euskaraespañol

Eguneko irudia

‘Alhóndiga Bilbao: de almacén de vinos a centro de sociedad y cultura contemporánea’ lanaren egileak

Mikel Bilbao eta Arantxa Pereda: «Alondegia eraldatzeko Phillipe Starck aukeratzea beharbada erabaki onena izan zen»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/08

Mikel Bilbao eta Arantxa Pereda
Arantxa Peredak eta Mikel Bilbaok argitalpena erakusten dute. Atzean, Ricardo de Bastidak proiektatutako jatorrizko fatxada. Argazkiak: Mitxi, UPV/EHU.

Behin betiko birgaitzea egin zenetik 10 urte bete direnean, Mikel Bilbao Salsidua UPV/EHUko Artearen Historia eta Musika saileko irakasleak eta Arantxa Pereda Angulo Artearen historialariak Bilboko zabalguneko funtsezko eraikin horren ehun urtetik gorako bilakaera gorabeheratsu bezain interesgarria aztertu dute, ‘Alhóndiga Bilbao: de almacén de vinos a centro de sociedad y cultura contemporánea’ liburuan. Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaok bultzatu eta argitaratutako liburua AZABen hamargarren urteurrenean kokatzen da.

- Argitalpenean, lehenik eta behin, gaur egungoaren aurreko alondegi guztiak zerrendatzen dira. Zamudioko Atekoa bakarra izan zen 1883ra arte, eta urte hartan, lokal berri bat proiektatu zen Berroeta Aldamar kalean, sute parke bat guzti izango zuena. Hala ere, azpiegitura gehiago egon ziren.

Bai. XIX. mendearen amaieran, Bilbon hainbat eraikin zeuden ardoa, likoreak eta olioak biltegiratzeko, hori baita, funtsean, alondegi batek betetzen duen funtzioa. Barroeta Aldamar kalekoak Bilboko egungo Justizia Jauregiaren atzeko orubea hartzen zuen, eta eraikina Joaquín de Rucoba arkitektoak proiektatu zuen, beste eraikin garrantzitsu batzuk ere egin zituenak, esate baterako, Arriaga Antzokia eta Udaletxea.

Badago beste alondegi bat bereziki maite duguna: Albercakoa (uraska). San Anton zubiaren ondoan zegoen ur biltegi zahar batean eraiki zelako deitu zitzaion horrela. Alondegi hura Domingo Fort-ek diseinatu zuen. Obra maisu bikain horrek etxebizitza izugarri politak proiektatu zituen, hala nola Martzanako kaia errematatzen dutenak. Eraikina oraindik ere erabiltzen da, zaharberritu ondoren Bilboko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxearen egoitza bihurtu baitzen. Gaur egun Kutxabanken sukurtsala da, Donibane plazatxoan. Bitxia bada ere, fatxadaren gaur egungo itxura ikusgarria Ricardo de Bastida Udal Alondegiaren arkitektoaren esku hartze bati zor zaio.

Horiez gain, beste espazio batzuk ere izan ziren, hala nola Iturribideko alondegia izenekoa, XVII. mendean eraikitako biltegi bat, probintziako diputazioarena zena eta alondegia izan aurretik eta ondoren askotariko erabilerak izan zituena. Gaur, Bilboko Aste Santuko Paseoen Museoaren egoitza da.

- Hiriak biltegi bat eskatu zion Ricardo Bastidari, hiriko jarduera komertziala espazio bakar batean biltzeko. Erabaki hura eraginkorra izan zen?

Zalantzarik gabe. Alondegietako biltegizainak behin eta berriro kexatzen ziren, espazio horiek, asko egon arren, ez zirelako nahikoak eta ez zietelako behar bezala erantzuten beren beharrei. Bastidak eraikin bakar batean zentralizatu zuen XX. mendera arte hainbat lekutan barreiatuta egondako guztia, eta horretan bete-betean asmatu zuen, logistikaren ikuspegitik. Gainera, hazkunde biziko eremu batean egin zuen, zabalgunean, eta Bilbon ematen ari zen aurrekaririk gabeko zabalkunde prozesu batean.

- Eraikuntzaren benetako historia Bastidaren Udal Alondegiaren proiektuarekin hasten da, eta hark Bilboren garapenean zuen interes handiarekin, hiriko leku askotan utzi baitzuen aztarnaren bat. Arkitektoaren lan hori nahikoa aitortua izan da Bizkaiko hiriburuan? Badago haren lana sakontasunez ikertzen duen libururen bat?

Ziur asko, aitorpen hori ez da nahikoa ikusten. Dena dela, badira eskerrak emateko beste modu batzuk, kolektibitatearekin eta haren bizipenekin zerikusia dutenak; izan ere, Bastida, Alondegiaz gain, beste proiektu erabat enblematiko batzuen sortzailea izan zen, esate baterako, Urazurrutiako Sehaska Etxea, Castaños kalearen eta San Mameseko zumardiaren ikuztegiak, Bigarren Hezkuntzako Institutua (gaur Miguel de Unamuno), Deustuko zubia eta abar luze bat. Azkenean, haren lanak nabarmen lagundu zuen gaur egun hiriaren gainean dugun irudia sortzen, eta, gainera, bertan bizi diren guztien bizipenen parte da.

«Ricardo de Bastida, arkitekto hain oparoa izanik, sakonago aztertu beharko litzateke»

Ricardo de Bastidari buruzko liburu on batzuk argitaratu dira, alabaina, zer-nolako arkitekto oparoa izan zen eta haren obra zer anitza den kontuan hartuta, gure ustez, sakonago aztertu beharko litzateke.

- Bitxia bada ere, gaur-gaurkoz, oraindik ez dakigu hain historia luzea duen eta hainbatetan hizpide izan dugun eraikin hori zer data zehatzetan inauguratu zen. Zerikusirik izan zuen horretan 1919ko suteak? Dokumentazioa galdu zen?

Egia esateko, puntu horrek harridura handia eragin zigun, gaur egun Alondegia eraikin enblematiko bat delako, planta monumentala duena eta ondarearen ikuspegitik asko baloratzen duguna. Dena dela, ezin dugu ahaztu eraiki zenean industria eraikin bat baino ez zela. Hori izan daiteke inaugurazio ekitaldi ofizial edo data baten gabezia azaltzeko arrazoietako bat; bestela izan balitz, garaiko egunkarietan agertuko zen, ezbairik gabe.

- Badakigu, 1905ean, Bastidak dirulaguntza bat jaso zuela, bidaiatzeko eta alondegien antzeko erabilerak zituzten Europako beste azpiegitura batzuen eraikuntza aztertzeko. Hala, biltegi komertzialak bisitatu zituen Hanburgon, Anberesen, Bremenen edo Bruselan. Azken hiri horretan Entrepôt Royal eraikina martxan jartzen ikusteko aukera izan zuen. Zer puntutaraino izan zen eraikin hura arkitekto bilbotarraren inspirazio iturri?

Bai, gure ustez, nolabait inspiratu zuen. Entrepôt royal eraikitzeko prozesua abian zen, Bastida Bruselara joan zenean. Haren arkitektura Bilboko Alondegiarena baino monumentalagoa da, baina elementu komunak dizute, adibidez, etxadi handi bat hartzea, adreilua harriarekin konbinatuta erabiltzea eraikuntzako oinarrizko material gisa; horrez gain, hizkuntza modernistaren arrastoak hautematen dira bi eraikinetan. Bitxia da, bestalde, Entrepôt royal eraikina ere erabilera soziokulturaletara bideratu izana.

- Azkenean, Alondegia eraikitzeko, zabalguneko 80. etxadiaren lursaila aukeratu zen, Recalde zumarkalearen, Urkixo zumarkalearen eta Rivero (gaur Iparraguirre) eta Fernández del Campo kaleen artean kokatuta. Zergatik leku hori?

Udalak urte batzuk lehenago erosi zuen orube hura. Garai hartan urbanizazio prozesu betean murgilduta zegoen Bilboko eremu batean kokatzen zen. Alondegia hiriaren eremu hartan egin ziren azpiegitura ugarietako bat izan zen. Ezin dugu ahaztu, oso denbora tarte laburrean, Bilboko biztanleria bikoiztu egin zela. Gauzak horrela, biltegia eraiki zen garai bertsuan proiektatu ziren ere ikastetxe berriak, etxebizitzak, ikuztegiak, etab. Horietako batzuk Bastidaren obrak dira.

- Porlana: zementua. Gaur egungo Alondegia “hain da Bilbotarra” ezen haren lurzoruak eta zutabeak eraikitzeko Sestaoko Societé Générale des Ciments Portland enpresaren materialak erabili baitziren, Bastidak hormigoiaren aldeko apustu garbia egin zuelako (material hura, dirudienez, oso berria zen garai hartan).

Hala da. Hormigoi armatua, arkitektura garaikidean hain ohikoa dena, nahiko material berritzailea zen XX. mendearen hasieran. Hain zuzen, arkitekturan estatu mailan material horrekin egin ziren proiektu aitzindarietako batzuk Bilbon egin ziren. Horren erakusle oso nabarmena dugu La Ceres irin fabrikaren eraikuntza Mesedeetako kaian, XIX. mendearen amaieran. Alondegiaren tamainako eraikin bat hormigoi armatuz eraikitzea arkitektoaren apustu aski berritzailea izan zen.

- Sute larriaz gainera, Gerra Zibilean ere kalteak jasan zituen eraikinak, eta, jarduerari berrekin zitzaion arren, 60ko hamarkadan eraikinaren behin betiko amaiera iritsi zen, zenbait salgairen gaineko kontrol fiskala desagertzearekin batera. 80ko hamarkadan kultura zentroaren ideia sortzen hasi zen arte, garai hartako ahaztura erabatekoa izan zen?

Gerra Zibilean, eraikinaren espazio batzuk aterpe modura erabili ziren. Espazioa berriro egokitu ondoren, jarduera mantendu zen 1962ra arte, urte hartan jarduera ofizialki gelditu baitzen. Hala ere, joan den mendeko 70eko hamarkadan ardogile batzuek eraikina erabiltzeko baimena lortu zuten, artean Gaztelondoko alondegi berrira joateko behin betiko lekualdatzea egin gabe baitzegoen.

«Hainbesteko eraikin bat hormigoi armatuz eraikitzea apustu berritzailea izan zen»

Une horretatik aurrera, 80ko hamarkadara arte, non kultur zentroa bihurtzeko lehen proiektuen ideiak eman baitziren ezagutzera, eraikinak une kritiko batzuk igaro zituen, hala nola 1975ean, etxebizitzak eraikitzeko saltzea proposatu zenean.

- Gorordo alkatearen eta Jorge Oteiza, Juan Daniel Fullaondo eta Francisco Javier Sáenz de Oiza sortzaileen proiektutik, Azkuna alkate eta Phillipe Starck arkitektora iritsi ginen. Esan genezake urte luzeetako gorabehera eta itxaronaldiaren ondoren eraikina saritua izan zela?

Eraikina, 1998an, Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten, monumentu kategoriarekin, eta, beraz, une hartan behar-beharrezkoa zen eraldaketa bat ematea, izaera hori eta kultur zentroko zerbitzuen beharra uztartuko zituena. Phillipe Starck aukeratzea izan zen ziur asko erabaki onena; izan ere, haren proiektuak nabarmentzen dira gizartearekin konpromiso handia dutelako eta oso humanoak eta kreatiboak direlako. Starck-ek “hiriaren barruan hiri bat” sortzea pentsatu zuen, atari esanguratsu batekin, biltzeko eta esperimentatzeko leku batekin.

- Zertan zetzan zehazki Starck-en proiektua?

Bastidaren proiektutik, lekukotza elementu gisa, fatxadaren perimetro osoa eta hormarteetako bat kontserbatzen dira. Phillipe Starck-ek hiru barne eraikin handi proiektatzen ditu, apur bat biratuta daudenak kontserbatutako eraikinaren ardatzarekiko eta harekin pasabideen bidez komunikatzen direnak. Eraikinaren jatorrizko materialak (harria, adreilua eta hormigoia) gaur egungo eraikuntza sistemekin konbinatzen dira, bistako adreiluzko panel aurrefabrikatuak, altzairua eta kristala erabilita. Horrela, Ricardo de Bastidaren eraikuntzaren klasizismoak barrualde berezi eta berritzaile batekin kontrastatzen du. Oso modu nabarmenean, eraikinaren erdiko ataria kultura, historia eta espazio aniztasuna elkartzen dituen eszenatoki bihurtzen da, non zutabeak protagonista nagusiak baitira. Horretarako, Philippe Starck harremanetan jarri zen Lorenzo Baraldi italiar eszenografoarekin. Kanpoaldeari ere erreparatzen dio: Fernández del Campo kalea oinezkoentzako egokitzen da, frantziar tapiz baten itxura duen zoladura bat diseinatzen da, zenbait pieza berezi (konfesalekua, pasabide mailakatua, begiratokia) jartzen dira, eta altzariak diseinatzen dira, giro abegitsua sortzeko asmoz.