euskaraespañol

Eguneko irudia

Beldurra desagerrarazten laguntzen duen molekula bat identifikatu dute

Antsietatea tratatzeko terapiak garatzeko potentziala duen molekula bat aurkitu du UPV/EHUk parte hartu duen ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/22

Garikoitz Azkona Psikologia Fakultateko irakaslea eta eta Psikobiologia ikerketa-taldeko kidea | Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUko ikertzaile Garikoitz Azkona partaide izan duen ikerketa-talde batek beldurrarekin lotutako oroitzapenak aldatzeaz arduratzen den bitartekari berri bat identifikatu du. Aurkikuntza horrek antsietatearekin loturiko nahasmenduak tratatzeko terapia eraginkorragoak sortzen lagundu dezake. Ikerketa Molecular Psychiatry aldizkari entzutetsuan argitaratu dute.

Beldurrarekin lotutako nahasmenduen barnean kokatzen dira gehien diagnostikatu ohi diren gaitz psikiatrikoetako batzuk, hala nola beldurraren nahasmendua, zenbait fobia eta trauma osteko estresaren nahasmendua. Nahasmendu horiek asko asaldatzen dute pertsonen bizitza profesional eta soziala, eta kostu handiak eragiten dituzte gizartean. 

Coimbrako Unibertsitatea (UC) buru duen ikerketa-talde batek, zeinetan parte hartu baitu Garikoitz Azkona Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularrak, beldurrarekin lotutako oroitzapenak aldatzeaz arduratzen den bitartekari berri bat identifikatu du. Zientzialarien ustez, aurkikuntza horrek antsietatearekin loturiko nahasmenduak tratatzeko terapia eraginkorragoak sortzen lagundu dezake. Patologia horien ezaugarria da beldur gehiegizkoa edo desegokia izatea, baita hura desagerrarazteko defizit bat ere. Gainera, mundu osoan prebalentzia gehien duten osasun-arazoetako bat dira, eta pandemiak larriagotu egin ditu.  

Ikerketan, beldurra desagerrarazteko jokabide-eredu bat erabiliz, zientzialariak gai izan dira honako hau identifikatzeko: “Amigdalako (beldurrarekiko erantzuna kontrolatzen duen garunaren eskualdea) TrkC proteinaren aktibazioa areagotu egiten da beldurra desagerrarazteko oroitzapenak sortzeko fasean, eta horrek plastikotasun sinaptikoa areagotzea dakar (neuronek, jasotzen dituzten estimuluen arabera, elkarren artean komunikatzen diren modua aldatzeko duten gaitasuna)”, azaldu du UCko Neurozientzia eta Biologia Zelularreko Zentroko (CNC-UC) eta Biomedikuntza eta Bioteknologiako Berrikuntza Zentroko (CIBB) ikertzaile Monica Santosek. 

Gaur egun, antsietate-nahasmenduetarako aukera terapeutikoetako bat esposizio-terapia da, zeina beldurra desagerrarazteko mekanismoan oinarritzen baita. Hala ere, "esposizio-terapiak eta farmakoak (esaterako, antsiolitikoak eta antidepresiboak) ez dira % 100 eraginkorrak osasun-arazo horiek tratatzeko, eta, horregatik, ikerketa honek aukera terapeutiko berriak ireki ditu nahasmendu-kategoria horretarako", erantsi du Mónica Santosek. 

“Azterlan honek TrkC bidea baliozkotzen du beldurrarekin lotutako nahasmenduak dituzten pertsonentzako itu terapeutiko potentzial gisa, eta agerian uzten du esposizio-terapiak plastikotasun sinaptikoa sustatzen duten botikekin konbinatzea antsietate-nahasmenduak tratatzeko modu eraginkorragoa eta iraunkorragoa izan daitekeela”, adierazi du ikerketaren arduradunak. 

Hurrengo urratsei dagokienez, ikerketa-taldearen asmoa da "TrkC molekula espezifikoki aktibatzeko gaitasuna duten konposatuak identifikatzea, eta haiek esposizio-terapiaren lagungarri diren botika gisa erabiltzea antsietate-nahasmenduak dituzten pazienteak tratatzeko", gaineratu du Santosek. 

Informazio osagarria 

Bial Fundazioak finantzatu du ikerketa, 85/18 bekarekin - Role of NT3/TrkC in the regulation of fear (NT3/TrkC-ren rola beldurra erregulatzeari dagokionez), eta CNC-UCko beste ikertzaile batzuek ere parte hartu dute bertan, baita UCko Medikuntza Fakultateko eta UCko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Bizitza Zientzien Saileko ikertzaileek ere. Garikoitz Azkona Mendoza UPV/EHUko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena saileko irakasle titular eta Psikobiologia ikerketa-taldeko kideak ere parte hartu du.  

Erreferentzia bibliografikoa