euskaraespañol

Eguneko irudia

Antonio Rivera

Luis Martín-Santos. Politika, gizartea eta kultura isiltasun urteetan

Valentin de Foronda Gizarte Historiarako Institutua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/09/02

Aurten ehun urte betetzen dira Luis Martín-Santos Ribera donostiarra (Larache, Maroko) jaio zenetik, eta hirurogei urte, berriz, Gasteizen hil zenetik zoritxarreko trafiko istripu batean: aukera egokia idazlearen nortasun poliedrikoa gogora ekartzeko. Hil baino urte batzuk lehenago, dardarka jarri zuen letren mundua ‘Tiempo de silencio’ nobelarekin, non frankismoaren hasierako gizartea islatu zuen, miseriaren eta aurrerapen izpi bakanen artean zangalatrau, eta nahitaezko biziraupenerako sen basatiak markatua. Seix Barral argitaletxeak plazaratu zuen testua 1961ean. Aurreko nobelagintza errealistatik abiatu arren, Martín-Santosek tradizio horren konbentzioak hautsi zituen begirada konplexuagoak proposatzeko, bere kezka ugariak aurkeztuz: kritika soziala, existentzialismo bital eta filosofikoa, psikoanalisia eta mitoen nondik-norakoak. Harrez gero, nobela hainbat hizkuntzatan argitaratu da, eta zinera ere eraman zen, Vicente Arandak zuzenduta, 1986an.

Urteurren bikoitz honen kariaz, Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Institutuan mintegi bat prestatu dugu irailaren 11 eta 12rako, Donostiako Miramar Jauregian, UPV/EHUko Donostiako Uda Ikastaroen barruan. Bi egun horietan gainbegiratu bat emango diogu idazlearen biografia konplexuari, eta, horretaz gain, bere hiru ibilbide esanguratsuenei:

Alde batetik, gogora ekarriko dugu Martín-Santos profesionala, ospitale psikiatrikoetako zuzendaria izan zena Ciudad Realen eta Donostian, bere azken bizileku finkoa. Bere doktore fazeta horretan argitaratu zituen, adibidez, ‘Dilthey, Jaspers y la comprensión de la enfermedad mental’ (1955) edo ‘Libertad, temporalidad y transcendencia en el psicoanálisis existencial’ (1964) saiakerak.

Aldi berean, bere garaiko errealitate politikoarekin konprometitutako gizona izan zen. Martín-Santos alderdi sozialistara bildu zen, Donostiako beste mediku  batekin batera, Vicente Urcolarekin, eta Antonio Amat gasteiztarrarekin, zeina berrogeita hamarreko hamarkadan gai izan zen kultura politiko horretako erresistentzia sare osoa berriz josteko eta elkartzeko garai hartan sortzen ari ziren oposizio sektore berriekin, bereziki unibertsitatekoekin. PSOEn egindako bolada laburrean, Martín-Santos alderdiko zuzendaritzara heldu zen, barruko militanteen ordezkari, eta lau bider atxilotu eta kartzelatu zuten. Itxaropena sortu zen idazlea ez ote zen helduko erakunde horretako burua izatera, baina historiak uste hori birrindu zuen, hala bere historia pertsonalak nola garai konplikatu horrenak.

Azkenik, bere nortasun hiperaktiboak harremanetan jarri zuen, batez ere bere hirian, diktadurako gristasunaren zirrikuetan sortzen ari zen elite intelektual eta kulturalarekin. Batzuk literaturagileak ziren, bera bezala —hil ostean ‘Tiempo de destrucción’ (1975) nobela amaigabea argitaratu zioten—,  adibidez Juan Benet bere aspaldiko laguna; beste batzuk, beste arlo batzuetakoak ziren: Antton Ezeiza zinegilea, Peña Ganchegi arkitektoa edo Castilla del Pino psikiatra, esaterako. Haiekin, eta gerora hain ezagun izan ez diren eta esparru lokalean mugitu ziren beste batzuekin batera, parte hartu zuen berrogeita hamarreko autoreen belaunaldi hartan, edo La Academia Erranteren moduko esperientzietan.

Mintegian aztergai izango ditugu Martín-Santosen bizitzaren zirkunstantziak eta haren testuinguru historikoa —frankismoaren erdialdea, berrogeita hamarreko hamarkadako Espainiako psikiatria, Donostiaren moduko hiri bateko kultura, lotura kultural, profesional eta politikoak—. Horretarako hainbat aditu bilduko dira, hala nola Juan Pablo Fusi eta Pedro Barruso katedradunak (UCM), Maite Echenique (Valentziako Unibertsitatea), Juan José Lanz, José Antonio Pérez eta Miguel Gutiérrez (UPV/EHU), Josu Okiñena musikari eta Musikeneko irakaslea, Juan Pablo Huércanos Oteiza Museoko zuzendariordea eta Euskal Filmategiko zuzendari Joxean Fernández, besteak beste. Izena eman dezakezu oraindik UIKren web orrian.