Manuel Laborde Werlinden Sarien XIX. edizioan, Multiverse Computing eta Polykey aukeratu dituzte aurkeztutako zortzi hautagairen artean. Gipuzkoako lurraldeko ekonomia garatzeko hazkuntza adimendunaren estrategiarekin lotutako sektoreetakoak izan dira proiektuak, besteak beste arlo hauetakoak: ekonomia zirkularra, kimika berdea, 4.0 industria, hirigintza soziala eta EIKT teknologiak.
Multiverse Computing-ek jaso du enpresa proiektu onenaren XIX. Manuel Laborde saria
Polykey proiektuarentzat izan da bigarren saria
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2019/11/28
Multiverse Computing-ek jaso du Manuel Laborde Werlinden lehen saria. Enpresaren helburu nagusia da deep-tech arloko munduko konpainia nagusi bihurtzea, eta proposamenaren ardatza da teknologia kuantikoak aplikatzea finantza arloan eta, aurrerago, beste berrikuntza merkatu batzuetan.
Román Orús, Enrique Lizaso, Samuel Muller eta Alfonso Rubiok sustatutako enpresa honek 7.000 euroko dirulaguntza jaso du proiektua gauzatzeko, baita BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza ere. Epaimahaiaren iritziz, "esperientzia bikaina da ezagutza zientifikoa merkatura transferitzeko".
Bigarren saria Polykey enpresarentzat izan da. ‘Ekonomia zirkularreko’ enpresa proiektu bat aurkeztu dute, UPV/EHUko ikerketa talde baten know-how espezifiko batetik abiatutakoa. Proiektu honek oinarri teknologiko sendoa du, eta prozesu kimiko berritzaileak egiten ditu hondakin plastikoetatik balio erantsia duten proiektuak lortzeko.
David Mecerreyes, Haritz Sardón eta Andere Basterrechea dira proiektuaren egileak, eta bigarren saria irabazteagatik 3.000 euro eta BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza jaso dute proiektua gauzatzeko.
Proiektu irabazleak aukeratu dituen epaimahaiak beharrezkotzat jo du aipamen berezi bat egitea Mepro enpresari, “ikerketa taldeak enpresa sustapen talde batean izan duen bilakaeragatik; izan ere, bi urteko epean egitasmoaren balio proposamena definitu du eta finantzaketa publiko zein pribatua lortu du egitasmoa bideratu ahal izateko”. Enpresak espermaren hautaketarako metodo molekular bat garatu du, eta horrek areagotu egiten ditu laguntza bidezko ugalketan ari diren bikoteek haurdun gelditzea lortzeko aukerak.
Era berean, epaimahaiaren iritziz, proiektuen kalitateak egiaztatu egiten du “UPV/EHUk garrantzi handia duela Gipuzkoako eta Euskal Herriko ekosisteman funtsezko eragile gisa balio erantsi handia duten enpresa proiektu berritzaileak garatzeko".
Manuel Laborde Werlinden Sariak UPV/EHUko Gipuzkoako Campusak eta Bic Gipuzkoa Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak lantzen eta kudeatzen duten Entreprenari programaren barruan antolatzen dira, ekintzaileak sustatzeko, aholkatzeko eta babesteko, eta UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean enpresa berritzaileak sortzeko.
Sariketan parte har dezakete: UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek; UPV/EHUrekin lankidetzan egindako ikerketa baten emaitzak ustiatzea eta enpresa berri bat sortzea erabakitzen duten enpresek; eta UPV/EHUko tituludunek, graduondoa dutenek edo azken ikasturteko ikasleek.
Guztira zortzi proiektu aurkeztu ziren ideia berritzaile batean oinarritutako enpresa proiektu onenaren saria jasotzeko. Aurten, sari banaketaren ekitaldia UPV/EHUko Ekintzailetzaren I. Kongresuan egin da, eta bertan Euskal Herriko ekintzailetza ekosistemako eragile eta protagonista ugari bildu dira, hain zuzen ere unibertsitateek ekintzailetza prozesuetan duten garrantzia aztertzeko eta azpimarratzeko. Sari banaketa ekitaldian parte hartu dute Agustin Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Imanol Lasa, Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuak eta, Marisa Arriola, Bic Gipuzkoako zuzendari-gerenteak.