euskaraespañol

Metal astun bidezko kutsadura atmosferikoaren adierazle izateko balio duten goroldioak

UPV/EHUk zehaztu du metalen kutsadura atmosferikoaren biomonitore pasibo gisa erabil daitezkeela Grimmia generoko goroldioak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/07

Maite Maguregui
Maite Maguregui. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

IBeA ikerketa-taldeak Kolonbiako Kostako Unibertsitateko GESSA ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako ikerketa batean proposatu dute Grimmia generoaren hazkunde naturala erabiltzea metal astunen bidezko kutsaduraren biomonitorizazio pasibo gisa, bai eta metaletan aberats den aireko materia partikulatua emititzen duten iturri antropogenikoak identifikatzeko ere. Halaber, metal astun bidezko kutsadura atmosferikoa ebaluatu dute Bizkaiko sei tokitan.

Zergatik hazten dira gehiago espezie kolonizatzaile batzuk, hala nola goroldioak edo likenak, toki batean edo beste batean? UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeko ikertzailea den Maite Magureguiren ustez, “begi hutsez bakarrik, tokiren batean espezie jakin batzuk daudela ikusteak adieraz dezake toki horretako atmosferako kutsadura handiagoa edo txikiagoa den, han aurkitzen den espeziearen arabera. Kutsadurarekiko erresistentzia handiagoa edo txikiagoa duten espezie batzuen hazkundeak nolabaiteko informazioa emango liguke atmosferaren kalitateari buruz, material partikulatuko metalen kasuan, bederen”.

Toki jakin batean zenbait kutsatzailek eragiten duten inpaktua zaintzeko eta ebaluatzeko organismo biziak erabiltzen dituen metodologia da biomonitorizazioa. Organismo horiek kutsadura zaintzeko gaitasuna dute, eta biomonitore pasibo ere esaten zaie, kutsadura-iturri posibleak identifikatzeko gai baitira bestelako tresnen beharrik gabe.

Bizkaiko sei lekutako laginekin egindako azterketa batean (Muskiz, Getxo, Lutxana, Zamudio, Basauri eta Zornotza), metodologia multianalitiko bat aplikatu zuten egiaztatzeko naturalki hazten diren Grimmia generoko goroldioak erabilgarriak direla metal astun bidezko kutsadura atmosferikoaren biomonitore pasibo gisa. Goroldioak morfologiaren eta taxonomiaren arabera identifikatu ondoren, zehaztu zen zenbaterainoko gaitasuna zuten material partikulatua metatzeko; metatutako partikula metaliko nagusiak identifikatu ziren, eta, azkenik, zehaztasun handiagoz definitu ziren lagindutako goroldio bakoitzean metatutako metalen mailak.

Partikulen metatze-azterketa

Magureguik adierazi du ez dela gertakizun puntual batekin lotutako kutsaduraz ari, baizik eta “goroldioak metatze-prozesu bat erakutsiko liguke. Goroldioa ez da berria, litekeena da duela zenbait urte garatu izana, eta metalak metatuz joan da; horrek erakutsiko liguke gertakari bat baino gehiago izan direla urteetan”. Lortutako emaitzek agerian utzi zuten goroldioek harrapatutako eta metatutako material partikulatuan detektatu zituzten metal astunek lotura zuzena zutela jarduera antropogenikoekin (ibilgailuen zirkulazioa, trenbide eta itsasoko zirkulazioaren emisioak, burdingintzaren emisioak, petrolio-findegien emisioak, zentral elektrikoen emisioak, mundruna destilatzeko industriak, etab.). Nolanahi ere, Magureguik azpimarratu duenez, “inolaz ere ez ditugu aurkitu osasunarentzat kezkagarriak diren kontzentrazioak”.

Nabarmentzekoa da Punta Begoñan (Getxon) berun-kontzentrazio altua aurkitu dutela, gainerako laginketa-puntuetan baino hamar aldiz handiagoa izan baita. Kasu horretan, beste euskarri gehigarri batzuetan (eraikuntza-materialetan hazten den zarakar beltzetan metatutako partikuletan) lortutako beste ebidentzia esperimental batzuk kontuan hartuta, berretsi ahal izan zuten ingurune hark berun-emisio bidezko kutsadura handia izan zuela iraganean.

Bestalde, “metal astun gehienek (titanioa, kobrea, zinka, burdina eta manganesoa) askoz kontzentrazio altuagoak izan zituztenez Lutxanan gainerako laginketa-puntuetan baino, ebatzi ahal izan genuen Lutxana dela goroldioetan harrapatutako material partikulatu atmosferikoan metal-kontzentrazio handienak dituen laginketa-puntua. Aldiz, kutsadurarik txikiena Zamudioko laginak izan zuen”, esan du, amaitzeko.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Euler Gallego Cartagenak egindako doktore-tesian sartuta dago, zeina UPV/EHUren eta Kolonbiako Kostako Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez egin baita.

Erreferentzia bibliografikoa