Tumore baten barneko zelulen arteko hartu-emanei joko-teoria aplikatuz gero, zelulek multzoan daudenean izan ditzaketen portaeren ikuspegi soziologikoa lor daiteke, bai eta neoplasia zuzentzen duten arau konplexuen ulermen sakonago bat ere. Garatzen ari diren ikerketa baten lehen urratsean, metastasia tumoreen heterogeneotasunaren erantzun gisa gertatzen dela dioen konjetura formulatu dute.
Metastasi-prozesua aztertzen ari dira joko-teoria erabiliz
UPV/EHUko Analisi Ekonomikoko ikertzaileek eta Biocruceseko patologoek indarrak batu dituzte tumoreetako zelulak nola lehiatzen diren ulertzeko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2021/10/21
Joko-teoria egoera estrategikoak aztertzen dituen teoria orokor bat da, zeinetan aktoreek edo jokalariek ekintza bat edo beste hautatzen baitute beren onurak ahalik eta handienak izan daitezen. Horregatik, espezieen eboluzioari aplika dakioke, eta ulertzeko zailak diren eredu batzuk azaltzeko aukera ematen du. Teoria horren ikuspegitik, joko bat egoera gatazkatsu bat da, zeinetan norbanakoen interes kontrajarriak gailentzen baitira; testuinguru horretan, alderdietako batek erabaki bat hartzen duenean, beste alderdiak hartuko duen erabakian eragiten du, eta, hala, jardule guztiek hartutako erabaki guztietatik abiatuta zehaztuko da gatazkaren emaitza.
Annick Laruelle UPV/EHUko Analisi Ekonomikoa Saileko Ikerbasque irakasle eta joko-teorian adituak azaldu duenez, teoria hau, hastapenetan ekonomiaren portaera ulertzeko tresna gisa garatu bazen ere, “gaur egun, askotariko arlotan erabiltzen da, baita minbizia ikertzeko ere, prozesuen dinamika hobeto ulertzeko aukera ematen baitu”. UPV/EHUko ikertzailez eta Biocruceseko eta San Giovanni Bosco Ospitaleko (Turin, Italia) patologoz osatutako talde batek ikerketa bat jarri du martxan, batetik, tumore-zelulen beren arteko eta, bestetik, tumore-zelulen eta ostalari-zelulen arteko interakzio korapilatsuak argitzeko; izan ere, ez dira erabat ulertzen, eta onkologiako muga nagusietako bat izaten jarraitzen dute.
Tumoreetako zelulen heterogeneotasuna zenbat eta handiagoa izan orduan eta kaltegarriagoa izan litekeela minbizi-zelulentzat, eta hobea pazientearentzat
Teknologia molekular modernoei esker, pixkanaka agerian geratzen ari da minbiziaren konplexutasun genetiko eta epigenetikoa; baina, oraindik ere, ez dira ezagutzen alderdi garrantzitsu asko. Minbizia banakoz osatutako multzo baten disfuntzio sozial gisa hartzeak azterketarako ikuspegi berriak eman ditu, eta etorkizun oparoko emaitzak. “Joko-teoriak epe labur edo luzerako emaitza egonkorrak bilatzen ditu. Lehen urrats honetan, saiatu gara ulertzen tumore bateko zelulen heterogeneotasunak zer eragin duen. Modelizazioen bidez azter dezakegu baliabideak nola banatzen diren zelulen artean; alegia, ereduak proposa ditzakegu, tumoreetako zelulen arteko lehia nolakoa den ikusten saiatzeko”, azaldu du Laruellek.
Baliteke tumore bateko zelula-aniztasuna kaltegarri izatea tumore-zelulentzat
Horrenbestez, ikertzaileek zelulen arteko interakzioak aztertu dituzte joko-teoriaren ikuspegitik, eta hipotesi hau planteatu dute: tumore-zelulen azpimultzo baten erantzun espezifiko bat besterik ez da metastasia, zeinaren bidez egonkortasun kolektiboa bilatu nahi dute zelulek, tumore primariotik urrun, beren ongizate kolektiboa hobetu eta desagertzea saihesteko. Tumore gaiztoetan tumore-zelulek ingurune egokiago bat bilatzeko joera dutelako ikuspegiaren argudioa indartzen dute hauek: barnean subklon metastasikoak dituzten tumoreen espezializazio espaziala, metastasiek metastatizatzeko duten gaitasun frogatua eta teoria-jokoaren bidez agerian geratu diren tumore-zelulen interakzio soziologikoak.
“Joko-teoriak agerian jarri duen konjetura da tumoreetako zelulen heterogeneotasuna zenbat eta handiagoa izan orduan eta kaltegarriagoa izan litekeela minbizi-zelulentzat, eta orduan eta hobea pazientearentzat. Badirudi zelula-dibertsitate handiko minbiziak onuragarriagoak direla pazientearentzat, dibertsitate txikiko tumore batek eragindako minbizia baino”, dio irakasleak. Horrek guztiak agerian jartzen du “litekeena dela epe luzera nahitaez ona ez izatea tumore bateko zelula-mota guztiak ezabatzea, zelula batzuk erresistente egiten baitira”, erantsi du.
Annick Laruelle: «Arlo desberdinetako adituen elkarlana oso zaila da, hizkuntza desberdinetan jarduten baitugu; baina, aldi berean, oso aberasgarria»
Nolanahi ere, Laruellek dio hau guztia aurrera doan ikerketa baten abiapuntua besterik ez dela; izan ere, joko-teoriak errealitatean gertatzen diren egoerak berretsi ditu. Horrez gainera, ikertzaileak nabarmendu du garrantzitsua dela oso arlo desberdinetako pertsonak lankidetzan aritzea: “Oso zaila da, hizkuntza desberdinetan jarduten baitugu; baina, aldi berean, oso interesgarria da, oso aberasgarria”.
Informazio osagarria
Ikerketa hau ikertzaile hauen lankidetzari esker egin da: Annick Laruelle Ikerbasque irakaslea (UPV/EHUko Analisi Ekonomikoa Saila), Claudia Manini (Turingo San Giovanni Bosco Ospitaleko Patologia Saila), Elena Iñarra (UPV/EHUko Ekonomia Publikorako Institutua) eta José I. López (Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Patologia Saila eta Biocruces).
Erreferentzia bibliografikoa
- Metastasis, an Example of Evolvability
- Cancers
- DOI: 10.3390/cancers13153653