euskaraespañol

Mentoring-EHUalumni 2019 programako diplomen banaketa

Aurten, 35 bikotek hartu dute parte ekimen honetan, eta esperientziak, abileziak eta ezagutzak elkartrukatzeko balio izan die

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/24

Asteartean, ekainaren 18an, Bilboko Zubiria Etxeak Mentoring-ehualumni 2019 programako diplomen banaketa hartu zuen. Lehenengo seihileko honetan ekimen hartan parte hartu zuten 35 bikoteek egindako lana aitortu zen edizio honetan.

Nuria Gisbert CIC energiGUNE zentroko zuzendari nagusi eta Enpresari Aplikatutako Ekonomiaren Institutua ikerketa taldeko kideak parte hartu zuen ekitaldian. Jon Landeta, Eneka Albizu eta Pilar Fernández UPV/EHUko doktoreek lagunduta etorri zen ikertzaile hori. «Mentoring» artikulua aurkeztu zuen bere mintzaldian, duela gutxi irakurri zuen tesiaren –enpresan halako ekimenak abiarazteari buruzkoaren– jarraipena.

Bestalde, Marketineko graduatu eta ekintzaile Amaia Munuerak lidergoa duten eta berezko marka pertsonala sortzeko gaitasuna duten pertsonentzat jarrera eta prestakuntza garrantzitsua dela nabarmendu zuen bere hitzaldian.

UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Txelo Ruizek, halaber, Mentoring-ehualumni programan egiten duten lana esanguratsua dela nabarmendu zuen: «Programa honetan parte hartzen dutenek erabat betetzen dute ‘Eman ta zabal zazu’ goiburua».

Esperientzia partekatzea

Aspalditik gertatzen den bezala, programan parte hartu duten pertsonek esaldi bat igorri zuten aldez aurretik, esperientzia beraientzat zer izan den laburtuz. Ekitaldian bozkatu egin zuten zer esamolderekin sentitzen ziren identifikatuen. Edizio honetan bi izan ziren: «Ezagutzak eta esperientziak ez dute balio partekatzen ez badira» eta «Badirudi bukaerara iritsi garela, baina hasiera baino ez da».

Mentoring-ehualumnik, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak sustatutako programak, helburu argi bat du: UPV/EHUn ikasi zuten eta jada urte batzuk lan merkatuan daramatzaten pertsonek euren esperientziak, ezagutzak eta abileziak partekatzea graduatu berriekin. Joan den urtarrilean hasi zen aurtengo edizio honetan parte hartu dutenek berriz ere nabarmendu dute aberasgarria dela esperientziak, ezagutzak eta abileziak elkartrukatzea.

Horixe esan du, hain zuzen, Begoña Rodríguezekin batera ehualumni Sare hau kudeatzen duen Nerea Arangurenek: «Uste dugu ekitaldi honek abiapuntua izan behar duela mentorizatutako pertsonentzat, etapa berri bat hasteko balio behar diena, aurrera egiten jarraitzeko erreminta gehiago hartu ondoren».

 

Mentoring-ehualumni programari buruzko informazio gehiago izateko:
https://www.ehu.eus/es/web/ehualumni/mentoring

https://vimeo.com/342726252