euskaraespañol

Miren Azkarate miretsiz

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/15

Irudia
Omenaldian bildutako lagun guztien argazkia. Eserita, ezkerretik laugarrena, Miren Azkarate | Argazkia: Fernando Gómez

Maiatzaren 4an, Bizkaia aretoko de Rijk liburutegian omenaldi-ekitaldi bat eskaini zioten lankide eta adiskide batzuek Miren Azkarate Villar irakasle erretiratu berriari. Euskararen inguruko ikerketen munduan erreferente handia, Euskal Filologiako katedradun, Deustuko unibertsitatean irakasle lehenbizi eta UPV/EHUn gero, UPV/EHUn Euskararen eta Irakasleen arloetako errektoreorde, UPV/EHUko Euskara Institutuaren zuzendari, euskaltzain oso, Eusko Jaurlaritzan Kultura sailburu…

Ekitaldia lagunartekoa izan zen, eta giro ezin atseginagoan joan zen. Senitartekoez gainera, hurbileko adiskideez eta lankideez inguratuta egon zen Miren. Hona inguratutakoak: UPV/EHUko Euskara Institututik, Mikel Iruskieta, Josu Landa, Alberto López Basaguren eta Itziar San Martin; Euskal hizkuntza eta komunikazioa sailetik, Beñat Doxandabaratz, Agurtzane Elordui, Julio García eta Igone Zabala; Hizkuntzalaritza eta euskal ikasketak sailetik, Xabier Artiagoitia, Iñaki Camino, Asier Gonzalez, Joseba Lakarra, David Lindemann, Lourdes Oñederra eta Koldo Zuazo; Euskaltzaindiaren Gramatika batzordetik, Iñaki Amundarain, Beatriz Fernandez, Jesus Mari Makazaga eta Pello Salaburu.

Ekitaldian, esker oneko liburu bat eman zion opari David Lindemann  editoreak omenduari: Miren Azkarateri esker onez izeneko artikulu-bilduma. Mirenen bibliografiaz gainera, 42 egileren 18 lan biltzen ditu liburuak, filologiaren eta hizkuntzalaritzaren askotariko arloak ukitzen dituzten lanak: morfologia, fonologia, soziolinguistika, dialektologia, estandarizazioa, euskararen irakaskuntza, hiztegigintza, hizkuntzalaritza konputazionala, literatura-kritika, euskararen historia…

Juan Garziak Mirenentzat prestatutako bertso batzuk ere kantatu zituzten, eta musika-emanaldi labur bat egin zuen EHUorkestra sinfonikoko hari-laukote batek.

Nahi izan zuten adiskideek aukera izan zuten Mireni eskainitako esker hitzak eta pasadizoak kontatzeko.