Elkarlanean egindako ikerketa batean, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldeak eta Elxeko Unibertsitateak niosoma batzuk, hau da, gantz-besikula batzuk, diseinatu dituzte terapia genikoetan nerbio-sistema zentraleko gaitzak tratatzeko erabiltzeko helburuarekin. Garatutako besikulen bereizgarria da likopenoa erabili dutela osagai gisa, eta, horri esker, transfekzio hobea lortu dute garuneko zeluletan.
Niosomak DNA-garraiatzaile eraginkorrak dira nerbio-sistema zentraleko terapia genikorako
Material genetikoa modu eraginkor eta bideragarrian transferitzen duten gantz-besikulak sortu ditu UPV/EHUko NanoBioCel taldeak
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/12/03
Terapia genikoa etengabe hedatzen eta garatzen ari den teknika da, izugarrizko potentziala baitu helburu terapeutikoetarako. Oinarrian, itu-zeluletan material genetikoa sartzen da, zelula horietan funtzio berriren bat txertatzeko, funtzio akastunen bat zuzentzeko edo funtzioren bat oztopatzeko. Terapia horren zailtasun nagusietako bat da “material genetiko berri hori zelula barrura garraiatzea. Nerbio-sistema zentralaren kasuan, bereziki zaila da transfekzioa egitea, besteak beste, garunak dituen hesi edo muga fisikoengatik, haiek gainditu egin behar baitira”, azaldu du Gustavo Puras UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldeko kide eta ikerketa-lanaren egileetako batek.
Beren ikerketa-lanerako, bektore ez-biriko bat aukeratu zuten ikertzaileek: niosomak. “Gantz-partikula batzuk dira, besikulak, eta hiru osagai dituzte: lipido kationiko bat, transfektatu nahi den DNArekin lotzeko; beste lipido laguntzaile bat, mintza zeharkatu eta nukleoan sartzea errazteko eta zeluletako lisosomek niosoma degradatzea saihesteko, eta agente tentsioaktibo ez-ioniko bat, partikulokin lan egitean erabili ohi den emultsioa egonkortzeko”, gaineratu du Puras doktoreak.
Zenbait fase izan zituen lanak. Lehenengoan, niosoma bera diseinatzeko hiru osagaiak aukeratu zituzten. Fase horren alderdi berritzailea izan zen, Purasek berak azaldu duenez, “lipido laguntzaile gisa likopenoa erabili genuela, hau da, tomateei kolorea ematen dien pigmentua. Ezaguna da minbiziaren kontra egiteko propietateak dituelako, eta gaixotasun kardiobaskularretarako ere onuragarria delako, baina orain arte inork ez zuen aztertu zer funtzio izan zezakeen terapia genikoan”. Ondoren, plasmido bat, gene bat, gehitu zioten niosomari. Kasu horretan, proteina berde fluoreszentearen genea erabili zuten; “ez da plasmido terapeutikoa, baina guretzat baliagarria izan zen, zelulak transfektatzen ote ziren jakiteko, baiezkoan fluoreszentzia berdea igorriko baitzuten”.
Niosoma-plasmido konplexua lortutakoan, eta karakterizazio fisiko-kimikoa egindakoan, in vitro probak egin zituzten neuronen zelula-ereduekin, transfekzio-tasa ikusteko, hau da, jakiteko zelulen zer portzentaje bihurtu zen berde fluoreszente, baita transfektatutako zelulen bideragarritasuna ezagutzeko ere. “Ikusi genuenez, neuronen transfekzioak hobera egin zuen formulazioan likopenoa gehitzean”.
Glia-zeluletan bai, baina neuronetan transfekziorik ez
Azkeneko fasean, “interesgarrienean”, in vivo probak egin zituzten, arratoien garezurrean prestakina injektatuz. Bada, fase horretako emaitza esanguratsuena izan zen transfektatutako zelulak “ez zirela izan neuronak, baizik eta glia-zelulak eta odol-hodietako hormetako zelulak. Ez dira neuronak, baina horiek ere garrantzitsuak dira, eta gehiago ugaltzen dira; horregatik lortu dugu hein handiagoan transfektatzea”.
Ikertzailea “oso pozik” dago lortutako emaitzekin: “Nerbio-sistema zentraleko zelulak transfektatu nahi genituen, eta lortu dugu. Hurrengo urrats batean, transfektatuko dugun genea ez da izango proteina berde fluoreszentearena, baizik eta agente bioaktiboak edo birbaskularizazioa bultzatuko duten agenteak sortuko dituen proteinaren baten genea. Gehien transfektatu ziren zelulak, glia-zelulak, oso ugariak dira nerbio-sistema zentralean, eta erabakigarriak dira nerbio-ehuna behar bezala garatu eta aritu dadin. Gainera, frogatuta dago haiek eraldatzean askotariko asaldura neurologikoak agertzen direla, hala nola buruko isuriak, esklerosi anizkoitza, epilepsia, alzheimerra eta parkinsona”.
Emaitza horiek, horrenbestez, ikerketan aurrera egiteko aukera eman diete. Plasmido terapeutiko desberdinek zer eragin duten ebaluatzeaz gain, badago zer hobetu, ikertzailearen ustez, bai transfekzioari dagokionez, bai zelulen bideragarritasunari dagokionez; transfektatutako proteinaren espresioaren iraunaldia ere azter daiteke… “Aukera asko ireki dira”, dio, bukatzeko.
Erreferentzia bibliografikoa
- Non-viral vectors based on cationic niosomes as efficient gene delivery vehicles to central nervous system cells into the brain
- International Journal of Pharmaceutics (2018)
- DOI: 10.1016/j.ijpharm.2018.09.038