euskaraespañol

Mirari Ayerbe, Farmazia Fakultateko dekano berria

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/10

Farmazia Fakultateko dekanotza talde berria
Farmazia Fakultateko dekanotza talde berria. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Mirari Ayerbe Diaz irakaslea Farmazia Fakultateko dekano berria izendatu dute. Kimika Zientzietan lizentziatua, Kimika Organikoan doktorea da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean. Irakasle izateaz gain, beste kargu administratibo batzuk ere izan ditu Farmazia Fakultatean eta Arabako Campusean. Ingurumen Zientzietako Graduko Batzordeko idazkaria izan zen diseinu eta ezarpen fasetik 2017ko urtarrilera arte.

Dekanotza taldean lankide izango ditu Nerea Osinalde Moraleja, idazkari akademiko gisa; Joseba Bikandi Bikandi, Akademia Antolaketa eta Irakaskuntza Plangintzarako dekanorde gisa; Fernando Sarrionandia-Ibarra Eguidazu, Kalitate eta Berrikuntzako dekanorde gisa; Laura Saenz del Burgo Martinez, Kanpoko Praktiken dekanorde gisa; Estibaliz Sarrionandia Areitio, Ikasleen eta Gradu Amaierako Lanetarako dekanorde gisa eta Noelia Aldai Elkoro-Iribe Mugikortasun eta Nazioarteko Programetarako dekanorde gisa.

Irakaskuntzaren ikuspegitik, helburu jarri du Farmazia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika Gradu bikoitzaren ezarpen osoa burutzeko erronka. Nabarmendu du, gainera, fakultateak talde aktibo eta berritzaileak dituela, eta horiek ekarpen handia egiten dutela Goi Mailako Hezkuntzan. "Gure ikasleen ikaskuntza esperientziak prestakuntzan eta bizitzan esanguratsuak izan daitezen saiatuko gara, UPV/EHUren IKD i3 estrategia hedatuz".

Bestalde, ez du begi bistatik galtzen Fakultateak lortu eta gizarte mailan areagotu duen aintzatespena, murgilduta gauden egoera dela eta. "Aditu asko ditugu COVID-19ri eta horren ondorioei buruz asko dakitenak. Gizarteari erakutsi nahi diogu beste arrazoi asko daudela fakultatearen izena eta ospea handiagoa izan dadin. Lan egingo dugu, ikerketa esparru askotan puntakoak diren fakultateko taldeek gizarteari egiten dioten ekarpena zabaldu eta argitara ekartzen", gaineratu du.