euskaraespañol

Eguneko irudia

Mikrobiologiaren garrantzia bakteriemiaren eta sepsiaren diagnostiko azkarrean

UPV/EHUren tesi batean ospitaleetan Mikrobiologia Zerbitzuaren bidez etengabeko arreta eman behar dela nabarmentzen da

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/04

Arabako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko fakultatibo Amaia Aguirre Quiñonero
Arabako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko fakultatibo Amaia Aguirre Quiñonero | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Sepsia sindrome kliniko oso larria da, heriotza tasa handia eragiten duena, intzidentzia hazkorrekoa eta kostu handiak eragiten dituena. Sepsiak morbihilkortasunaren kausa garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du mundu osoan. UPV/EHUren tesi baten bitartez aztertu egin da ospitaleetan jazotako bakteriemia kasuen etengabeko eta mailaz mailako hazkundea, baita bakterioen presentzia odol fluxuan eta halako gertakariei aurre egiteko modurik onena ere.

Odol fluxuko infekzioen morbihilkortasun tasak lehen antimikrobiar egokia berandu ematearekin lotuta daude, eta hainbat ikerketak agerian utzi dute terapia enpiriko egokia garaiz ematea erabakigarria dela sepsia duten pazienteek bizirik irauteko.

Kalkuluen arabera, bakteriemia duten paziente helduen erdiek –eta fungemia duten pazienteen % 70ek– okerreko tratamendu antimikrobiar enpirikoa jasotzen dute. Tratamendu horiek tokiko datu kliniko eta epidemiologikoen arabera aukeratu ohi dira, eta, horrenbestez, tratamendu enpirikoko gidaliburuak aldian-aldian egokitu, berrikusi eta eguneratu behar dira.

Amaia Aguirre Quiñonerok defendatutako tesiaren ardatza kultibo bidezko bakteriemia eta fungemia diagnostiko mikrobiologikoaren azterketa izan da; horretarako sei urte eman ditu (2015-2020) Arabako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologiako Laborategi zentralizatuan aztertzen odol fluxua infektatzen dituzten mikroorganismo nagusien epidemiologia, etiologia eta funtsezko antibiotiko isolatuekiko erresistentzia profilak. Horretarako, bi motatako antibiograma bizkorrak ebaluatu zituen, eta positibizazio denborak bakteriemia diagnostikoan zenbaterainoko garrantzia duen ikertu zuen. Era berean, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiak hemokultiboen erabileran zer-nolako eragina duen ebaluatzen du zientzialariak ikerlanaren bidez, birus jakin horrek kutsatutako pazienteetan bakteriemiak dituen ezaugarriak deskribatzeaz gain.

Tratamendu enpirikoa toki epidemiologian oinarrituta dagoenez, funtsezkoa da denbora joeren etengabeko jarraipena egitea intzidentzia tasan, bai eta espezieen banaketa eta antimikrobiarrekiko sentikortasun profilak ere. Tratamendu antibiotikoa larrialdietako zerbitzuetan hasten da maiz, eta garrantzi handia du nola pazientearentzat hala haren eboluziorako. Horregatik, larrialdietako zerbitzuetan eskatutako hemokultiboetan lortutako isolamenduen epidemiologia eta etiologia ezagutzea bereziki garrantzitsua da.

Diagnostiko zuzenaren garrantzia

«Terapia enpiriko goiztiarraren balioa azpimarratzeaz gain, garrantzitsua da bermatzea odol fluxuko infekzioak behar bezala diagnostikatzeko gaitasuna dagoela eta mikroorganismo kausalak, horien sentsibilitateak eta infekzioaren lehen mailako iturriak zehatz-mehatz ebaluatzen direla, mikrobioen aurka zuzendutako terapia ezin egokiagoa ahalbidetzeko, eta ahalik eta denbora laburrenean, gainera. Beraz, agente kausalaren diagnostiko mikrobiologiko azkarra eta zehatza eta haren sentsibilitate profila erabakigarria da», azaldu du Arabako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko (Vitoria-Gasteiz) mikrobiologo Amaia Aguirre Quiñonerok.

Odol fluxuko infekzioa diagnostikatzeko, hemokultiboek lehen mailako baliabide izaten jarraitzen dute, eta gertuko etorkizunean ere hala izaten jarraituko dutela aurreikusten da, teknologia berrietako aurrerapenak gorabehera. Identifikazio azkarra eta hemokultibo positiboen sentikortasun natimokrobiarrerako probak dira Mikrobiologia Klinikoko Zerbitzuak dituen eginkizun garrantzitsuenetako zenbaitzuk. «Nolanahi ere, eta automatizazioak edo teknologia jakin batzuen erabilerak –hala nola masa espektrometriaren (MALDI-TOF) eta berriki merkaturatutako plataforma molekularraren– erabilerak jada diagnostiko mikrobiologikoa bizkortzea ahalbidetu badute ere, Mikrobiologia Zerbitzua ez badago operatibo asteko 7 egunetan eta eguneko 24 orduetan, eta mikrobiologoak ez baditu txostenak ematen, hobekuntza horiek ez dira eraginkorrak», nabarmendu du Aguirre Quiñonerok.

Hemokultiboen positibizazio denbora, hala, automatizatutako sistemek ematen diguten informazio eskuragarria da, eta mikroorganismo isolatua zer motatakoa eta zein espezietakoa den islatzeko gaitasuna du, bai eta mikroorganismoak odolean duen bakterio kontzentrazio edo karga zenbatekoa den adieraztekoa ere. Horregatik, gero eta aintzatespen handiagoa du teknika horren erabilera potentzialak eguneroko praktika klinikoan.

Bestalde, hemokultiboen balio pronostikoak badu muga bat: kutsadura, edo bestela esanda, benetan pazientearen odolean ez dauden mikroorganismoen hazkuntza kultiboan. «Besteak beste, honako hauek eragin ditzakete halako kutsadurek: beharrezkoak ez diren tratamendu antibiotikoak, laborategiko proba erredundanteak, saihesteko moduko ospitaleratzeak edo ospitalizazio luzeagoak. Horregatik, mikroorganismo isolatuek infekzioetan duten garrantzia argitzeko lagungarriak diren baliabideak garatzea bereziki garrantzitsua da kutsadura tasa handia duten erakundeetan», esan du doktore berriak.

Bakteriemia etengabe eta arian-arian handitzea

Egindako azterketan Arabako Unibertsitate Ospitaleko bakteriemia kasuen etengabeko eta mailaz mailako hazkundea nabarmentzen da. «Larrialdietako Zerbitzuetan eskatutako hemokultiboetako gertakariek ere nabarmen egin zuten gora. Gure emaitzek agerian uzten dute gure eremuan maiz erabiltzen diren antibiotiko eta antifungikoekiko erresistentzia-maila baxua dela. Hala ere, cuccus Gram positiboek linezolidari eta B. fragilis taldeko bakterioek amoxizilina-klabulanikoari gero eta erresistentzia handia izatea arrisku erreal ari da bihurtzen», zehaztu du zientzialariak.

Bestalde, proposatutako antibiograma metodoek zefalosporina eta karbapenemikoetarako baliagarriak direla frogatu zuten; horrenbestez, badirudi posible dela, enterobakterioei aurre egiteko, bost orduko aurretiazko antibiograma bat ematea.

Halaber, agerian geratu zen hemokultibo positiboen positibizazio denboren analisia baliabide erabilgarria dela, orientabide gisa, isolatutako mikroorganismoa zer motatakoa den eta infekzioan zer-nolako eginkizuna duen argitzeko. «Gure emaitzen arabera, komeni da 48 ordu igaro ondoren deseskalatze antimikrobiarraren teknika aplikatzea, fungemia edo bakteriemia anaerobioa susmatzen ez bada betiere. Gainera, erregresio logistiko bitarreko formula bat proposatzen da, lagungarria baita estafilokoko koagulasa-negatiboek –kutsaduran sarrien ageri ohi diren mikroorganismoek– infekzioan zer-nolako zeregina duten zehazteko», adierazi du ikertzaileak.

SARS-CoV-2 gaixotasuna azkar hedatu zen osasun alorrean, eta, horren ondorioz, sukarra zuten pazienteen samalda bat egon zen sareko ospitaleetan. Hala, eskatutako hemokultiboen kopuruak gora egin zuen estatistikoki 2020an, 2019arekin alderatuta. SARS-CoV-2 gaixotasuna zuten pazienteen kasuan, ospitaleratze luzeak zituzten pazienteentzat espero zirenak izan ziren nola inplikatutako mikroorganismoen espektroa hala infekzio fokua.

Ikerketan frogatu denez, posible da behin-behineko antibiograma bat bost ordutan soilik igortzea, hemokultibo flaskoak positibizatzen direnetik, bakterioemian inplikatutako agente nagusiei dagokienez. Gainera, «gure zerbitzuak duen teknologia nahikoa da (MALDI-TOF MS masa espektrometroa eta PCR multiplex denbora errealean sepsiak egiteko), eta horrek aukera ematen du txostenak modu berezian azkartzeko. Alabaina, gaur egun, Arabako Unibertsitate Ospitaleko –Euskadiko hirugarren mailako bost ospitaleetako bateko– Mikrobiologia Zerbitzuak gainerako euskal unibertsitate ospitaleekin alderatzeko moduko teknologia izanik ere, ez du arreta emateko etengabeko ordutegirik, eta beraz, ezin da behar bezala erabili».

Informazio osagarria

Arabako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko fakultatibo Amaia Aguirre Quiñoneroren doktore tesiak –EHUko Mikrobiologiako katedradun Javier Garaizar Candinak eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko arduradun Andrés Canut Blasco doktoreak zuzenduak–, honako izenburu hau du: «Conventional microbiological diagnosis and epidemiology of bacteraemia in a tertiary and a district hospital over a six-year period» (Diagnostiko mikrobiologiko konbentzionala eta bakteriemiaren epidemiologia ospitale tertziario batean eta eskualdeko ospitale batean, 6 urtez). Tesi hori Euskal Herriko Unibertsitateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia doktorego programaren esparruan egin da.