euskaraespañol

María Paula Meneses: «Geure burua ezagutzen eta besteen jakintzak aitortzeko bideak bilatzen berrikasi behar dugu»

Mozambikeko ikertzaileak Hegoak antolatutako Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren V. Biltzarrean hartu zuen parte

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/25

María Paula Meneses
María Paula Meneses. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

María Paula Menesesek Maputon egin zuen bigarren hezkuntza (Mozambiken). San Petersburgoko Unibertsitatean (Errusia) historiako maisutza eskuratu zuen, eta Rutgerseko Unibertsitatean (AEB), antropologiako doktoretza. Eduardo Mondlane Unibertsitatean (Mozambike) hasi zuen bere karrera, 1989an, eta, 2004an, ikertzaile gisa jardutera joan zen Coimbrako Unibertsitateko Gizarte Ikerketen Zentrora. Eskolak ematen ditu han, zenbait doktoretza-programatan. Gaur egun, Gizarte Ikerketen Zentroko ikerketa-koordinatzailea da. Horrez gainera, Mozambikeko zenbait unibertsitatetako irakasle ere bada.

Aktiboki hartzen du parte elkarrekiko ikaskuntzan oinarritutako trebakuntza-jardueretan; pertsona hezitzaileen eta ikasleen arteko bereizketa konbentzionala gainditu nahi du, elkarrengandik ikasteko eta “ezagutzaren ekologiarekin” lotutako ideietatik abiatuz. Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren V. Biltzarrean hartu du parte, eta ‘Utopiak ekintzan eraikitzen: Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren erronkak’ izenburuko txostena azaldu.

Lehenengo galdera nahitaezkoa da. Gizarte-eraldaketarako tresna bat al da hezkuntza?

Hezkuntzak baditu zenbait dimentsio, eta haietatik garrantzitsuenetako bat da gure burua gizaki gisa ezagutzea; gainditu beharra dago batzuek ez dakitelako eta zibilizaziora ekarri behar ditugulako ideia. Nire ustez hori da gaur egun munduak duen arazoetako bat: geure posizioetan geure burua desberdintzat aitortzen desikasi dugu. Eta, horren ondorioz, geure burua aitortzeko eta besteen jakintzak aitortzeko bideak bilatu beharrean aurkitzen gara. Geure burua ezagutzen berrikasi behar dugu.

Zure txostenean adierazi duzu Hegoalde globalaren ezagutzen jabe egin dela Iparraldea, unibertsaltasun bertikal hori apurtu beharra dagoela...

Bereziki Ilustrazioaren garaian ezarri zen logika zentzugabe samar baten parte da hori; izan ere, orduan ezarri zen ideiaren arabera, ezagutza gizarte-harremanen ondorioa da eta Iparraldearen ezagutza hori zibilizazio-eredu bihurtu zen. Horrenbestez, gainerakoaren jabe egiten da, berea balitz bezala hartuz, edo, bestela, baztertu egiten du eta tokiko balio gisa bakarrik hartzen du aintzat. Horrela, alferrik galdu da esperientzia eta ezagutza asko. Uste dut hori oso agerikoa dela nire kontinenteaz hitz egitean; kontinenteari buruz hitz egiten da eta ez kontinentearekin; iraganeko ideia kolonialak errepikatzen dira.

Kolonialismoa iraganeko zerbait dela jotzen dugu, baina gaur egun ere hortxe dago...

Errealitate bat da, kapitalismoaren parte dena; dependentzia-erlazioak sortzen dituena, baina herritartasuna aintzat hartuta. Langile bat zanpatuta egon daiteke, baina baditu eskubideak logika kapitalistaren barnean. Hirugarren mundutik datorren langile batek, ordea, ez du eskubiderik, ez zaio uzten herritar izatearen baldintza horretan sartzen; horixe da gaur egun dugun arazoa, eta eredu kapitalistak agerian uzten diguna, nahiz eta munduko hainbat tokitan espezifikotasunak izaten jarraitzen duen.

Nork bere historia propioa kontatzeko boterea (berriz) konkistatzeko, adierazpide garaikideen jatorriaren inguruko elkarrizketa kritiko bat egin behar da; zalantzan jarri behar dira kolonialismoarekin lotutako kontzeptuak...

Nire ustez, Errusiar Inperioa amaitu zenetik ez da autonomia eta autodeterminazioaren aldeko borrokaren irakurketa zuzenik izan, eta hori Europaren gaiarekin eta Bigarren Mundu Gerrarekin geratu zen agerian. Armada aliatuetako soldadu asko kolonietatik zetozen, beren herrien autodeterminazioa eta emantzipazioa lortuko zutelako promesari helduta; baina gero ez zen halakorik izan. Eta horrexegatik sortu ziren ondorengo protestak eta gerrak, bete gabeko promesa bat izan baitzen eta aliatuek ez baitzuten ulertu inperioen garaia amaierara iritsia zela.

«Ezagutza sortu behar da elkarrizketa egoeran dauden lekuen artean»

Horrekin lotuta, ezagutzarekin injustizia bat gertatu da, desparekotasun kognitibo bat...

Oso kezkatuta nago singularrarekin eta besteen plural adjektibatuekin. Alegia, alde batetik, filosofia daukagu, eta, bestetik, filosofia txinatarra, filosofia indianoa, filosofia afrikarra, etab. Badirudi filosofia Europakoa bakarrik dela, eta gainerakoak kontzeptu horretatik kanpo geratzen direla. Eta kontua da ezagutza sortzea elkarrekin solastatzen diren tokien artean; izan ere, ezinezkoa da berdintasun potentzial batean elkarrekin egotea, nondik gatozen aitortu gabe. Oso prozesu konplexua da, estatu-nazio baten hezkuntza hezkuntza bakarra baita, eta ez ditu ezagutza horiek guztiak biltzen.

COVID-19aren aurkako txertoen banaketa ere aipatu zenuen, desparekotasun horren paradigma gisa.

Hori zenbait mailatan frogatu zen. Pandemiaren arazoak eztanda egin zuen, arazoa Iparraldean ardaztu zenean. Hiesarekin, adibidez, saiakera egin zen azaltzeko arazo hori ez zegokiola Iparraldeari eta, gainera, epidemia guztiak Hegoaldean daudela. Bestalde, OMEk arazoa konpontzeko izan zuen ikuspegia Iparralderako bakarrik izan zen baliagarria, baina ez munduaren zatirik handienerako. Toki askotan, haurrak etxean daude, eskolara joan ezinik, eta irakasleek astean behin bidaltzen dizkiete egitekoak. Erlazio hori apurtu da; hezkuntza egokia jasotzeko kondiziorik ez dute, etxeetan ez dago ordenagailurik... Munduaren zatirik handienean erreala ez den gizarte baterako dimentsionatu zen arazoa. Eta txertoari dagokionez, hobe izango zatekeen patenteak irekitzea eta txertoak (gizateria bizirik irauteko ondasuna) hainbat tokitan ekoitzi ahal izateko kondizioak sortzea.

Nola definituko zenuke “ezagutzaren ekologia” terminoa?

Mundua giza talde guztien ezagutzaz osatuta dagoela aitortzeko saiakera bat da; aitortu behar da ezagutza horiek talde horietarako direla baliozkoak, beren esperientziaren ondorio baitira, baina guztiak osagabeak direla, testuinguruarekin lotutako kondizioen araberakoak baitira. Horregatik da hain garrantzitsua elkarrengandik ikastea eta ez baztertzea beste testuinguru batzuetatik eskura ditzakegun ekarpenak. Zenbait gauzaren artikulazio bat da: elkarrizketa, bizikidetza, entzute sakona eta, bereziki, arazoak konpontzeko aukerak eta ezagutza erabilgarria partekatzea.

«Erronka garrantzitsua da ulertzea mundu guztiak sortzen duela ezagutza»

Hegoalde globalaren ezagutza balioetsi beharko litzateke.

Hegoalde globala ez da kontzeptu geografiko bat, epistemikoa da; lerro abismalaren bestaldean dagoena dela esaten dugu. Iparralde globala bertikalki proiektatzen da ezagutza baliagarriagoarekin, eta besteek tokiko balioa baino ez dute, haientzat da eta ez gizateriarentzat. Erronka garrantzitsua da ulertzea mundu guztiak sortzen duela ezagutza.

Zein dira hezkuntza post-abismal baterako proposamenak?

Hezkuntza post-abismala, batez ere, esperantza eta erantzukizuna ematen digun hezkuntza bat da. Bada mundu bat gure erantzukizun kolektiboaren mende dagoena, baina mundu hori ez da gizakiena bakarrik, bizitoki dugun etxe-lur bat da, eta horregatik arduratsu izan behar da etxe-lur horrekin. Eta horrek adierazten du modu jasangarri batean pentsatu behar dugula. Sustraietatik pentsatzen irakatsi behar da. Irakasteko modua aldatu beharra dago; irakasleak komunikazioa erraztuko duen pertsona izan behar du gehiago. Bestalde, herritar globalagoak eraikitzeko erronka daukagu; ezagutza horiek guztiek hezkuntza-programen parte izan behar dute.

“Elkarren artean hitz egiten badugu bakarrik lortuko dugu deskolonizatzea”. Utopia edo errealitatea?

Nire ustez, errealitate bat da, horixe gertatu baitzen Afrikako kontinenteko toki askotan. Historiarik ez zegoen kolonia bateko kide izaten abiarazi nuen nire hezkuntza-ibilbidea, eta, iraultzaren ondoren, historia sartu zen, Mozambikeko literatura, eta hori deskolonizatzeko modu bat izan zen. Konexio globalak zituen eskualde batekoak ginela ikusten hasi ginen, eta beren esperientzia ekarri ziguten beste toki batzuetako pertsonen kolaborazio asko izan genituen.