Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea indartzeko helburuarekin sortu dira master horiek, eta Europako Batzordeak ematen duen Erasmus Mundus zigilua garrantzi eta kalitate akademiko bereziko masterrek bakarrik lortzen dute. Euskal Herriko Unibertsitatea da mota horretako programa gehien dituen Estatuko unibertsitateetako bat; zortzi ditu, eta kopuru hori handitu egin daiteke laster. Datorren azaroaren 25erako <a href="https://www.ehu.eus/eu/web/estudiosdeposgrado-graduondokoikasketak/-/erasmus-mundus-master-eguna-1">jardunaldi bat </a>antolatu da ikasle izango direnei master horiek ezagutzera emateko.
Erasmus Mundus masterrak, xehetasunez
UPV/EHUk jardunaldi bat antolatu du azaroaren 25erako, Europar Batasunaren zigilu entzutetsua duten zortzi graduondoak hobeto ezagutzeko.
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2021/11/18
“Erasmus Mundus baterako masterrak goi-mailako ikasketa-programa integratuak dira, eta master mailan egiten dira. Mundu osoko hainbat herrialdetako goi-mailako irakaskuntza-erakundez osatutako nazioarteko elkarte batek diseinatzen eta ematen ditu programak. Elkartean beste bazkide batzuek ere parte har dezakete, hezkuntza-arlokoak direnak edo ez direnak, eta dagokien ikasketa-esparruan esperientzia eta interes jakinak dituztenak. EBk finantzatzen ditu programa horiek, bai eta beka lehiakor batzuk ere, zeinen bidez programa horiek eskaintzen baitzaizkie beka eskatzen duten mundu osoko ikasle onenei”. Horixe da Europako Batzordeak Erasmus Mundus masterrei buruz bere web-orrian ematen duen definizioa. Zehazkiago, hauek dira bete beharreko oinarrizko baldintzak:
- Hiru herrialde desberdinetako eskubide osoko goi-mailako hiru erakunde elkartuk gutxienez osatutako elkarteek ematea masterrak.
UPV/EHUko Erasmus Mundus zortzi masterretatik gehienetan lau herrialdetako lau unibertsitatek hartzen dute parte, baina ez denetan. Adibidez, Erasmus Mundus Master in Language and Communication Technologies (LCT) masterrean zazpi herrialdetako zazpi unibertsitatek hartzen dute parte, eta Erasmus Mundus International Master of Science in Marine Biological Resources (IMBRSea) masterrean, bestalde, zortzi herrialdetako hamaika erakundek.
- Masterrak ikasturte akademiko bat edo bi irautea.
UPV/EHUko zortzi Erasmus Mundusek 120 ECTS kreditu dituzte.
- Ikasketa-programaren barruan, gutxienez bi ikastaldi egitea ikasleen bizileku diren herrialdeetatik kanpo, eta ikastaldi horietako bat gutxienez programarekin lotutako herrialdeetako batean egitea.
UPV/EHUko zortzi masterrek konbinazio desberdinak eskaintzen dituzte. Esate baterako, Erasmus Mundus Master of Science in Environmental Contamination and Toxicology (ECT+) masterrean, ikasleek Plentziako Itsas Estazioan egiten dute hirugarren seihilekoa, eta partzuergoko sei unibertsitateetatik bat aukeratu behar dute lehen eta bigarren seihilekoa egiteko, betiere aipatutako baldintzak kontuan hartuta.
- Ematen den titulu-mota titulazio bateratua edo titulazio anizkoitza izatea.
Erasmus Mundus Master in Renewable Energy in the Marine Environment (REM PLUS) funtsezko pieza da Euskadin ekonomia urdina deritzona garatzeko, eta parte hartzen duten lau unibertsitateek titulu bakarra sinatzen dute. Erasmus Mundus in Language and Communication Technologies (LCT) masterrak, bestalde, ikasleak masterra egin duen bi herrialdeetako bi tituluak ematen ditu.
Erasmus Mundusen zigilua lortu zuen UPV/EHUko lehenengo masterra Master of Science in Marine Environment and Resources (MER) izan zen. Sei urtez aritu zen UPV/EHU Bordeleko eta Southamptongo unibertsitateekin batera masterra antolatzen; orduan, 2013-2014 ikasturtean, Erasmus Mundus bihurtu zen, eta Liejako Unibertsitatea elkartu zen. Master hori da, gainera, UPV/EHUk koordinatzen dituen hiruretako bat. Hauek batu dira azkenak: Erasmus Mundus Master of Science in Environmental Contamination and Toxicology (ECT+) eta Erasmus Mundus Master on Innovative Microwave Electronics and Optics (EMIMEO). Joan den 2020-2021 ikasturtean jarri ziren martxan.
Oro har, eskaera handiko masterrak dira. Adibidez, MER master beteranoan, urtero, aurretiko 300 izen-emate inguru izaten dira, eta hogei bat beka ematen zaizkie ikasle onenei, tasa akademikoak, mantenua eta bidaiak ordaintzeko. Bekak, normalean, hirugarren herrialdeetako ikasleei ematen zaizkie, hau da, ez Europar Batasunekoei, helburuetako bat horixe baita, hain zuzen, kanpoko ikasleak erakartzea. Baina, horrez gainera, Europar Batasuneko ikasleentzako pare bat beka ere ematen ditu, eta ikasketak egiten dituzten gehienentzako mugikortasun-laguntzak.
“Unibertsitate batean baino gehiagotan ikasteak moldakorrago izaten laguntzen dizu"
Izan ere, mugikortasuna da Erasmus Mundus masterren zutabeetako bat. MER masterra osatzen duten lau seihilekoetatik (120 kreditu) bigarrena baino ez da egiten Plentziako Itsas Estazioan; gainerakoa non egin ikasle bakoitzak aukeratzen du. Estibalitz Ruiz, UPV/EHUko Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako graduatua, Erasmus Mundus Master in Smart Cities and Communities (SMACCs) masterreko ikaslea da. Ikasten jarraitzeko aukera ematen ziolako hautatu zuen; gainera, “etorkizuneko hiriek ‘adimendunak’ eta jasangarriak izan ahal izateko izan beharko dituzten joera berriez jabetzeko, eta kontuan izan beharreko alderdi teknikoak, puntu kritikoak eta desabantaila gehiago ikasteko aukera ere” ematen dio. Bestalde, Erasmus Mundus masterretako ikasle gehienei bezala, “bidaiatzeko aukera izateak asko motibatu ninduen”.
Estibalitzek seihileko bat egin du UPV/EHUn, beste bat Monseko Unibertsitatean (Belgika), eta, orain, Edinburgon dago, Heriot-Watt Unibertsitatean. “Unibertsitate batean baino gehiagotan ikasteak moldakorrago izaten eta irakaskuntza-metodo desberdinetara egokitzen laguntzen dizu. Nire ezagutzak nola handitu diren ikusi dut. Beste herrialde eta kultura batzuetako jendea ezagutu dut, eta asko eman didate nire garapen pertsonalerako; haietako batzuk, gainera, oso lagun ditut orain. Egia esan, esperientzia izugarria izaten ari da”, azaldu du. Antzera hitz egin du Erasmus Mundus in Language and Communication Technologies (LCT) masterreko ikasle Murali Kondraguntak (India): “Gauza askotan aldatu du nire ikuspegia, eta lagundu dit nire bizitza soziala bizitza akademikoarekin eta lanarekin bateratzen. Egia esan, nire gaitasun sozialak hobetu ditu”.
Jatorri- eta kultura-aniztasuna da, argi eta garbi, Erasmus Mundus masterretako ikasleen bereizgarrietako bat. Erasmus Mundus Master of Materials for Energy Storage and Conversion (MESC+) masterra 2019-2020 ikasturtean abiatu zen, eta ikasleen ia % 100 atzerritarra da. MER masterrak zortzi edizio daramatza martxan, eta Uganda, Nigeria, Bahamak, Jamaika, Txina, Bangladesh, Bolivia, Ekuador, AEB eta abarretako ikasleak trebatu ditu. “Gehienak beren herrialdeetara itzultzen dira, beren ibilbidean aurrera egiteko. Hori dugu xede, ikasleak jatorrira itzultzea eta berekin EBko ikuspegia eta aintzatespena eramatea”, azaldu du Manu Sotok.
Estibalitz Ruizek masterra amaitu ondoren tesia egitea du buruan; horixe da MER masterreko ikasleen % 80ak edo MESC+ masterreko ikasle askok egiten dutena, doktoretza-ikasketak egiten jarraitzen dute partzuergoari elkartutako unibertsitate edo zentro teknologikoren batean. Brigette Fortuin hegoafrikarra da horietako bat: MESC+ masterra amaitu zuen eta, orain, CIC energiGUNEn ari da doktoretza egiten. “Nazioarteko testuinguruan ikasteak ate asko ireki dizkit, aukerei, harremanei eta lankidetzari dagokienez; baina, horrez gainera, aukera eman dit nire asmoak sekula pentsatu ez bezala zabaltzeko. Erabat aldatu da nire bizimodua eta bizitzeko estiloa, eta nire nahi eta helburuak beste ezerk ez bezala bultzatu ditu”, dio.
Bai pertsonen bai profesionalen mailari dagokienez, probetxu handikoak dira partzuergo hauek osatzen dituzten sareak
Baina denek ez dute doktoretzarekin jarraitzen. “Batzuk bateriak, superkondentsadoreak, biltegiratze termikoko unitateak eta abar garatzen aritzen dira. Beste batzuek, aldiz, energia-biltegiratzearekin lotutako gaietan I+G+Bko inbertsio handiak egiten dituzten enpresetan sartzen dira, adibidez hauetan: Bosch, Umicore, Renault, Total, E4v, Saft eta Solvay”, azaldu du Iñaki Gandarias irakasle eta MESC+ masterraren arduradunak. Horiek dira, hain zuen, masterrari lotutako laborategiak dituzten 30 enpresa edo unibertsitateetako batzuk. Bai pertsonen bai profesionalen mailari dagokienez, probetxu handikoak dira partzuergo hauek osatzen dituzten sareak.
Azken batean, zein da master hauen bereizgarria? Manu Soto MER masterraren arduradunak bi nabarmentzen ditu: “Batetik, trebakuntzaren goi-maila (gure kasuan, partzuergoko lau unibertsitateak elkarren osagarri gara eta oso ongi koordinatzen gara, eta ikuspegi oso desberdinetatik lantzen dira itsasoarekin lotutako irakasgaiak). Bestetik, hazten jarraitzen duen komunitate bat sortu dugu; kideek harremanetan jarraitzen dute, eta proiektuetan parte hartzeko aukerak partekatzen dituzte, adibidez”.
Kontuan izatekoak:
- Erasmus Mundus masterrek azaroan irekitzen dute aurrez izena emateko epea eta martxoan ixten dute, gutxi asko. Data zehatzak jakiteko, ezinbestekoa da partzuergo bakoitzaren web-orria kontsultatzea.
- Masterreko partzuergoak berak aukeratzen ditu ikasle hautagaiak, lehenik Erasmus Mundus beka eskatzen dutenen artean eta, ondoren, bekarik gabeko eskaeren artean.
- Urteko eskaeren artean mundu osoko notarik onenak dituzten ikasleei ematen zaizkie Erasmus Mundus bekak, eta ikasleek programan parte hartzeko kostuak, bidaiak eta mantenurako diru-kopuru bat hartzen dituzte barnean.
- Erasmus Mundus Master Egunean, azaroaren 25ean, programari buruzko informazio zehatza emango du master bakoitzak, eta etorkizuneko ikasleen zalantzak argituko dituzte.
- Hona hemen UPV/EHUko Erasmus Mundus master bakoitzari buruzko informazio gehiago:
- Erasmus Mundus International Master of Science in Marine Biological Resources (IMBRSea)
- Erasmus Mundus Master in Language and Communication Technologies (LCT)
- Erasmus Mundus Master in Renewable Energy in the Marine Environment (REM PLUS)
- Erasmus Mundus Master in Smart Cities and Communities (SMACCs)
- Erasmus Mundus Master of Materials for Energy Storage and Conversion (MESC+)
- Erasmus Mundus Master of Science in Environmental Contamination and Toxicology (ECT+)
- Erasmus Mundus Master of Science in Marine Environment and Resources (MER)
- Erasmus Mundus Master on Innovative Microwave Electronics and Optics (EMIMEO)