euskaraespañol

Eguneko irudia

Martina Villate: «Gertutik ikusi dut Europako Kontseilua, eta han lan egitea gustatuko litzaidake»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/25

Martina Villate
Martina Villate. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Martina Villate, UPV/EHUko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Zuzenbidea gradu bikoitzeko ikaslea, Espainiako unibertsitateen 6 ordezkarietako bat izan da ConSIMium-en parte hartzeko, hau da, ikasleei zuzendutako Europako Kontseiluaren negoziazioen simulazioan. Esperientziaren ondoren, Bruselan lanean irudikatzen du bere burua.

Apirilaren 8an eta 9an Europar Batasuneko 27 herrialdetako 160 ikasle baino gehiago bildu ziren Bruselan, simulazio batean parte hartzeko. Bertan, Europako Kontseiluaren bileren fase guztiak bizi izan zituzten. Haien zereginen artean zeuden estatuaren jarrera erabakitzea, beste ordezkaritza batzuekin negoziatzea eta komunikabideen galderei erantzutea. Gai hauek landu zituzten: Adimen Artifiziala eta Zibersegurtasuna.

Nolakoa izan da Europako Kontseiluaren simulazioaren esperientzia?

Oso ona izan da. Ziztu bizian pasatu zitzaizkidan bi egunak. Oso egun beteak izan ziren. Ni asteazken arratsaldean iritsi nintzen, eta une hori izan nuen Estatuko beste unibertsitateetako kideekin apur bat egoteko eta elkar ezagutzeko, bideodei bidez baino ez bainituen ezagutzen. Kontseilurako prestatu genuena lantzen amaitzeko aprobetxatu genuen tarte hura.

Gure ordutegia 07:45etik 18:00ak artekoa zen, eta jarduerak eta hitzaldiak eginez hasten ginen. Azkenean txandakatu egiten ginen, eta bakoitzak funtzio bat zuen. Herrialde bakoitzeko 6 pertsona geunden; batek kazetari papera egiten zuen, beste bat enbaxadorea zen, ni ministroa nintzen, beste bat presidentea eta beste bi aditu nazionalak.

Simulazio honen ideia prozesu legegile bat irudikatzea da. Horretarako, lehendabizi, aditu nazionalek parte hartu behar zuten. Haiek proposamen batzuk prestatu behar zituzten, interes nazionalen arabera. Ondoren, enbaxadoreak aztertzen zuen proposamena eta, azkenean, ministroak ixten eta bozkatzen zuen.

Zein izan zen zure lana han?

Ni ministroa nintzenez, nire kideek aurrez landutakoaz arduratzen nintzen. Testuetako bat Adimen Artifizialari buruzkoa zen eta, bestea, Zibersegurtasunari buruzkoa. Funtsean, nik testuak zuzentzen nituen. Hau da, testuan aldaketak egiten nituen eta aldaketa horiek proposatzen nituen, herrialdearen nahiekin bat etortzeko.  Ondoren, testu horiek ixten nituen. Aurrez, gainerako ministroekin negoziatzen nuen, haien jarrera ezagutzeko, zer defendatuko zuten ezagutzeko eta nire eremura ekartzen saiatzeko.

Astelehenean, Espainiak Bruselan eta enbaxadan duen ordezkaritza iraunkorra bisitatu genuen, eta ordezkariondokoarekin egon ginen. Lanpostu hori nola eskuratu zuen eta zer ardura zituen azaldu zigun hark, eta Espainiaren presentziak Kontseiluan zer inpaktu izan zuen ere bai.

M.Villate: «Europar Batasunak egiten duena zuzenean ezagutzeko aukera handia izan zitekeela pentsatu nuen»

Zergatik erabaki zenuen proiektu horretan parte hartzea?

Ni Granadan nengoen, Sicue programarekin, eta proiektu honen iragarki bat ikusi nuen albisteen aldizkari batean. Jendea eskatzen zuten Europar Batasunaren programa batean parte hartzeko eta Europako Kontseilura joateko. Proposamena interesgarria iruditu zitzaidan, eta EUEBko kideak diren unibertsitateei zuzenduta zegoela ikustean, UPV/EHUren bidez izena ematea erabaki nuen.

Deialdia ikusi nuenean, Europar Batasunak egiten duena zuzenean ezagutzeko aukera handia izan zitekeela pentsatu nuen. Izan ere, azken finean, “gauzak egiten dituen” urruneko organo gisa ikusten dugu askotan, baina ez dakigu oso ondo zer egiten duen. Lekua hobeto ezagutzeko modu oso ona iruditu zitzaidan. Gainera, hala, Bruselara bidaia nezakeen lehen aldiz, eta oso gertu izan nitzakeen Europako erakundeak.

Gobernuko presidenteak testuak zuzentzeko biltzen diren lekuan eserita egon nintzen. Ez dago aukera hau beste modu batera bizitzeko modurik. Zentzu horretan, aukera paregabea iruditu zitzaidan, eta parte hartzen saiatu behar nuela erabaki nuen.

Nola uste duzu ekar ditzakezula Kontseiluan eskuratutako ezagutzak zure etorkizunera?

Askoz gertuagotik ikusi dut Brusela eta, benetan, niretzat hau nahi nukeen galdetu diot neure buruari. Hemen bizi nahiko nuke? Hemen lan egin nahiko nuke? Eta, nire ustez, guk bizi izan dugun moduan bizi ezean, ez duzu hori pentsatu ere egiten, dena askoz urrunago ikusten duzulako.

Eraikinean egon gara, eta zer egiten duten eta zer ez ikusi dugu. Beste herrialde batzuetako jendea ezagutu dugu, eta denak oso atseginak ziren. Gainera, denek euren esperientzia kontatzen ziguten: hara nola iritsi ziren, zer lan egiten zuten, zer beka dauden, nola bota daitekeen curriculuma han, nola lortu lana...

Denek ahalegin handia egin zuten guk gauzak ikas genitzan eta esperientzia hartatik informazioa eta etekina atera genitzan.

Ikusten al duzu zeure burua etorkizunean Bruselan curriculuma botatzen?

Baietz uste dut. Asko harritu nintzen, han lan egiten duen jendeari lanetik gutxien gustatzen zaiona Brusela hiria baita. Klima txarra duela diote, baina Bilbon bizitan, ez dago horrenbesteko alderik.

Gustatu dakidakeen lan bat da. Gainera, lanpostu mota asko daude: lege aholkularia, erakundeetan lan egiteko oposizioak, marketina... Nik uste baino askoz ere aukera gehiago daude.

Animatuko al zenituzke beste ikasle batzuk egitasmo honetan parte hartzera?

Bai, noski. Nire ustez merezi du hara joatea eta nolakoa den ikustea, hemendik hain urrun ikusten dugun horretara gerturatzea, eta gogoko izan dezakezula planteatzea. Denek izan behar lukete joateko aukera; esperientzia handia da.

Zein dira zure etorkizuneko planak?

Oraindik ere karrerako hirugarren urtean nago eta urruti samar ikusten dut. Beti izan dut buruan oposizioetara aurkeztea; batez ere, eskaintzen duen lan egonkortasunagatik. Pentsatzen dudan zerbait da, eta ez dut baztertzen Europar Batasuneko erakundeetan egitea. Dena den, kasu horretan, ez litzateke epe luzerako izango, Bilbora itzultzea gustatuko litzaidake eta.