Microsoft-ek Bilboko Ingeniaritza Eskolako proiektu bat aukeratu du adimen artifizialeko AI for Earth ekimenerako
Lander Galera ikasleak egin eta Jesús María Blanco irakasleak aurkeztu duen lana plataforma eoliko flotagarriei buruzkoa da, eta erraldoi teknologikoaren arreta erakarri du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/06/01
Microsoft erraldoi teknologikoak 15.000 dolarreko beka eman berri dio offshore aire-sorgailuen errendimendua hobetzeko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle batek aurkeztu duen proiektuari. Laguntza AI for Earth izenekoaren (Adimen Artifiziala Lurrarentzat) bitartez eman da. Bill Gatesen enpresak ingurumena kontserbatzeko berrikuntza onenak bilatzeko duen ekimena da. Oraingo honetan, Lander Galera ikaslearen doktoretza tesiak, euren oinarri diren eta itsasoaren baldintzak jasaten dituzten plataformen gorabeheren ondorioz itsasoko aire-sorgailu flotagarriek izan ditzaketen potentzia galerak neurtzeko modua aztertzen du. Horiek turbinaren errendimenduan izan dezakete eragina eta, ondorioz, elektrizitatea sortzeko kostuan.
Maria (Monitoring floAting platfoRms in offshore wind through artificIAl intelligence) akronimoaren izena hartu duen proiektua Jesús Mari Blanco Eskolako irakasleak eta Gregorio Iglesias, Irlandako University College Corkeko irakasleak zuzendu dute. Izan ere, Blanco irakaslea izan zen proiektuaren hautagaitza Microsoft-en aurrean aurkeztu zuena, enpresa multinazionalak antolatu zuen workshop-a gainditu eta gero. Beste sustatzaile batzuek ere azaldu zituzten euren proposamenak workshop horretan.
Bekaren 15.000 dolarrei esker, Lander Galerak Microsoft beraren lainoko konputazio zerbitzu sofistikatua (Azure) erabili ahal izango du, eta horrek proiektuaren garapena azkartuko du. Plataforma horrek sare neuronal artifizialen (datuetan oinarrituta aurreikuspenak egin ditzaketen sistemak) entrenamendua erabiltzen du, eta, ondorioz, offshore aire-sorgailuen errendimenduan eragina duten aldagai guztiak lortzeko beharrezkoa den simulazio prozesua nabarmen murrizten da, olatuen norabide, aldizkakotasun eta altueratik hasi eta haizearen abiadurara, aire-sorgailuaren baldintza mekanikoetatik igaroz.
Microsoftek emaitza onak ikusten baditu, laguntzak jarraipena izango du. Horrela, proiektua bigarren fasean sartu ahal izango litzateke, oraingo honetan garapen aplikatura zuzendutako finantzaketa lerro berriarekin.
Bill Gatesen konpainiak energia berriztagarriekin, bioaniztasunarekin, ur-baliabideen kudeaketarekin, nekazaritzarekin edo klima-aldaketarekin erlazionatutako proiektuak bilatzen ditu mundu osoan AI for Earth ekimenaren bitartez, horiek bultzatzeko, sustatzaileei Microsoftek garatu dituen adimen artifizialeko soluzio guztiak eta lainoko konputazioa eskainiz.