Maitane Alonso Monasterio, UPV/EHUn Medikuntzako bigarren maila hasi berri duena, etxe ondoko txoko batean hasi zen elikagaien bizitza baliagarria luzatuko zuen makina bat garatzen. Duela gutxi, makina horrek iraunkortasunaren arloko lehen saria eta mikrobiologiako bigarren saria jaso ditu Phoenix-en (AEB) egiten den zientzia eta teknologiaren arloko munduko txapelketarik handienean.
Maitane Alonso, Sodupeko txoko batetik mundu zientzia eta teknologiaren azokarik garrantzitsuenetako batera
UPV/EHUko Medikuntza Graduko bigarren mailako ikasle horrek elikagaien kontserbazioa luzatzen duen makina bat asmatu du, eta sari bat jaso du Estatu Batuetan
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2019/09/11
Maitanek txikitatik hartu du parte Elhuyarren udalekuetan eta zientzia azoketan; hortxe jaio zen ikerketarekiko duen interesa. Eta makina hori asmatzeko txinparta aitaren barbakoekiko afizioa izan zen: beti gelditzen zen janari asko soberan, baina ez zen beti aprobetxatzen. “Nire buruari esan nion hori ezin zitekeela izan. Ikertzen hasi nintzen, eta ikusi nuen mundu osoko janariaren heren bat bota egiten zela kontserbazio arazoengatik. Mundu mailako arazoa da; horregatik, zerbait egitea erabaki nuen", azaldu du Medikuntzako ikasleak.
Gainera, “gaur egun hartzen ditugun gaixotasunetako asko elikagaiak gaizki kontserbatzeak eragindakoak dira; izan ere epe luzera minbizia eragin dezaketen produktu kimikoak botatzen dizkiete. Ecofriendly moda gero eta ezagunagoa da, eta hori ondo dago; alabaina, uste dut gizartea ez dagoela prest kontserbazio metodo guztiak bazter uzteko. Oreka bat aurkitu beharko genuke”, gehitu du Alonsok.
Hortik abiatuta, egungo kontserbazio metodoei alternatiba bat bilatzen hasi zen, elikagaien bizitza erabilgarria luzatu ahal izateko, osasuna kalte dezaketen produktu kimikorik erabiltzeko beharrik izan gabe. Hala, metodo merke, iraunkor eta osasungarriago bat lortu zuen.
«Aurrera egin eta mundua aldatzeko modu bakarra ideiak babestu eta sustatzea da»
Steve Jobsek garaje batean lehen Mac ordenagailua garatu zuen bezalaxe, Maitane bere etxe ondoko txokoan hasi zen lanean, toki eta baliabide gutxirekin. Deskarga elektrikoak ematen zituen generadore bat eta haizagailu bat erosi zituen. “Deskarga horien bidez, airean dauden molekulak bereiz ditzaket, eta haizagailua erabiltzen dut molekula horiek produktuaren gainetik bultzatzeko; hala, molekulek mikroorganismoak hiltzen dituzte. Gero, zirkuitu itxi bat sortzen dut aire hori bera erabiliz, energia gutxiago erabiltzeko”, azaldu du Alonsok. Makinaren izena “Aire tratatudun ontziratzea" da, eta prozesu horri egiten dio erreferentzia.
Lanari ekitea
Hala ere, asmakizunaren prototipo bat eraikitzea ez zen erraza izan, baliabide mugatuak zituelako. Gauzatu ahal izateko, hainbat ikastaro egin zituen eta informazio ugari bildu zuen. Azkenean, Kilse SL, MAGMA, J-Pack, Eurozon, Harakintza, Luis Thate eta Ameztoi Anaiak enpresen babesarekin (instalazioak utzi zizkioten), probak egin ahal izan zituen, eta bere ideiaren etxeko bertsio bat eraiki.
Hori lortu zuenean, ez zuen gelditu nahi izan. IAM bloga sortu zuen, proiektua ezagutarazteko. Izen hori ikaslearen izenaren laburdura da, atzetik aurrera, eta, gainera, ingelesezko "I am" ere bada; hala, "irudikatzen du bakoitza den bezalakoa izan daitekeela, bere bidea aukeratu eta zer izan nahi duen erabaki", defendatu du Alonsok.
Aurrerapen horiek ikusita, Maitaneren familiak bide horretatik jarraitzera animatu zuen eta, familiaren babesarekin, 16 urte baino ez zituela, 2016-207 urtean, Elhuyarrek antolatzen duen Zientzia Azokan bere burua aurkeztu zuen. “Nire ideia jendearekin partekatzeko modu bat zela iruditu zitzaidan”, esan du Alonsok. Lehen saria jaso zuen. Maitanerentzat, esperientzia “sinestezina” izan zen hainbeste pertsonarekin partekatu ahal izatea.
Sari horri esker, MAGMA taldeak sustatzen duen Exporecerca Jove azokan parte hartzeko aukera izan zuen, Bartzelonan. Beste maila bat zen, hainbat egunetako estatu mailako azoka bat, beste urrats bat arrakastarako bidean. Makina, txostenak eta triptiko batzuk aurkeztu zituen bertan. Berriz ere lehen saria eskuratu zuen. “Ezustekoa izan zen”, baieztatu du Alonsok.
Ameriketako ibilbidearen hasiera
Hurrengo urratsa 17 urterekin eman zuen, Txileko ESI AMLAT nazioarteko azokara joan zenean. Herrialde bakoitzak bere ordezkaria bidali zuen; kasu honetan, ez zen lehiaketa bat, erakusketa bat baizik. Mila parte hartzaile baino gehiago zeuden, eta makina NASAko ordezkariei erakusteko aukera izan zuen. “Esperientzia benetan aberasgarria izan zen; herrialde ugaritako jendea ezagutu nuen, eta guztiek zituzten primerako ideiak”, kontatu du Alonsok.
Horrek bultzada eman zion bere proiektuari. Maitane konturatu zen arazoa ez zegoela soilik etxeetan; multinazionalek ere pairatzen zuten. Hala, zigilatze industrialeko makina bat erosi eta bere jatorrizko makinari gehitu zion; hala, enpresei zuzenduriko proiektu bat sortu zuen.
“Horretarako, aurretik aipatutako enpresen eta Elena Sevillanok, Medikuntza eta Erizaintzako irakasleak, utzi zidan UPV/EHUko laborategiaren laguntza izan nuen. Aurretik aurkitutako guztia modu zientifikoagoan frogatu genuen. Unibertsitateak bere instalazioak uztea alderdi garrantzitsua izan zen; izan ere, etxean ez daukat laborategi sekreturik”, esan du Alonsok.
Eta AEBra
Hobekuntza horiek eskuan, Maitanek erabaki zuen bere kontura joatea 2018-2019ko Bartzelonako azokara. Horretarako, hainbat proba gainditu behar izan zituen, ez baitzuen azokarako Elhuyarren gonbidapenik. Onartu egin zuten eta Sociedad Catalana de Biologia elkartearen lehen saria eta Intel-ek ematen duen lehen sari nagusia irabazi zituen; horrek Intel ISEFen parte hartzeko txartel bat hartzen du barne. Intel ISEF Phoenixen (AEB) egiten den munduko zientzia eta teknologia txapelketarik handiena da.
MITek Maitane izena jarriko dio asteroide bati
18 urterekin iritsi zen azoka horretara; bi urte igaroak ziren proiektua txoko txiki batean jaio zenetik. Orduan, azokarik garrantzitsuenean zegoen; bertan, herrialde bakoitzak bere ordezkaria du. Bost kontinenteetako 80 herrialde baino gehiagotako 1.800 partaide baino gehiago zegoen.
«Milioiak ekar ditzakeen negozio bat izan arren, nik ikasten jarraituko dut; bokazioz egiten dudan zerbait da»
Han, Arizonako Unibertsitateak iraunkortasunaren arloko lehen saria eman zion, baita 1.000 dolar ere. Gero, Awards handietan, mikrobiologia sailean lehiatu zen, eta bigarren postua lortu zuen. Hori dela eta, Massachussetts Institute of Technology (MIT) erakundeak haren izena jarriko dio asteroide bati.
"Sinestezina da proiektua aurkezten jarraitu ahal izatea, gero eta maila altuagoetara eta jende gehiagorengana iristea, eta are laguntzeko aukera ere izatea. Egia bihurtutako ametsa da”, adierazi du Alonsok. Amaitzeko, hau esan du: “aurrera egin eta mundua aldatzeko modu bakarra ideiak babestu eta sustatzea da. “Iraunkorrago bihurtzeko premiazko aldaketa behar duen mundu batean bizi gara”.
Gainera, aurtengo udan bizitako esperientziei esker, hitzaldiak eman ditu Iruñako planetarioan, Planeta STEM ekimenaren barruan. Han, bertatik bertara kontatu du nola bihurtzen den ideia bat proiektu eta nola den posible gazteek euren proiektuak garatu ahal izatea.
Etorkizunari dagokionez, Maitanek makina ahal bezain laster merkaturatu nahi du, eta espero du bere bi pasioek, ikerketak eta medikuntzak, elkarri lotuta egoten jarraituko dutela. Gainera, asmakizun honekin gosez hiltzen ari den jende askori laguntzeko nahia du. “Milioiak ekar ditzakeen negozio bat izan arren, nik ikasten jarraituko dut; bokazioz egiten dudan zerbait da”, adierazi du Alonsok.