euskaraespañol

Gaurko irudia

NASAren Mars 2020 misioko Perseverance rover-a planeta gorrian marteratuko da gaur

Misioan parte hartzen duten bi ikerketa taldeek ekitaldia zuzenean jarraituko dute Bizkaia Aretoan, euskal gizarteko ordezkariekin batera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/18

Nasaren webgunea, Perseverance roverra Martera amartitzatzeko atzerako kontaketarekin
Nasaren webgunea, Perseverance roverra marteratzeko atzerako kontaketarekin

Gaur gauean, 21:50 aldera, Perseverance roverra marteratuko da. Rover-a NASAren -ikerketa aeroespazialean diharduen AEBetako gobernuaren agentzia- Mars 2020 misioaren barruan planeta gorrira iritsiko den ibilgailu autonomoa da. Misioan parte hartzen dute Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikerketa-taldek: Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarioen Taldeak, Agustín Sánchez-Lavega irakasleak zuzentzen duenak, eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoko IBeA Taldeak, Juan Manuel Madariaga irakasleak zuzentzen duenak.

Misioan parte hartzen duten ikerketa taldeek, euskal gizartearen ordezkari talde txiki batekin batera, roverra planeta gorrian amartizatzea jarraituko dute gaur gauean, Bizkaia Aretoan. Nasak Marten duen misio berri honen zentzua eta euskal unibertsitateak proiektuan izango duen parte-hartze zehatza atzo aurkeztu zen, prentsaurreko jendetsu batean.

Horregatik Urbasa Andia, Urdaibai edo Volcanoes of the Basque Country deitzen dira kraterraren zenbait koadrante orain

"Euskal unibertsitate publikoa kudeatzen dugunok sarritan nabarmentzen dugu UPV/EHUren nazioartekotze-maila eta gure unibertsitateak nazioarteko rankinetan lortu duen leku garrantzitsua, baina horrelako errealitateek erakusten dute hitz horien benetako zenbaterainokoa”, adierazi zuen Eva Ferreira errektoreak, IBeA eta Zientzia Planetarioen ikerketa taldeek egindako lan bikainagatik eta Mars 2020 bezalako misio espazial garrantzitsuetan parte hartzeagatik zoriondu aurretik.

Sanchez-Lavega irakasleak Marte planetaren baldintzen eta misioaren helburuez esan zuen: "Duela 4.000 milioi urte Marten ura zegoela egiaztatu dugu, eta ura bizitzarako beharrezko osagaietako bat da. Perseverance roverra Jezero kraterrean pausatuko da, bere garaian ibai baten delta izan zena, eta, besteak beste, iraganeko edo egungo bizi-aukerak ikertuko ditu. Gure taldeak, zehazki, planetaren meteorologiaren gorabeherak eta iragarpen metereologikoetan aurrera egiteko aukera aztertuko ditu. Era berean, planeta estaltzen duen hautsa karakterizatzen saiatuko gara, gizakiak etorkizunean egingo dituen espedizioei begira; izan ere, haren presentzia arazo iturri etengabea da planetaren azalera eramatea lortu dugun tresnentzat”.

IBeA ikerketa-taldearen parte-hartzea roverrari gehitutako beste tresna batean zentratzen da, SuperCam delakoan, hain zuzen ere. Juan Manuel Madariaga irakaslearen hitzetan: "Tresna hau gaur egun dagoen sistema espektroskopiko konplexuena da, urrutiko analisiak egiteko eta jaso ditzakegun laginetara hurbilketa multianalitikoa lortzeko. Halaber, planetatik ateratako laginak itzultzeko sistema diseinatzen eta martiratzeko aukeratutako kraterra mapeatzen ere lagundu dugu. Horregatik Urbasa Andia, Urdaibai edo Volcanoes of the Basque Country deitzen dira kraterraren zenbait koadrante orain".

Esteka interesgarriak. NASAren web-orriak: 

- Rover Perseverance ibilgailuaren marteraiaren demoa ikusteko eta jaisteko: [ikusi

- Rover Perseverance ibilgailuaren ezaugarri nagusiak ikusteko: [ikusi

- Perseverance-ren marteraia zuzenean jarraitzeko: [ikusi]

- Informazio gehiago Mars2020 misioari buruz: [ikusi