ateratako perlak xehatu ondoren, harribitxien barruan kapsulatutako organismoen DNA sekuentziatu zuten. Lehenengo aldiz, parasitoaren eta perlaren arteko erlazioa frogatu zen. Metodologia horrek, aldi berean, perlak artxibo biologiko gisa erabiltzea ahalbidetzen du, bibalbioen osasunerako arriskutsuak diren erreakzio immunitarioak eragiten dituzten parasitoak detektatzeko.

Muskuiluen perlek ez dute baliorik, txikiak eta irregularrak direlako, baina azterlanaren ondorioek ondorio ekonomikoak izan ditzake muskuiluaren akuikulturan. Batez ere, ‘Somateria mollissima’ hegaztia bizi den eremuetan. Izan ere, perlen trematodoaren amaierako ostalari gisa jokatzen du ahate horrek.

Europaren iparraldean oso ohikoa den hegazti horrek baldintzatu egingo luke trematodoaren presentzia eta muskuiluaren erantzun immunologikoa. Aldi berean, arriskuan jarriko luke muskuiluaren kalitatea, perlak agertzearen ondorioz. Izan ere, perla horiek ez dute balio ekonomikorik, eta kontsumitzaile zuhurtziagabe baten hortzak kaltetzeko baino ez dute balio.

The Conversation