euskaraespañol

Ludger Mees irakasleak saria jaso du ‘The History of Rioja wine. Tradition and Invention’ lanarengatik

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/29

Irudia
Ludger Mees irakaslea saria jasotzen | Argazkia: UPV/EHU

Ardoaren munduan nazioartean ezaguna den Organisation Internationale de la Vigne et du Vin (OIV) erakundeak Ludger Mees-ek idatzitako ‘The History of Rioja wine. Tradition and invention’ lana saritu du; Ludger Mees Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedraduna da. Routledge argitaletxeak argitaratutako liburu horretan, Errioxako ardoari buruzko kontakizun informatibo, kronologiko eta sakona egiten da, XIX. mendearen erdialdetik hasi eta gaur egunera arte. Mees irakasleak duela gutxi jaso du saria, Serbiak Parisen duen enbaxadan izandako gala batean.

“Niretzat –esan zuen Ludger Mees-ek– sari prestigiotsu hau jasotzea egindako lanaren errekonozimendua da, liburuaren oinarri izan den ikerlan luze, batzuetan gogor eta beti zirraragarriari nazioarteko errekonozimendua egitea. Liburuaren ideia UPV/EHU barruan Santiago de Pablo katedradunaren zuzendaritzapean dugun ikertalde finkatuaren esparruan sortu zen. Gainera, sari hau omenalditzat ere hartzen dut; hain zuzen ere, Errioxan kalitatezko ardoa sortzeko eta hobetzeko historian zehar etengabe lanean aritu diren ardogile txiki eta handi horiei guztiei, haien emazteei eta senitartekoei egindako omenalditzat.”

Liburuaren hitzaurrean irakur daitekeenez, lanak “Errioxako ardoaren arrakastaren historia liluragarria eta, hein handi batean, ezezaguna argitzen du. Hainbat iturritan oinarrituta, Errioxako ardoaren bilakaera ekonomikoa, soziala, kulturala eta politikoa aztertzen da liburuan, 1850eko hamarkadatik gaur egunera arte, eta, amaitzeko, gogoeta bat egiten du idazleak, ardoaren arrakasta erakargarriak historia eta ardoa maite duen orori eskaintzen dion ikasbideari buruz. Argazki historikoak ere jaso ditu liburuan, gehientsuenak argitaragabeak. Irakurgai bikaina bai Espainiako historian interesa duten ikasleentzat, bai, oro har, ardoaren zaleentzat, Errioxako ardoaren sekretuak estaltzen dituen kortxoa kentzeko aukera ematen baitie liburuak irakurleei.”

“Liburu hau egiaztapen benetan harrigarri baten ondorioz sortu zen. Gaur egun, Errioxako ardoa produktu oso ezaguna da, eta Espainiako Estatuan ez ezik, nazioarteko merkatuetan ere presentzia handia du, baina, hala eta guztiz ere, ez zegoen zorroztasun zientifikoz egindako argitalpenik edaten ari direnari buruz zerbait gehiago jakin nahi duten ardozaleek irakurtzeko: nola eta noiz sortu zen? Nork asmatu zuen? Zer ezaugarri ditu eta izan ditu? Zer arazo gainditu behar izan ditu historia osoan, eta nola lortu zuten hori? Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak? Liburu honen bitartez hutsune hori bete nahi izan da eta, edari alkoholdun bat izateaz gain, Errioxako ardoa historiaren eta kulturaren produktu bat ere badela frogatu”, nabarmendu du Mees irakasleak.

Ludger Mees irakasleak Bielefeld-eko Unibertsitatean (Alemania) egin zuen Historiako doktoregoa, eta irakasle laguntzailea izan zen erakunde berean, 1991n Euskal Herriko Unibertsitatean katedra bat hartu zuen arte. 2004. urteaz geroztik, Historia Garaikideko katedraduna da UPV/EHUn, eta 2004tik 2009ra bitarte errektoreorde ere izan zen bertan. 17 liburu eta 120 bat artikulu eta kapitulu argitaratu ditu egile, egilekide edo editore moduan, abertzaletasunaren, gizarte mugimenduen, historiografiaren eta nekazaritzaren historiaren arloetan. Azken lanak: ‘Historia Social del Vino: Rioja, Navarra, Cataluña 1860–1940’ (K.J. Nagel eta H.J.Puhle autoreekin batera) eta ‘The Basque Contention: Ethnicity, Politics, Violence’.