euskaraespañol

Eguneko irudia

Maratoi baterako estrategiarik onena

Erritmo-estrategia funtsezko faktorea dela atleta ororen errendimenduan iragarri du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/02

José Joaquín Díaz Martín. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza sailak egindako azterketa batek atleta-mailak, sexuak eta zirkuitu motak maratoiko lasterkariek hartutako erritmoetan duten eragina aztertu eta alderatu du, eta ondorioztatu du lasterketan hartutako erritmo-estrategia dela atletaren errendimenduaren funtsezko faktoreetako bat.

Maratoi batean gizakion errendimenduaren mugak etengabe eztabaidatzen dira. Ziur aski, maratoi homologatu batean 2 orduko langa hausteko, zenbait faktore hartu behar dira kontuan: ezaugarri biomekaniko eta fisiologiko apartak dituen atleta handia, egun ona, ingurumen- eta lasterketa-baldintza onak eta abar.

“Atletaren errendimenduaren giltzarrietako bat lasterketan hartutako erritmo-estrategia da. Erritmo-estrategia lehiaketako baliabide energetikoak eraginkortasunez erabili eta banatzeko gaitasuna da, lasterketa amaitu baino lehen energia-erreserba guztiak erabiltzeko, garaiz aurreko nekea eta, hartara, helmugatik urrun abiadura nabarmen moteltzea sahiesteko”, adierazi du José Joaquín Díaz Martínek lanaren egileak.

“Atletek etengabe erabaki behar dute nola eta noiz inbertitu denboran zehar beren energia-baliabide mugatuak lasterketa bat irabazteko —dio Díaz Martínek—. Atletak, errendimendu-maila edozein dela ere, gai badira lasterketan erritmo egokia hartzeko eta, gainera, errendimenduan eragiten duten faktoreak ulertzeko, denbora azkarragoak erregistratzeko gai izango dira; baita eraginkortasun gutxiagoko erritmoak erabiltzen dituzten gaitasun fisiologiko handiagoko beste lasterkari batzuen aurretik amaitzeko ere, maratoian arrakasta lortuz eta errendimendua hobetuz”.

Lan honetan ikusi da erritmoaren estrategia aldatu egin dela azken 50 urteetan. “Atleta klasikoek estrategia positiboa erabiltzeko joera dute (lasterketa-abiadura pixkanaka murrizten da lehiaketa igaro ahala), baina gaur egungo atletek estrategia negatiboa erabiltzen dute (lasterketa-abiadura nabarmen handitzen da proba egin ahala)”, adierazi du ikertzaileak.

Beste datu esanguratsu bat da gizonak eta emakumeak desberdinak direla gai honetan. Díaz Martínen arabera, “gizonezkoek abiadura handitzen dute proba egin ahala (erritmo negatiboa), baina emakumezkoek ez dute estrategia zehatzik eta erritmo ez hain uniformea erabiltzen dute maratoian”. Hala ere, “errendimendu-maila kontuan hartuz gero, ikusi dugu eliteko atletek estrategia negatiboa erabiltzen dutela, sexua edozein dela ere, eta atleta amateurrek, berriz, estrategia positiboa aukeratzen dutela”, gehitu du.

Horrenbestez, ikertzaileak nabarmendu du, “lan honek informazio garrantzitsua eman dezakela etorkizuneko maratoi-atletentzat markak hobetzeko, baldin eta erritmo negatiboko estrategia erabiltzen badute (lasterketan atletak abiadura azkartzen duen estrategia) maratoia osatzeko”.

Munduko errekorrari dagokionez, “datuek iradokitzen dute Berlingo maratoia, garai guztietako 7 erregistro onenak dituena, munduko errekorra lortzeko etorkizuneko saiakeretarako aproposena dela”, ondorioztatu du José Joaquín Díaz Martínek.

 

Informazio osagarria

Ikerketa hau José Joaquín Díaz Martín (Huelva, 1989) doktore-tesiaren barnean egin da. Doktore-tesiaren izenburua ‘Análisis de la estrategia del ritmo en maratón desde el nivel recreacional hasta los récords del mundo: influencia del nivel atlético, sexo y perfil del circuito / Analysis of marathon pacing strategies from recreational to world record level: influence of athletic ability, sex and race profile’ da, eta Jordan Santon Concejero UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza saileko irakasleak zuzendu du.