euskaraespañol

Nanopartikula kimioluminiszenteak, hanturazko gaixotasun larriak detektatzeko

Miriam Peñak Kimika Fakultatean defendatutako Gradu Amaierako Lana nanomaterial berriak garatzeko lehen urratsa da, detekzio azkarragoa, jarraipen fidagarriagoa eta hantura prozesu larrietan zerikusia duten neutrofiloen kuantifikazio zehatzagoa lortzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/28

Miriam Peña Materialen Fisika Zentroko laborategi batean | Argazkia: UPV/EHU

Miriam Peña Figueroak –Kimika Fakultatean ikasketak amaitu dituen ikasleak– bere Gradu Amaierako Lana defendatu zuen; hanturazko gaixotasun larriak detektatzeko erabil daitezkeen nanopartikula kimioluminiszenteen garapenarekin lotuta zegoen lana. Azaldu duenez,«lan horren helburu nagusia hantura prozesu larrietan tradizionalki baliatzen ziren tekniken mugak gainditzea da; izan ere, teknika horiek ez zuten informazio askorik ematen prozesu horietan parte hartzen zuten neutrofiloei buruz. Gainera, teknika horietako asko gibelean metatzen ziren metalezko nanopartikuletan funtsatuta zeuden eta, horregatik, gaur egun erabat mugatuta dago horien erabilera».

Miriam Peña Figueroak bere azterlanean frogatu duenez, posible da neutrofilo detektagailuak kapsularatzea proteinen antzeko tamaina duten partikula bigun eta biobateragarrien mota berezi batean. «Substantzia arrotz edo agente infekziosoen aurka defendatzeko odolean ditugun globulu zuri guztietatik, neutrofiloek dute eginkizun garrantzitsuena hantura prozesu larriei erantzuteko, baina gaixotasun askoren –hala nola artritisaren, gaixotasun kardiobaskularren eta alzheimerraren– hasierarekin ere lotuta daude, baita nahasmendu metabolikoekin ere, hala nola obesitatearekin eta diabetesarekin. Horiekin guztiekin ez ezik, hantura prozesu kronikoen hasierarekin ere lotuta daude; halakoen adibide dira biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK) –biriketako aire fluxua buxatzea eragiten duena–, hesteetako hanturazko gaixotasunak –hala nola Crohnen gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna–, bai eta ateroesklerosia ere».

Gaixotasun horien ezagutzan, diagnostikoan eta tratamenduan sakontzeko, ezinbestekoak dira detekzio azkarra, jarraipen fidagarria eta lotutako hantura prozesu larrietan inplikatutako neutrofiloen kuantifikazio zehatza. «Gaur egun, hantura zelulen aktibazioa ikusteko eta neutrofiloen erreklutamendua aztertzeko aukera ematen duen irudi luminiszente bat sortzeko, zunda molekular kimioluminiszente txikiak usatzen dira, hala nola luminola eta horren analogoak». Miriam Peña Figueroaren Gradu Amaierako Lanak frogatu duenez, «posible da mota horretako zundak (luminola, isoluminola, etab.) nanopartikula bigun eta biobateragarrietan immobilizatzea, sentsore kimioluminiszente gisa joka dezaten hantura prozesu larrien eredu sinplifikatuetan. Hori da nanomaterial kimioluminiszente berriak garatzeko lehen urratsa, detekzio azkarragoa, jarraipen fidagarriagoa eta hantura prozesu larrietan inplikatutako neutrofiloen kuantifikazio zehatzagoa lortzeko», adierazi du azkenik.

Egileari buruz

Miriam Peña Figueroak Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean defendatu zuen bere Gradu Amaierako Lana, «Development of chemiluminescent nanoparticles with potential applications to detect inflammatory disease» tituluarekin eta José A. Pomposo Ikerbasque irakasle ikertzaileak eta Ester Verde-Sesto Ikerbasque fellow ikertzaileak zuzenduta (biak Materialen Fisika Zentroan –CSIC-UPV/EHU zentro mistoan– aritzen dira). Gaur egun, Kimika eta Polimeroak Masterra egiten ari da fakultate horretan, eta bertan jarraitzen du Gradu Amaierako Lanean hasitako ikasketak.