euskaraespañol

Eguneko irudia

Erretzeari uzteko motibazio mezuak

UPV/EHUren tesi batek agerian utzi duenez, motibazio mezuek, ohiko jardunarekin batera, osasuna hobetzen eta kostuak murrizten dituzte

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/21

Raquel Cobos Campos
Raquel Cobos Campos. Argazkia: Paulino Oribe.

Mundu mailan, tabakismoa da saihets daitezkeen morbimortalitate kausen artean lehenengoa. Gizakien osasun publikoko arazo nagusietako bat da, eta hori kontsumitzen dutenen ia erdien heriotza eragiten du. Espainian, gora egin du tabakoaren kontsumoak azken urteotan; 1997. urtean tabakoaren kontrako legea onartu baino lehenagoko zifren mailara iritsi da kasik, eta 15 eta 64 urte bitarteko biztanleen % 34k tabakoa egunero kontsumitzen dute.

Tabakoa egunero kontsumitzen duten pertsonen % 67,1ek pentsatu dute inoiz erretzeari uztea, baina prozesua zaila da eta paziente batzuk 30 aldiz ere saiatu dira. Gaur egun, modu asko dago tabakismoaren tratamendua jorratzeko; badira motibazio aholkuetan oinarritutako esku hartzeak, edota intentsitate txikiagokoak, hala nola terapia farmakologikoa edo taldeko esku hartzea. Metodo bakoitzak arrakasta tasa ezberdina du. Era berean, badira inolako laguntzarik gabe erretzeari uztea erabakitzen duten pazienteak ere, eta horien arrakasta tasa % 3-8 bitartekoa izaten da prozesua hasi eta 6 hilabetera.

Telefonia mugikorrak eta, azken urteotan, aplikazio mugikorrek izan duten gorakada handiaren ondorioz, tresna berri ugari sortu dira profesionalek pazienteei zenbait patologiatan laguntzeko. Testuinguru hori oinarri hartuta defendatu du Raquel Cobos Camposek bere doktorego tesia, ‘Evaluación clínica y análisis coste-efectividad del envío de mensajes motivacionales como herramienta adyuvante para dejar de fumar’, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientzien Sailean (Farmazia eta Farmazia Teknologiako arloa), Gorka Orive doktoreak zuzenduta.

Telefonia mugikorrak arlo honetan izan ditzakeen onuretan sakontzeko eta horien eraginkortasuna ebaluatzeko, ikerlan bat egin zen erretzaileak diren 320 pazienterekin. Parte hartzaileak bi taldetan sailkatu ziren: talde batek osasun langilearen motibazio aholkuak jaso zituen, eta, horrez gain, motibazio aholkuak jaso zituen telefono mugikorrean, eta besteak motibazio aholkuak baino ez zituen jaso. 12 hilabeteren ondoren, tabakoa utzi zutenen tasa % 16,25ekoa eta % 5,6koa izan zen, hurrenez hurren.

Doktoreak azaldu duenez, “ikerketa horri esker, agerian geratu da motibazio aholkuak ematearekin batera testu mezuak bidaltzeak lagundu egiten duela erretzeari uzten (motibazio aholkua soilik ematea baino hautabide eraginkorragoa da), bai 6 hilabeteko epeari erreparatuta (% 24,4 eta % 11,9), bai 12 hilabeteko epeari erreparatuta (% 16,3 eta % 5,6). Azterlanean, nikotinarekiko mendekotasuna izan zen tabakoa uztearekin lotu zen aldagai pronostiko bakarra. Eta prozesua utzi dutenen tasak altuagoak izan ziren menpekotasun maila txikiagoa zuten pertsonen artean”.

‘Bizi tabakorik gabe’ aplikazioa

Hasieran SMS bidez bidaltzen ziren mezuen programa aplikazio bilakatu da egun; ‘Bizi tabakorik gabe’ izena du eta eskuragarri dago erretzeari uzteko honelako programak baliatu nahi dituzten paziente guztientzat. Gainera, Osakidetzaren Arreta Sanitarioko Zuzendariordetzarekin elkarrizketak egin ondoren, Euskal Herriko osasun sare publikoko osasun zentroetan ezarri da aplikazioa, interesa duten paziente guztiek erabili ahal izan dezaten tresna.

Bestalde, ezarpena justifikatuta dagoen ala ez ebaluatze aldera, azterketa ekonomiko bat ere egin da. Horrela, osasun ikuspegian oinarrituta, kostu-eraginkortasun arrazoi inkrementala (RCEI), erretzeari uzteko programa konbinatuari eta ohiko jardunari (motibazio aholkua) dagokiena, KADBU bakoitzeko (bizi kalitatearen arabera doitutako bizitzako urteak) 1.327 eta 7,4 eurokoa da hurrenez hurren, Espainiako osasun sisteman kalkulatutako 22.000 euroko atalasearen oso azpitik. Gainera, ikuspegi soziala kontuan hartuta, irabazitako KADBU bakoitzeko 5.398 eta 3.290 euro aurreztea eragiten du programa konbinatuak gizon eta emakumeengan (hurrenez hurren), eta erretzaile ohiek tabakoarekin lotutako gaixotasunak izateko arrisku txikiagoa dute.

Azkenik, tesiaren ondorioetan baieztatzen denez, garrantzitsua da teknologia mota honen azken erabiltzaileen ezaugarri eta profilak identifikatzea eta teknologia horien garapenean parte har dezaten sustatzea, horrek nabarmen handitu baitezake tresnen erabilgarritasun eta eraginkortasuna. Raquel Cobosek ondorioztatu duenez, “pazienteen zenbait ezaugarri gakoak dira osasunerako aplikazioen erabilerari dagokienez. Gazteenek eta hezkuntza maila handia dutenek erabiltzen dituzte gehien. Horregatik, beharrezkoa da aplikazio bakoitzaren eta erabiltzaile potentzialen ezaugarrietan sakontzea, atxikipena eta arrakasta areagotzen saiatzeko”.

Informazio osagarria

‘Bizi tabakorik gabe’ aplikazioa deskargatu baino lehen, garrantzitsua da osasun zentrora joatea edo telefono bidezko kontsulta bat egitea; horrela, aplikazioa deskargatu eta instalatzeko jarraibideak azalduko zaizkio erabiltzaileari, eta erabiltzailearen eskuliburua non deskargatu adieraziko zaio, tabakismoaren tratamendurako modalitatea ez presentziala den kasuetan. Gainerakoetan, osasun langileek kontsultan bertan emango dizkiote erabiltzaileari beharrezkoak diren jarraibideak. Proiektu honen bitartez, tabakismo tratamenduak iraun bitartean, osasun langileen laguntza eta babesa izango dute pazienteek.

Terminal bakoitzaren sistema eragileari dagokion dendan eskuragarri dago aplikazioa. Berau deskargatu eta instalatu ondoren, aplikazioak berak emango ditu jarraibideak eta erabiltzeko beharrezkoak diren azalpenak.