euskaraespañol

UPV/EHUko Medikuntzako hamar graduatu, BAMEko (MIR) lehen 100en artean

Mikel Isla Jover-ek bigarren postua lortu du. Edizio horretan 11.577 hautagai aurkeztu dira eskainitako 8.550 plazetako bat lortzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/14

Ikasleak, gaur goizean, Medikuntza eta Erizaintza Fakukltatean | Argazkia: Jabier Rojo. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Mikel Isla Jover-ek, Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntzan graduatuak, bigarren postua lortu du, edizio honetako BAME hautaproban, behin-behineko emaitzen arabera. Harekin batera, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko bederatzi tituludunek 100 nota onenen artean izatea lortu dute urtarrilaren 21ean egindako probetan: Nerea Barriuso Oria (14); Pablo Garrido Martín (23); Xabier Atxutegi Ayesta (33); Paula Rodríguez Jiménez (61); Oihane Cabezón Axpe (62); Raúl Barcina Fernández (69); Tamara Llorente Otiñano (70); Iñaki Goiri García (71) eta Andrea Palacios Berrueco (97). 

“Banekien emaitza ona izango nuela, baina ez hainbeste, dio Islak; azterketa egin ondoren, asteburu osoa hartu nuen deskonektatzeko, eta astelehenera arte ez nituen emaitzak akademiako txantiloiarekin alderatu”; orduan “espero nuen nota baino hobea izango zela” ikusi zuen. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Irakaskuntza Unitatean bukatu zuen prestakuntza bilbotar horrek, eta orain ospitalea eta espezialitatea aukeratu behar ditu; “oraindik ez daukat argi”, ziurtatzen du, “badakit hemen inguruan egingo dudala, hala ere, zalantzan nago Dermatologia, Kardiologia, Anestesia eta Erradiodiagnostikoaren artean”. 

Eva Ferreirak, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, gogorarazi duenez, “BAMEa eskakizun handiko proba da; hortaz, gure unibertsitateko 10 ikasle 100 onenen artean izatea sekulako arrakasta da, azterketan % 2,30ko parte-hartzea bakarrik izan baitugu. Arrakasta horrek gure ikasleen kalitate akademikoaz hitz egiten du, eta, jakina, jaso duten prestakuntzaz. Beraz, harrotasun handiz eta gure unibertsitate publikoaren ordezkari gisa zoriontzen ditut”. 

UPV/EHUren % 10 TOP100ean 

Bestalde, Joseba Pineda Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak adierazi duenez, “emaitzak behin-behinekoak izan arren, 2023ko BAME horren datuak bikainak izan dira Euskal Herriko Unibertsitatearentzat. “ikastegiko 10 ikasle daude ‘TOP100' delakoan, bost gizon eta bost emakume. Horietatik hiruk postu bat lortu dute lehenengo 25en artean, eta horietako bat BAMEko bigarrena da. Gainera, hurrengo 100en artean (101etik-200era) UPV/EHUko beste 7 ikasle ditugu”, azpimarratu du Fakultateko dekanoak. 

Pinedak adierazi duenez, “datu horiek azken urteetan lortu ditugun emaitzarik onenak dira, eta estatuko unibertsitate onenen artean gaudela esango nuke”. Dekanoaren ustez, “UPV/EHUko ikasleak BAMEra aurkeztutako 11.577 hautagaien % 2,30 baino ez direla kontuan hartuta, TOP100 postuen % 10 betetzea arrakasta ukaezina da, eta euskal gizartea oso pozik egon behar du unibertsitate publikoan kalitatezko prestakuntzan egin duen apustu eta inbertsio garrantzitsuagatik”. “Mediku apartak prestatzen ditugu gure osasunaren etorkizunerako. Orain gustatuko litzaidake euskal osasun-sistemak baldintzarik egokienak jartzea sustapen hori EAEn gera dadin sustatzeko”, adierazi du Medikuntza eta Erizaintzako fakultateko ordezkariak. 

Gainditze gehiago eta eskainitako plaza gehiago 

Guztira 11.577 pertsona aurkeztu ziren deialdi honetako BAME azterketetara. Horietatik 10.792 (%  93) medikugaik gainditu dute eskainitako 8.550 plazetako bat lortzeko proba. Iaz 8.188 plaza eskaini ziren.

Osasun Ministerioak lau egun baliodun emango ditu akatsak zuzentzeko erreklamazioak aurkezteko, alegazioak egiteko eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko.