Arkitekturan graduatua eta Arquia Fundazioak saritua
María Romeo: «Kalitatezko etxebizitzak behar dira, orain eta beti»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2024/12/20
Arquia beken XXV. edizioa ospatu du Arquia Fundazioak, eta 51 beka eman dizkie ikasleei eta arkitekto gazteei. Programa honi esker, Espainiako, Europako eta Estatu Batuetako arkitektura estudio ospetsuenetakoren batzuetan praktika profesionalak egin ahal izango dituzte beka jaso duten pertsonek. María Romero Gurruchaga, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan graduatutako ikaslea, izan zen sarituetako bat, espediente akademikoaren modalitatean. Maríak urtebeteko egonaldia egingo du REX estudio ospetsuan, New Yorkeko egoitzan. Ane Escribano Gallastegik, ikastegi berean graduatuak, ere saria jaso zuen, lehiaketa modalitatean. Anek RIA Fundazioan egingo du egonaldia, Santiago de Compostelan. Euskal Herriko Unibertsitateko ibilbideaz, jasotako bekaz eta bere etorkizunaz hitz egin dugu María Romeo Gurruchagarekin.
Euskal Herriko Unibertsitatean graduatua. Aparteko saria. Nola baloratzen duzu gure unibertsitatean izandako esperientzia?
Maitasun eta grina handiz oroitzen dut UPV/EHUn izandako esperientzia. Ikasketa trinkoko aldia izan da, irakasleekin zein bidaideekin partekatua. Horietako asko, orain, lagunak dira. Ikasturte guztiak bakarrak dira, bata bestearengandik ezberdinak. Hala, ikasturte bakoitzeko eskakizun mailak etengabe ikasteko nahia pizten zigun, eta arkitekto batek haren ziklo akademikoa amaitzean bere gain hartzen duen ardura ulertzeko balio zigun. Zentzu horretan, irakasleek funtzio oso garrantzitsua izan dute ikasleak arkitekto hasiberri gisa prestatzen, eta gure begiratzeko eta ikusteko modua aldatuta askatu gaituzte lan mundura. Hortaz, aparteko sari honek ez du nik Arkitekturako Graduan egin dudan lana eta ahalegina bakarrik aitortzen, euren irakasgaiekiko ilusioa eta arkitektoaren lan profesionala transmititu zizkiguten irakasle horien lana ere aitortzen baitu.
Zer nabarmenduko zenuke eskolan izan duzun esperientziatik?
Prestakuntza urte hauek nirekin partekatu dituzten pertsonen eskuzabaltasuna, irakasleek transmititutako eta guk sentitutako ilusioa, eta ziklo akademikoen intentsitatea. Eskolan izandako esperientzia maitasunez gogoratzen dut horiei esker. Harrigarria iruditzen zait nola denbora tarte labur batean arkitekturarekiko interes soila izatetik diziplina horren alderdi guztiekiko benetako pasioa garatzera irits zaitezkeen.
Zein izan zen zure Gradu Amaierako Lana? Azaldu labur zuk defendatutako lana.
Musika eskola bat egin nuen Porta Ticinesen, Milango San Lorenzo basilikaren parean, Iñigo García Odiagarekin batera; nire tutorea da, eta lagun handia. Bosgarren urtea Milango Politeknikoan egin nuen, eta hiriko lursail bat aukeratzea erabaki nuen. Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketek utzitako hutsune bat hautatu nuen, oraindik berreraiki gabe zegoena. Horma bitarteko eraikin berriak altuera ezberdinetan dauden bi blokeen arteko arrakala josi nahi du. Hortaz, proposamen formal bat egin zen: testuinguruarekin eta programarekin bat zetorren harrizko solido bat zizelkatzea. Milanen ekitaldi kultural ugari antolatzen dira urtean zehar. Hortaz, antzoki, dantzagune, aisialdirako gune, liburutegi, artxibategi, entsegu gela... bilakatzen zen eraikina. Proposamenaren materialek keinu egiten zieten San Lorenzoko kolomadi erromatarrean erabilitako materialei. Bertan, Lombardiako iparraldeko harrobietako kareharrien ildaskatu eta kolore gorriztak eraikinaren harrizko hizkuntzara eraman ziren, berrinterpretatuta. Hori dela eta, epaimahaiak oso nota ona jarri zion gure lanari ahozko aurkezpenaren ondoren.
Gaitasun masterra egin duzu Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ETSAn. Nolakoa izan da esperientzia?
Ekainean entregatu nuen Master Amaierako Lana, hortaz, dagoeneko gaituta dago eta, momentuz, amaitu dut nire ziklo akademikoa. Urte gogorra izan zen, eta eskola berriaren egiteko modura egokitu behar izan nuen. Izan ere, Espainiako arkitektura eskola bakoitzak filosofia bat du. Lan handiko urtea izan zen. Astero izaten nituen zuzenketak, eta proiektuaren bilakaera ia etengabea zen, bai proiektuaren garapenari dagokionez, bai alderdi teknikoari dagokionez. Gainera, arlo guztietako irakasleak oso arkitekto onak ziren, eta profesional handiak. Prest zeuden irakasteko eta ikasleen lanak bikaintasunera eramateko.
Zer nabarmenduko zenuke?
ETSAMen, esperientzia oso ezberdina da masterra egiteko aukeratzen duzun katedraren arabera. Nire kasuan, masterra Jesús Aparicio irakaslearen unitatearekin egitea erabaki nuen. Izan ere, errespetu handia nion, haren eraikitako lanaren kalitateagatik. Harritu egin ninduen proiektu arkitektonikoa zer eskakizun eta anbizio mailarekin kontzebitzen den, betiere gainerako guztiaren elementu zentral gisa. Gainera, eta gauzatu nuen proiektua neurri handikoa izan arren, eraikuntzaren xehetasunak eta erabilitako materialak mimoz aukeratzera eta hori lantzera animatzen ninduten irakasleek. Izan ere, azken finean, erabiltzaileak zuzenean horixe hautematen du eraikitako espazioetan. Orain arreta handiagoa jartzen diet xehetasunei, gauza txikiei eta espazioen berotasunari.
Nola baloratzen duzu Arquia Fundazioaren irabazleetako bat izatea, espedienteagatik?
Niretzat pribilegio bat da Arquia Fundazioaren bekadunetako bat izatea Beka Profesionalen 25. edizio honetan. Oso zorteduna naizela sentitzen dut, aukera honetaz gozatu ahal izango dudalako. Badakit, eta ez dut zalantzarik, mundu berri bat irekiko didala, ustez ezagutzen dudan hori baino askoz ere zabalagoa.
Sorpresa izan al zen? Espero zenuen?
Egia esan, nire espedienteak horrelako aukera baterako ateak ireki ziezazkidakeen konfiantza nuen. Dena den, beti izaten dira ziurgabetasun momentuak, arazo edo ezustekoren bat gertatu daitekeelako, eta ez dakizulako zer estudio tokatuko zaizun. Uste dut lehenengo lan esperientziak asko baldintzatzen dituela zure ondorengo lana eta arkitekturaren munduaren barruan dituzun interesak. Hortaz, egokitzen zaizun norakoak erabat aldatuko du zure ikusmoldea eta zure etorkizuna.
Ezagutzen zenituen fundazioa eta haren bekak?
Bai. Ezagutzen nuen Arquia Fundazioa, sarritan egiten dituzten argitalpenengatik eta ekitaldietan eta beste ekintza kultural batzuetan egiten duten dibulgazio lan handiagatik. Zehazki, beka profesional hauek aukera handia dira guretzat, eta beti eskertuko dut Fundazioak gurekin duen eskuzabaltasuna.
Oso zorteduna naizela sentitzen dut, aukera honetaz gozatu ahal izango dudalako
REX estudioaren New Yorkeko egoitzan egonaldia egiteko da beka. Hitz egidazu apur bat estudio horretaz. Zer proiektu mota gauzatzen ditu? Zer arkitektura mota?
REX oso estudio interesgarria da. New Yorken eta Kanadan hainbat eraikin kultural, sozial eta hezkuntzako eraikin dituzte eginda, oso interesgarriak testuinguruarekin duten loturagatik eta materialengatik. Leku batekin bat etortzearen ikuspegi hori eta forma-funtzioa harreman dikotomikoaren ageriko analisia bereziki interesatu izan zaizkit hasieratik. Gainera, estudio honek arreta berezia jartzen die eraikuntzaren xehetasunei eta materialen aukeraketari, eta nik uste dut asko dudala ikasteko gai horien gainean. Horrek motibatu egiten nau.
Zuk aukeratu zenuen norako hori, ala esleitu egin zizuten?
Eurek aukeratu ninduten, hainbat elkarrizketa pertsonal egin ondoren. Baina, aldi berean, nire lehenengo aukera zen aurretiko hautatuek bete behar genuen estudioen zerrendan. Zorte handia dut.
Nola baloratzen duzu?
Aukera handia da. Ahalik eta gehien ikasten saiatuko naiz eurekin nagoenean, eta nire lana eskainiko dut, proiektu onak aurrera ateratzeko.
Noiz joango zara? Zenbat denbora egongo zara han?
Bekaren hasiera hilabete batzuk atzeratu da eta, ziur asko, maiatzean hasiko naiz. Nire kasuan, bekaren iraupena 12 hilabetekoa da, eta 18 hilabetera luza daiteke, bi alderdiak ados egonez gero.
Zer lan mota egingo duzu han?
Estudioaren barruan hierarkia horizontala dutela esan zidaten. Hortaz, denek egiten dute denetik apur bat, eta ni horretara egokitzea espero dute. Hortaz, Revit eta Autocadekin lan egingo dut exekuzio proiektuetarako, eta beste programa batzuk erabiliko ditut proiektuen infografiak eta irudiak egiteko.
New Yorketik igaro ondoren, nora joan nahi duzu?
Jainkoak esango du. Hasiera batean, Espainiara itzultzea gustatuko litzaidake, ahal dudan neurrian hemen eskaini didaten guztia itzultzen saiatzeko, oso eskertuta bainago. Ikasten jarraituko dut, eta estudioetan lan egiten. Eta, nagusiagoa naizenean, estudio txiki bat irekitzea gustatuko litzaidake, xehetasunak zaintzen dituzten proiektuak egiteko.
Zure iritziz, norantz begiratu behar du etorkizuneko arkitekturak?
Eraikitakoaren eta eraikitzeko dagoenaren arteko oreka bilatu behar du. Hirien hazkunde kontrolatua sustatu behar da, lehendik dauden hiri espazioak birgaitzearekin eta leheneratzearekin batera. Biak, kualitate berdinekin: gizarte zibilarentzat kalitatezko espazio publikoak eta pribatuak sortzea, bizigarriak eta erosoak.
Hasteko, arkitekto batek erantzukizuna izan behar du
Zer etxebizitza behar da etorkizunera begira?
Kalitatezko etxebizitzak behar dira, orain eta beti. Etxebizitza argitsuak, espazioa dutenak eta aireztatzeko aukera dutenak. Funtsean, ongi pentsatutako eta ongi eraikitako etxebizitzak. Modu bidegabean, etxebizitza sozialak gutxieneko etxebizitzarekin lotzen ditugu. Bizitzeko funtsezkoa dena izatearekin. Dena den, etxebizitza sozialen beste adibide batzuek, hala nola Frantziakoek edo Suitzakoek, erakusten digute posible direla eta desiragarriak direla etxebizitza handiagoak, edozein familia unitate motarentzat eta edozein baldintza sozialetako familientzat balio dutenak.
Eta zer hiri mota?
Hiri habitagarriak, saneatuak, proportzionatuak eta hiritarrentzat atseginak. Donostiako zabalgunea hiri antolamenduaren adibide ona iruditzen zait. Egia esan, uste dut ez dugula hirigintza berri bat sortu behar, hiri eredu onak atenporalak baitira, garai berrietako beharretara egokitzeko gai direnak. Aldatu dezakeguna eta aldatu beharko genukeena eraikin motak dira. Teknologia berriak ezarri behar ditugu, eraikin hobeak sortzeko, bai egunero eraikin horiek erabiltzen dituzten erabiltzaileentzat, bai hirian zehar paseatzen duten hiritarrentzat. Izan ere, eraikin orok, jabetza pribatukoa izan arren, ekarpen publikoa egiten du, kanpoko munduaren bistan baitago. Eraikin orok hiriari begiratzen dio eta, aldi berean, hiriak ikusten du bera.
Zer gaitasun izan behar ditu arkitekto batek etorkizuneko gizartearen beharrei erantzuteko? Zer izan behar du kontuan?
Nire ustez, hasteko, arkitekto batek erantzukizuna izan behar du. Bere lanak pertsonen egunerokoan inpaktu bat duela jakin behar du: inpaktu positiboa eta, kasu batzuetan, zoritxarrez, negatiboa. Bestetik, arkitektoak gai izan behar du lan egiten duen eremuko errealitate soziala, kulturala eta ekonomikoa aztertzeko, eremu hori txikia izan arren. Arkitekturarekiko benetako grina eta lanerako gaitasuna izanez gero, iritsiko da arkitektura ona, etorkizuneko beharrei erantzuteko gai dena.