Matematika, zientzia ala artea?
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2023/06/08
Ekainaren 20tik 23ra Finite and Residually Finite Groups biltzarra izango da Bilbon. UPV/EHUk, Brasiliako Unibertsitateak eta Paduako Unibertsitateak antolatu dute, Pavel Shumyatsky irakaslearen omenez —gaur egun UPV/EHUko irakasle bisitaria—, eta talde-teorian esperientzia handia duten nazioarteko hizlari ugarik hartuko dute parte. Hitzaldi akademikoez gainera, asteartean, ekainaren 20an, Efim Zelmanov matematikari ospetsuak, zeinak Fields domina jaso baitu —matematikako aurkikuntza bikainak aintzatesten dituen nazioarteko saria—, publiko guztientzako moduko hitzaldia (Bizkaia Aretoan, 11:00etan) emango du, matematika zientzia bat edo artea den eztabaidagai hartuta: “What is Mathematics?”.
Konferentzia aitzakia hartuta, UPV/EHUko Matematika Saileko ikertzaile Iker de las Herasek —2022ko Reinhold Baer saria eta Marie Curie bekaduna— elkarrizketa egin die Pavel Shumyatsky berari —Brasiliako Unibertsitateko katedraduna, talde-teorian nazioarteko erreferentea eta De las Herasekin lankidetza estuan aritzen dena— eta Efim Zelmanov irakasleari —Txinako Hegoaldeko Zientzia eta Teknologiako Unibertsitateko katedraduna (SUSTech) eta talde-teoriaren arloan munduan den ikertzaile onenetako bat—.
Bi irakasleek, garai bateko Sobietar Batasunekoak biak, konplizitatez barre egiten dute elkar noiztik ezagutzen duten galdetzean: “Betidanik”, erantzun dute. Egia esan, 1980ko hamarkadaren amaieran ezagutu zuten elkar, Zelmanovek Burnsideren problema murriztuari buruz eman zuen hitzaldi batean, Shumyatsky oraindik doktoratu aurreko ikaslea zela.
Haurtzaroan matematikarekin izan zuten harremanaz
Shumyatskyk ez du gogoratzen haurtzaroan matematikarekiko lehentasun berezia zuenik; “hala ere, xakean jokatzen nuen, eta matematikotzat jotzen da joko hori. Beraz, ziur aski beti egon nintzen, ezkutuan, matematikaz maiteminduta”. Zelmanovek, ordea, onartu du gustuko zuela denbora luzez matematika-problema zailetan pentsatzea. “Matematikako irakasle oso on bat izateko zortea izan nuen, animatu ninduen, eta lagundu egin zidan. Gainera, orduko Sobietar Batasunean, aukerarik prestigiotsuena zen matematikako edo fisikako irakasle izatea, aktore edo kirolari izatea baino gehiago”.
Matematikari-ibilbidean izan dituzten eraginez
Sobietar Batasuneko Xirxov eta Bokut irakasleak izan ditu gogoan Zelmanovek. Bestalde, “inoiz ez nuen Maltsev ezagutu, baina hark ere eragin handia izan zuen nire lanean. Eta, Estatu Batuetan, Jacobson esango nuke. Jacobson aitzindari izan zen gure matematikaren alorrean. Gero, ni izan nintzen haren ondorengo ofiziala Yaleko Unibertsitatean. Haren bulegoa hartu nuen”. Shumyatskyk aitortu du bere irakasleak ez zirela matematikari ospetsuak, “baina irakasle onak ziren. Besteak beste, Brian Hartley matematikariak eragin handia izan du nigan. Garai hartan, aditu handia zen talde-teorian. Uste dut orain agian jendeak ez duela haren lanaren berri. Efim-en lanak ere eragin handia izan zuen nigan. Nire matematika-interesa oso lotuta dago horrekin”.
Ikertu beharreko gaiak aukeratzeaz
Bi irakasleak bat datoz esatean bakoitzak “bizitza osoan gurekin datorren problema zailen zerrenda bat” duela, baina ezin dutela guztietan lan egin “kontuan izan behar baita horretarako aukera dugun ala ez”. Zelmanovek azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua da problema bat aukeratzea”, eta horrelako konferentzietara joateak duen garrantziaz ohartarazi du: “Konferentzia bakoitzean, besteen hitzaldiak entzuten ditugu, eta, agian, inkontzienteki, gure zerrendako problemekin alderatzen ditugu, lagungarri izan daitezkeen edo ez jakiteko. Beste pertsona batzuek zer interes duten ikusten dugu. Nolabait, badirudi elkarren arteko interakzioetatik sortzen direla interes komunak. Batzuetan, gainera, kimika pertsonala ere badago: gustuko dut hitzaldia; gustuko dut pertsona hori eta berarekin lan egin nahi dut”.
Matematiken etorkizunaz
Zelmanoven iritziz, “matematikak ez du sekula izan gaur egun gure egunerokotasunean duen eragina bezainbestekorik. Hein batean, informazio-iraultzan sartzen ari gara, eta hori guztia matematikan errotuta dago, matematikatik sortu zen. Denek ulertzen dute hori, eta horregatik hartu behar dituzte matematikako eskolak ikasle guztiek. Beraz, ongi etorri matematikaren etorkizun distiratsura”.