euskaraespañol

Europar Batasunak Arkitektura Goi Eskola Teknikoa aukeratu du Erasmus Mundus Masterra koordinatzeko

Arkitekturaren eta hiri inguruneen arlo espezifikoan Europako bikaintasun programa horietako bat (4,15 milioi euroko zuzkidura du) koordinatzeko hautatutako lehen arkitektura eskola europarra da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/05

Euskal Herriko Unibertsitatea erreferente bihurtu da beste behin nazioartean. Duela gutxi, Europar Batasunak UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa hautatu du XX. mendeko arkitekturari eta hiri inguruneei berariaz eskainitako Erasmus Mundus Masterra koordinatu eta emateko. Esparru horietan bikaintasuneko master europarretako bat koordinatzeko hautatutako lehen arkitektura eskola europarra da, eta, kasu honetan 4,15 milioi euroko zuzkidura du. Erasmus Mundus Masterrek Europako Batzordeak deialdi oso lehiakor batean hautatutako programei ematen dien bikaintasun zigilua dute. Izan ere, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren proposamena Europar Batasun osoko eta diziplina akademiko guztietako unibertsitateek aurkeztutako 58 proiekturi gailendu zitzaien.

Euskal Herriko Unibertsitateak Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren bidez koordinatzen duen Erasmus Mundus Joint Masterraren izena ‘Architectural and urban contemporary heritage-ARURCOHE’ da. Partzuergoa Turingo Arkitektura Eskolak (Italia) eta Kaunasko Arkitektura Eskolak (Lituania) osatzen dute, eta Portoko Arkitektura Fakultatearen (Portugal) presentzia nabarmena da. Europar Batasuneko bikaintasun programa honen bidez, Donostiako unibertsitate zentro honek Arkitekturako eta Ingeniaritza Zibileko nazioarteko 26 ikasle onenak hartuko ditu datorren urtetik aurrera, ikastaroaren lehen zatia egiteko (sei hilabete). Bigarren zatia (beste sei hilabete) Turingo Arkitektura Eskolan egingo dute, eta hirugarren zatia (iraupen bera) Kaunasen edo Turinen egingo dute, bi asteko egonaldi berri bat barne.  Master berri honetan 70 irakasle inguruk parte hartzen dute. Horietatik 15 UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikokoak dira.

Arkitektura eta hiri ondare garaikidea babesteko, kontserbatzeko eta birgaitzeko kualifikazio handiko profesionalak eta ikertzaileak prestatzea da ARURCOHEren helburu nagusia. Enplegagarritasuna eta talde lana bereziki bultzatzen dira. 

Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Montse Maritxalarren hitzetan: “Master hau Europako Hezkuntza eta Kultura Agentzia Exekutiboaren (EACEA) aintzatespenarekin lortzeak indartu egiten du Euskal Herriko Unibertsitateak Europan duen presentzia, gaur egun eskaintzen duen graduondoko bikaintasuneko prestakuntzari dagokionez, eta ateak irekitzen dizkio arkitektura eta hiri ondare garaikidearen arloko nazioarteko prestakuntzari. Horrela, eskaintza akademiko berri honek gure unibertsitatearen prestakuntza eta etorkizuneko ikerketa arloak aberasten ditu, arkitektura ikasketekin lotutako jardun eremu batean. “

Bestalde, Masterreko zuzendari Santiago Sánchez Beitiak nabarmendu du ARURCOHEk UPV/EHUko Arkitekturak Goi Eskola Teknikoa kokatzen duela arkitektura eta hiri ondare garaikidearen kontzertu nazionalean eta nazioartekoan. “Naturaltasunez, irakasleen lan profesionalak, ikerkuntzakoak eta akademikoak ikusaraziko dira oso ingurune zorrotz batean. Bestalde, beste herrialde batzuetako kualifikazio handiko profesionalak hartuko dira programatutako ikastaro eta hitzaldietan. Masterra Ondareari buruzko Doktoretza Programari lotuta dago –eskolak koordinatzen du–. Programa horretan Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko eta Kantabriako Unibertsitateko hainbat eskolak eta fakultatek parte hartzen dute. Horrela, graduondoko prestakuntza bertikal osoa estaltzen da. Etorkizunean, ARURCOHEn inplikatutako eragileekin lankidetzan, arkitektura eta hiri ondare garaikideari buruzko Europako Ikerketa Proiektuetan parte hartzea aurreikus daiteke. “

Azpimarratzekoa da, halaber, erakunde nazionalek eta nazioartekoek proiektuari emandako babesa; tartean, hauek: Portoko Unibertsitateko (Portugal) Arkitektura Fakultatea, Italiako Arkitektura Eskolen Sarea, Le Corbusier Fundazioa (Paris, Frantzia), DOCOMOMO (Documentation and Conservation of buildings, sites and neighbourhoods of the Modern Movement) Iberiarra eta Nazioartekoa, ICOMOS Ikerketa Zentroa, Espainiako Kultura Ondarearen Institutua, Lituaniako Kultura Ondarearen Institutua, Academia Adrianea di Architettura e Archeologia Onlus erakundea, Espainiako Eraikuntzaren Plataforma, ERAIKIGUNE klusterra eta ARESPAH. Azken hiru erakunde horiek osatzen dute eraikuntzaren sektorearen partaidetza.

Santiago Sánchez Beitiak jarraitzeko esan duenez: “ARURCOHEren edukiak honako hauetan oinarritzen dira: Europako Kontseiluak ondare garaikiderako egindako dokumentuak, Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluak estatu kideei emandako XX. mendeko ondareari buruzko gomendioak, Monumentu eta Guneen Nazioarteko Kontseilua (ICOMOS), UNESCOren Munduko Ondarerako Konbentzioa, DOCOMOMO Iberiarra eta Nazioartekoa eta ondare agentzia nazionalak. Osagarri gisa, kontuan hartu da Europar Batasunak arkitekturaren arloko eskumen profesionalei buruz duen lege esparrua. Era berean, Europar Batasuneko beste dokumentu batzuk kontsultatu dira, eraikuntzaren sektorearen etorkizuneko joerei eta graduatutako gazteek hainbat industria sektoretan izan ditzaketen prestakuntza premiei buruzkoak. Horren ondorioz, oso irakaskuntza programa lineal bat planifikatu da, hiru bloketan banatuta (sei hilabete bakoitza), eta hirugarren blokeak (Master Amaierako Lana) bakarrik dauzka hautazko aukerak. Master Amaierako Lanerako bi bide eskaintzen dira: oin berriko obra ondare balioa duten lekuetan eta eraikuntza birgaitzea. “

Euskal Herriko Unibertsitateak zortzi baterako Erasmus Mundus Master eskainiko ditu ikasturte berri honetan. “Euskal Herriko Unibertsitatearen graduondokoen eskaintzak, gure ingurune sozioekonomiko hurbilenaren erronkei erantzuteaz gain, Europako errealitate berriari modu dinamikoan erantzuten dio; izan ere, Europako bikaintasuneko unibertsitate ikasleen radarra beren hurbileko lurralde mugetatik haratago doa, eta beren interes akademikoko arloan prestakuntza onena eskaintzen duten unibertsitateak bilatzen dituzte. Ildo horretan, ARURCOHE Masterrak graduondoko prestakuntza –gaur egun 40 unibertsitaterekin baino gehiagorekin lankidetzan eskaintzen du– etengabe eguneratzen ari den unibertsitate baten errealitatea erakusten du. Ikasturte honetan, Euskal Herriko Unibertsitateak ingeleseko graduondoko prestakuntza eskaintzen du 40 masterretan baino gehiagotan, eta horietako 18 hizkuntza horretan egin daitezke oso-osorik. Gainera, garrantzitsua da azpimarratzea aurtengo ikasturtean 8 masterrek Europako Hezkuntza eta Kultura Agentzia Exekutiboaren (EACEA) aintzatespen akademikoa dutela, eta horietako hiru Euskal Herriko Unibertsitateak zuzentzen dituela. Horrek esan nahi du gaur egun Espainiako Estatuan Erasmus Mundus Master gehien koordinatzen dituen unibertsitatea da”, Montse Maritxalar Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak ondorioztatu duenez.