euskaraespañol

Eguneko irudia

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Motostudent taldeak bere lehenengo motor elektrikoa aurkeztuko du

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/09

Argazkia: Beatriz Estalayo. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako eGIPUZKOA GIE-UPV/EHU taldeak bere lehenengo motor elektrikoa aurkeztuko du urriaren 11tik 15era Alcañizen (Teruel)  egingo den Motostudent lehiaketan parte hartzeko.

Ekitaldian mundu osoko 100 unibertsitatek baino gehiagok parte hartuko dute bi kategoriatan: Petrol eta Electric. UPV/EHUko taldeak orain arte Petrol (errekuntza motorrak) kategorian parte hartu du, baina edizio honetan, mugikortasun elektrikoaren alde egitea erabaki zuen, lurraldean arlo horretan dagoen apeuagatik, ikasleak esparru horretan trebatzeko beharra dagoela ikusi baita. Guztira, 20 ikaslek, laborategiko hiru teknikarik eta Eskolako sei irakaslek baino gehiagok parte hartu dute proiektuan.

Lehiaketa bi urtean behin egiten da, eta taldeak urte eta erditik gora darama edizio hau prestatzen. Denbora horretan, motorraren alderdi teknikoekin lotutako entregak egiten joan dira, hala nola berrikuntza alderdiak, eta urriaren 11tik 15era, asteazkenetik igandera, motorraren alderdi teknikoen eta segurtasun alderdien banakako probak gainditu beharko dituzte lehenengo egunetan, eta, igandean, lasterketa egin.

Taldearen arduradun nagusiak, Guillermo García irakasleak, hau adierazi du: “Motostudent lehiaketa aukera bikaina da ikasleek ingeniaritzako benetako egoera eta arazoei aurre egin diezaieten; izan ere, parte hartzaileek beren kabuz diseinatu eta ekoitzi behar dute motozikleta elektriko baten prototipoa, eta industria proiektu bat aurkeztu behar dute, diseinatutako motozikleta etorkizunean eraikitzeko alderdi guztiak kontuan hartuko dituena, eta, halaber, aplikatutako berrikuntza nagusia deskribatu”. Gainera, Garcíaren ustez, “horren guztiaren helburua da ikasleak praktikan jartzea ikasketetan eskuratutako gaitasunak, bai maila pertsonalean, bai taldeko lanean, eta, era berean, sormena eta gaitasun berritzailea sustatzea”. Amaitzeko, esan du “ikasleen parte hartzea bultzatu” nahi dela, “lehiaketako motorretara hurbilduz, haientzat oso mundu erakargarria baita”.

Aurre egin beharreko beste zailtasunetako bat ekonomikoa da; izan ere, mota horretako ibilgailu bat diseinatzeak, fabrikatzeak, muntatzeak eta programatzeak eragin dezakeen kostua 70.000 euro baino gehiagokoa da.

MUBIL Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren eta EEEren (Energiaren Euskal Erakundea) babesaz eta Etorkizuna Eraikiz ekimenetik sortutako mugikortasun adimendun eta jasangarriko poloa da; babesle nagusia da (GOLD), Eskolarekin batera. MUBILen batzen dira Euskadin mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren arloan ekimenak sustatzen dituzten eragile publiko eta pribatuen ahaleginak. MUBIL Hub-a osatzen duten eragile guztiek (enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak…) mugikortasun jasangarriaren sektorean lurraldea sustatzeko prest dauden pertsona berritzaileak beharko dituzte. Zuzendari tekniko César Gutiérrezen hitzetan “puntako azpiegitura eskaintzeaz gain, ezagutzaren kudeaketa, lankidetza eta ekintzailetza lantzen ditugu; horregatik, hain zuzen ere, mugikortasunaren industriarako talentua sortzea areagotzen duen MotoStudent Electric ekimena interesgarria da MUBILentzat. Horri esker, prestakuntzan parte hartu eta ibilbide akademikoan eta profesionalean lagunduko dieten trebetasunak, balioak eta  gaitasunak areagotuko dituzte.”

Bestalde, proiektuan bigarren mailako babesleak (SILVER) daude, hala nola Ederfil Becker, SPRI eta BIC Gipuzkoa, bai eta BASIC babesleak ere: Danobatgroup, Erreka, Irizar, Oria Sportswear, Cidetec eta ULMA.