euskaraespañol

Iberiar penintsulako herrixka eta baserrietako elikadura Goi Erdi Aroan

Maite Iris García Collado ikerlariak doktorego sari berezia jaso du nazioarteko bere tesiagatik

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/21

Maite Iris García Collado ikerlaria Letren Fakultatean | Argazkia: Nuria Gonzalez. UPV/EHU

‘Social archaeology of food in early medieval rural Iberia (5th-9th c. AD)’ nazioarteko tesiak (Elikaduraren arkeologia soziala Goi Erdi Aroko landa eremuan [Kristo ondorengo V.-IX. mendeak]), Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Maite Iris García Colladok eginak, Euskal Herriko Unibertsitateak 2023ko ekainean emandako aparteko doktorego saria lortu du.

Goi Erdi Aroko Iberia landatarreko elikaduraren historia soziala zirriborratzen da tesian, hiru eskualdetako elikadura ereduen konparazioan oinarrituta, hezur kolagenoaren gaineko karbonozko eta nitrogenozko isotopo egonkorren analisian funtsatuta. Horretarako, laginak hartu ziren Madril-Toledon, Euskal Herrian eta Katalunian kokaturiko V. eta IX. mendeetako hamar landa kokalekutan; hileta arkeologiaren, demografiaren eta paleodietaren ikuspegitik ikertu ziren kokaleku horiek.

“Goi Erdi Arorako Iberiar penintsulan (inoiz aztertu gabeko eremu geografikoetan) elikadurari buruz orain arte egin diren berreraikuntzetatik handiena da –azaldu digu ikertzaileak–. Tesi honek komunitate zientifikoaren esku jartzen ditu elikadurak Erdi Aroko identitateen eraketan nola isla gisa hala elementu aktibo legez izan zuen garrantziari buruzko datu normalizatu eta metodologikoki eguneratu ugari”.

Aztertutako fauna multzoen arabera, «oso datu interesgarriak daude animaliak kudeatzeko estrategiei eta landa gizarte horietako nekazaritza jarduerei buruz». Eskualde bereko animaliak antzera elikatu ohi ziren, eta horrek esan nahi du inguruneak mugatutako baliabideen eskuragarritasuna funtsezkoa zela, seguruenik, abeltzaintza kudeaketarako estrategiak taxutzeko, eta, oro har, ez zegoela alde nabarmenik behien, ardien, ahuntzen, zaldien eta astoen artean. “Madril-Toledon artatxiki bazkarekin ere elikatzen ziren animaliak, proportzio txikiz bazen ere, eta horrek esan nahi du modu intentsiboan ongarritutako landareak kontsumitzen zirela. Ziurrenik, hori lortzeko, uztaren ondoren ganadua bazkatzen uzten zen soroetan, eta landa komunitateetan barne kohesio handia zegoela adierazten du horrek”.

Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arteko integrazio argia

Madril-Toledon eta Euskal Herrian txerriak leku irekietara eramaten ziren bazkatzera; Kataluniako txerriak, aitzitik, «etxeko hondakinekin elikatu ohi ziren, partzialki behintzat, eta patioetan hazten ziren seguruenik». Gainera, ikerlanean jasota dago nola Madril-Toledon hala Katalunian artatxikiak asko erabiltzen zirela etxeko hegaztiak elikatzeko. Txakurrak eta katuak, bestalde, gizakiekin kontaktuan bizi ziren, eta etxeko hondakinekin elikatzen zituzten gizakiek batez ere. “Lortutako datuen arabera, Goi Erdi Aroko landa kokaleku iberiarretan nekazaritza praktika multzo konplexu bat existitzen zen, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arteko integrazio argia zuena eta historiografia tradizionalak proposatutako agertoki sinple eta primitiboetatik urrun zegoena”, nabarmendu du Maite Irisek.

Gizakien dietari dagokionez, tesi honek frogatu egiten du Euskal Herriko giza dieten ezaugarri nagusia zera zela, “elikaduran landare baliabideek garrantzi handia zutela, batez ere zerealek, frutek eta barazkiek, eta, zehazkiago, artatxiki asko kontsumitu ohi zutel”. Kataluniako kokaguneetako eta Madril-Toledoko herrietako giza dieta Euskal Herrikoaren antzekoa zen. Lurreko baliabideak kontsumitzen zituzten batik bat, baina Kataluniako populazioetan animalia jatorriko proteina gehiago jaten zituztela ematen du aditzera ikerketak. Bestalde, itsasoko nahiz ur gezako baliabideei dagokienez, tesian aipatzen da aztertutako populazio guztietan ia ez zutela halakorik kontsumitzen. “Oso zaila da Goi Erdi Aroan Iberiako landa populazioek zuten dieta tipiko bat zehaztea. Halako testuinguruetan, elikadura ereduen ezaugarri nagusia aniztasuna zen, tokiko baliabideen eskuragarritasuna eta, ziurrenik, kondizio sozial, politiko eta kulturalak zirela eta”, nabarmendu du ikertzaileak. Halaber, “eskura ditugun datu urrien arabera, nekez da pentsatzekoa Iberiako Goi Erdi Aroko landa gizarteetan sexuen arteko desberdintasun sistematikoak zeudenik elikadura baliabideen banaketan”.

Dieta estatus sozialaren adierazle gisa

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak beste gai bat ere aztertu du bere tesian: dietak gizarte estatusaren adierazle gisa duen zeregina, hain justu; hala, hilobietan zeuden hileta biltegiak aztertuta, baita hilobiek erkidegoko hilerrien barruan edo kanpoan edota elizekin lotuta zuten kokapen topografikoa ere. “Elikaduraren eta estatus sozialaren arteko harremana korapilatsua zen, eta ez zuen argi eta garbi funtzionatzen. Madril-Toledon eta Euskal Herrian ohikoagoa zen edozein tramankulurekin lurperatutako pertsonek beren dietetan artatxiki kopuru jakin batzuk izatea. Horrek adierazten du zerealen kontsumo ereduek eta, bereziki, artatxikiaren eta artatxiki iletsuaren kontsumo ereduek rol garrantzitsua izan zutela gizarte estatusa zehazteko”. Halaber, ikerketak egiaztatu du hilobien kokapen topografikoa ere ez zegoela zuzenean lotuta elikadurarekin. “Inola ere ezin izan da identifikatu elikadura eredu espezifikoak dituzten gizabanakoen multzorik eremu garrantzitsuenen inguruan, adibidez, elizen absidean. Izan ere, leku marjinaletan lurperatu zituzten arren, silo eta putzuetan aurkitutako pertsonen dietak produktu mota berean oinarrituta zeuden ziurrenik”.

Azkenik, Maite Irisek Europan eta Mediterraneo inguruan dauden ikerketa garaikide guztien berrikuspena egin du. “Populazio iberiarrak Europako hegoaldeko beste eskualde batzuetakoen antzekoak ziren; horietan ere zerealetan, frutetan eta barazkietan oinarritutako lurreko dietak ziren nagusi, naiz eta artatxiki eta artatxiki iletsu gutxiago kontsumitu eta animalia jatorriko proteinen ahorakinak oso aldakorrak izan. Horrenbestez, argi dago Iberiak Europako eta Mediterraneoko beste lurralde batzuen dinamika berberak zituela”, ondorioztatu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Informazio osagarria

'Social archaeology of food in early medieval rural Iberia (5th-9th c. AD)' nazioarteko tesiak (Elikaduraren arkeologia soziala Goi Erdi Aroko landa eremuan [Kristo ondorengo V.-IX. Mendeak]) Juan Antonio Quirós Castillok zuzendu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Erdi Aroko Arkeologiako katedradunak, hain zuzen ere. UPV/EHU eta Università degli studi della Campania (Italia) unibertsitateetan garatu zen. 2020ko abenduan, Juan José Larreak (UPV/EHU), Margarita Fernández Mierrek (Oviedoko Unibertsitatea) eta Michelle Alexanderrek (University of York) osatutako epaimahai batekin defendatu zen nazioarteko tesi gisa, eta kalifikazioa bikain cum laude izan zen. Horren ondoren, Maite Iris García Colladok tesi horrekin irekitako ikerketa ildoan lanean jarraitu du, doktoratu ondoko ikertzaile gisa, UPV/EHUn eta University of York ikastetxean, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako kontratu bati esker.