euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHU eta Gipuzkoako Aldundia elkarlanean aritu dira ibaiak leheneratzeko nazioarteko proiektu batean

Gipuzkoan, erabiltzen ez diren hamar presa kenduko dira, Deba ibaiaren konektagarritasuna zatikatzen dutelako. Gipuzkoako Aldundiak ibaiak leheneratzeko eta presak kentzeko obrak egingo ditu, eta 800.000 euro jarriko ditu horretarako.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/09

Presa baten ezabaketa. Argazkia: UPV/EHU

Uholdeek eragindako gero eta hondamendi gehiago bizitzen ari gara, eta horiek erakusten digute nola eragiten dioten elkarri klima aldaketak eta ibai ingeniaritzako iraganeko jarduketek. “ Ur masek eta lautada alubialek espazio gehiago behar dute, eta trabarik ez egotea ere bai, beren dinamika naturala ez eragozteko; birnaturalizatu egin behar dira beren funtzio naturalak ematen jarraitu ahal izan dezaten”, esan dute José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak eta Arturo Elosegi Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak. MERLIN (Mainstreaming Ecological Restoration of freshwater-related ecosystems in a Landscape context: Innovation, upscaling and transformation) baterako proiektuak –Alemaniako Duissburg-Essengo Unibertsitateak koordinatzen du– erakutsiko du nola horrek funtziona dezakeen Europan. Europar Batasunak 21 milioi eurorekin finantzatuko du 2025era arte.

MERLINek aplikazio zabaleko formula berriak bilatzen ditu Europako ibai ekosistemen funtzioak leheneratzeko, hauetarako balio dezaten, besteak beste: uholdeak murrizteko eta karbono dioxidoa biltzeko, edo uraren fluxu naturala eta arrainen migrazioa errazteko. Europa osoko 44 kide daude sartuta proiektuan, tartean, unibertsitateak, ikasketa institutuak, natura kontserbatzeko erakundeak eta enpresen, gobernuen eta udalerrien alde interesdunak. “Gizarteko kolektibo askori egingo die onura leheneratzeak, beraz, eragile asko izatea garrantzitsua da”, adierazi du Euskal Herriko Unibertsitateko Arturo Elosegik –Unibertsitatea proiektuaren buru izango da Gipuzkoan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera–.

EBren finantzaketaren 10 milioi euro 17 eremutara bideratuko dira, Finlandiatik Israeleraino; horietan, errekak, ibaiak, zohikaztegiak eta hezeguneak leheneratzen ari dira, egoera naturalago batera bueltatzeko. Gipuzkoan, erabiltzen ez diren hamar presa kenduko dira, Deba ibaiaren konektagarritasuna zatikatzen dutelako. Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak ibaiak leheneratzeko eta presak kentzeko obrak egingo ditu, eta 800.000 euro jarriko ditu horretarako.

Proiektu garrantzitsu horiek EBren finantzaketarekin handituko dira, eta Europa mailako eredu bilakatuko dira. “Elkarlanean aritu nahi dugu ibaien leheneratzeak onura egin diezaiekeen sektoreekin; esaterako, industria, nekazaritza, edateko uraren ekoizpena eta aseguru etxeak”, azaldu du Duissburg-Essengo Unibertsitateko Daniel Heringek, proiektuko burua denak. Neurrien ondorioak ekonomikoki eta ekologikoki ebaluatuko dira.