Miren Azkarate, Euskara Institutuko zuzendari berria
Berriki erretiroa hartu duen Pello Salaburu ordezkatuko du Euskal Filologiako katedradunak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2019/09/27
UPV/EHUko Euskal Filologiako katedradun Miren Azkarate Villar izango da Euskara Institutuko zuzendari berria. Oraintsu erretiroa hartu duen Pello Salaburu, 2003tik institutuko zuzendari izan dena, ordezkatuko du irakasle donostiarrak.
Euskara Institutuak euskal hizkuntza aztertzea du xede, besteak beste, gramatika, lexikoa, gizartearen esparruan egiten den erabilera eta terminologia zientifikoa. Euskara Institutuak sarean eskaintzen ditu XXI. mendeko euskarari dagozkion datu base moderno eta handienak (gramatikak, corpusak, hiztegiak…). Ekimenen artean aipa daitezke Sareko Euskal Gramatika, lehenengo gramatika modernoa eta entziklopedia ere badena, interneten bidez kontsulta daitekeena, eta etengabe gaurkotzen dena; corpusak, hau da, euskararen erabileraren egiazko adibideak, gaur egun argitaratutako liburu eta prentsatik bildutakoak, eta Egungo Euskararen Hiztegia. Bilbon, Bizkaia Aretoan du egoitza Euskara Institutuak.
“Poza, ohorea eta erronka, sentimendu horiek guztiak batera ditut barruan izendapena jaso ostean. Poza eta ohorea, nola ez, Pello Salaburu ordezkatzeko nigan pentsatu izanagatik. Baina baita erronka ere, eta ez nolanahikoa. Hamabost urte luzeko ibilbidean baliabide aberats eta askotarikoak garatu ditu Euskara Institutuak. Horietako batzuk osatu beharko dira; beste batzuk amaitutzat eman daitezke. Eta, batez ere, nahitaezkoa da gogoeta egitea Institutuko kideekin, Zuzendaritzako kideekin batera, ingurune digitalak eskaintzen dituen aukerak hain azkar aldatzen ari diren garaiotan, zein proiektu motari heldu behar diogun hurrengo urteetan. Gogotsu ekingo diogu guztiok gogoetari, etorkizunean ere gaur duen bikaintasunari euts diezaion Euskara Institutuak”, adierazi du zuzendari berriak.
Miren Azkarate
Miren Azkarate Villar (Donostia, 1955) 1977an Filologia Erromanikoan lizentziatu zen. 1988an Koldo Mitxelenak eta Ibon Sarasolak zuzenduta, doktorego tesia irakurri zuen euskarazko hitz elkartuez UPV/EHUn. Ordudanik UPV/EHUko Euskal Filologiako irakasle da.
Unibertsitatearen administrazioan hainbat kargu bete ditu: dekanorde (1992-1995), Euskara batzordekide (1993-1997), Euskaltzaindiarekiko batzordekide (1989-2000), Euskara errektoreorde (1996-1997), uda ikastaroetako kontseilukide (1996-1997) eta Irakasleen errektoreorde (1997-1999).
Euskal morfologian eta lexikologian aditua da, eta lan eta ikerketa asko argitaratu ditu gai horien inguruan. Euskaltzain osoaren kategoria erdietsi zuen lehen emakumea izan zen, 1992an. Euskaltzaindian Jagon sailburu (1995-2000) gisa izandako ardurez gain, bereziki gramatikan (EGLU bilduma, 1985-2011) eta 1986tik hiztegigintzan (LEF, Hiztegi Batua) garatu du bere lana.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzan ere karguak izan ditu: Kultura sailburu (2001-2009) eta bozeramailea (2004-2009) izan da. 2011tik 2018ra Donostiako Udaleko zinegotzi izan da.