Pasa den azaroaren 29an, Minbiziaren Aurkako Elkartearen (AECC) Minbiziaren Ikerketarako Laguntzen IV. Aurkezpena egin zen Bilbon. Ekitaldian, Bizkaian minbizia ikertzeko esleitutako 12 laguntza berri eman ziren, eta horietako 3 UPV/EHUn garatutako proiektuetarako izan dira. Guztira, AECCk orain arte probintzian egin duen diru-hornidurarik handiena izan da, 3.000.000€-tik gorako zenbatekoarekin.
Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteak (AECC) minbizia ikertzeko 3 laguntza esleitu dizkio UPV/EHUri
Edizio berri honetan, UPV/EHUko 3 ikertzaile saritu dituzte, eta guztira 484.150,70 € izango dituzte beren ikerketak garatu ahal izateko.
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/12/27
AECC 2024 Proiektu Orokorren Laguntzarekin saritutako ikerlarien artean UPV/EHUko Patricia Aspichueta doktorea aurkitzen da, kolon eta ondesteko minbiziaren metastasi hepatikoa prebenitzeko mekanismo berriak ikertzen dituena. Halaber, doktoratu aurreko 2 laguntza esleitu dira, eta UPV/EHUko ikertzaile hauei eman zaizkie: Helena García, gibeleko sistema immuneko zelulak ikertzen dituena, koloneko minbiziaren metastasi hepatikoari aurre egiteko; eta Mariia Sydorenko, prostata minbizi bortitza duten pazienteentzako estrategia terapeutikoa garatzen ari dena. Guztira, 484.150,70 € izango dituzte beren ikerketak garatu ahal izateko.
Horrez gain, edizio honetan hiru laguntza berri eman dira: “% 70eko biziraupena lortzeko erronka”, biziraupen baxua eta intzidentzia nabarmena duten minbiziei bereziki heltzen diena; “Talent”, atzerriko talentu ikertzailea erakartzeko asmoa duena; eta “Sinergiak”, inguru berritzaile batean sinergia berriak sortzeko laguntza ematen duena.
Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko presidentea, Mila Gullónek, nabarmendu duenez, “2030ean minbiziaren batez besteko biziraupena % 70ekoa izatea lortu behar da. Helburu hori lortzeko behar-beharrezkoa da minbiziaren gaineko kalitatezko ikerketa sustatzea, pertsonak erdigunean jarrita, ikerketaren aurrerapenak emaitza egiaztagarri bihur daitezen”. Azaldu duenez, horretarako Elkarteak ikerketa babesten du, “finantzaketa handiagoa emanda, biziraupen baxuko minbiziei bereziki erreparatuz; talentu ikertzailea erakarriz eta ikerlarien egonkortasuna babestuz; berrikuntza bultzatuz, emaitzak pazientearengana irits daitezen; eta ikerketa klinikoa indartuz”.
Ekitaldian diru-laguntzak aurkezteaz gain, bi mahai-inguru egin ziren; eta ekitaldiari amaiera emateko, Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko profesional baten lekukotza entzun ahal izan zen, pazienteei omenaldia eginez, eta minbizi prozesuan zehar bidelaguntza ematen duten agenteen arteko koordinazioaren eta sare-lanaren garrantzia azpimarratuko.