euskaraespañol

Eguneko irudia

Izibene Oñederraren eta Iratxe Fresnedaren film laburrak hautatu ditu Kimuak 2024 programak

UPV/EHUko hiru gradudunen obrak ere jasotzen ditu aurtengo katalogoak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/19

Eusko Jaurlaritzak zazpi film laburren katalogo bat argitaratzen du urtero. Uneko euskal filmografiako lanik nabarmenenak izaten dira. Aurten, aukeratutako zazpietatik bostek zuzeneko harremana dute unibertsitatearekin. Izan ere, bi irakasleak dira, eta beste hiru UPV/EHUko geletatik igaro diren gradudunak dira.

Arte Ederren Fakultateko Izibene Oñederra irakaslearen eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Iratxe Fresneda irakaslearen film laburrak, ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ eta ‘Errotatiba’ izenekoak, izango dira aurtengo katalogorako aukeratutako obretako bi. Era berean, UPV/EHUko gradudunen hiru lan ere jasoko ditu katalogoak; hain zuzen ere, Alba Lozano, Jorge Moreno Quintana eta Joana Moyarenak.

Euskadiko film laburrak nazioartean sustatzea eta banatzea da Kimuak programaren helburua. Hala, mundu osoko zinema jaialdirik eta ikus-entzunezko egitasmorik garrantzitsuenetara bidaliko dute hautaketa hau. Azken hamarkadan, hiru lan “film laburrik onenen” artean izendatu dituzte Oscar Sarietan.

Izibene Oñederrak, Arte Ederren Fakultateko irakasleak, ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ obra eramango du katalogora. Animazio film bat da, 2 dimentsiotako marrazketa teknikaren bidez egina. “Ingurumen krisiaren gaineko fikziozko istorio iluna da, eta gainbeheran dagoen komunitate txiki bateko biztanleria erakusten du; bizitzea tokatu zaionaren aurrean, bakoitzak ahal duena egiten duela ikusten da. Pribilegiodunak, carpe diem pentsamenduari lotuta; beste batzuk, bizirauten saiatzen. Zer etorriko da? Besterik ezean, salbatuko al gaitu zerbaitek?”, azaldu du Oñederrak haren film laburrari buruz.

Bestetik, Iratxe Fresnedak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak, ‘Errotatiba’ izeneko film laburra aurkeztu du. “Film labur hau egiteko, espazioen, soinuen, lanbideen eta artxibo zinematografikoaren gaineko ikus-entzunezko ikerketa egin dut. Kasu honetan, prentsa idatziari, egunkariari, lotuta. 2019an hasi nintzen ikus-entzunezko piezan erakusten diren espazioen zirriborro grafikoak eta bisualak egiten. Alde batera utzitako lekuak, Euskal Herriaren orain gutxiko memoriarekin lotuak.  Filmak hausnarketa eragin nahi du lanbide jakin batzuen eta gertakari historikoen desagerpenaren eta ahanzturaren gainean eta, aldi berean, munduan egoteko modu baten galera erregistratu nahi du”, azaldu du Fresnedak haren film laburrari buruz.

Zuzendarien belaunaldi berri baten parte da Fresneda, ikus-entzunezko ikerketaren eta industriarako lanaren artean eratua. Haren lanek estatu mailako eta nazioarteko eragin interesgarria lortu dute azken urteetan. UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa Saileko irakasle agregatua da 2004tik. Ikertzailea eta irakasle gonbidatua izan da Nevadako Unibertsitatean (AEB), New Yorkeko CUNYn (AEB), Lundeko Unibertsitatean (Suedia) eta Toulouse II - Le Mirailen (Frantzia).

Oñederrak ibilbide ezaguna du animazioan, eta Kimuak katalogoaren parte izan da hainbat alditan. ‘Hezurbeltzak, una fosa común’, ‘Hotzanak, For Your Own Safety’ eta ‘Lursaguak’ zuzendu ditu. Gainera, ‘Beti bezperako koplak´, ‘Areka´ eta ‘Ehiza´ lan kolektiboetan parte hartu du.

Zinemagileen harrobia

Aipatutako bi irakasleez gain, unibertsitateko hiru gradudun ere aukeratu dituzte aurtengo Kimuak katalogorako. Alauda Ruiz de Azúa, Borja Cobeaga, Estibaliz Urrusola edo Jon Garañoren mailara iristen saiatuko dira hiru gradudun horiek; izan ere, zinemagile horiek UPV/EHUn ikasi zuten.

Alba Lozano, Ikus-entzunezko Komunikazioan graduduna, ‘Utländsk’ lanaren egilea da. Lan horretan, protagonista Oiartzunera itzultzen da, sei urtez Suedian bizi ondoren. “Ez zela itzuliko zin egin zion bere buruari, baina ezegonkortasun ekonomikoak eta laneko prekaritateak itzultzera behartzen dute”.

Jorge Moneo Quintana, Arte Ederretan graduduna, ‘Exergo’ lanaren egilea da. Saiakera horretan, Bilboko Arte Ederren Museoko margolan batzuetako xehetasun periferiko eta ezkutuetan oinarrituta, iraganeko eta oraingo artisten baldintza sozialekin, ekonomikoekin eta psikologikoekin lotutako hainbat gai aztertzen ditu.

Azkenik, Joana Moyak, Geologian gradudunak, ‘Todo lo cubre la sal’ lana aurkeztu du. “Berrogeita hamazazpi saregilek lan egiten dute Euskal Herriko itsasertzean. Lan tradizionala da, denbora gelditu izan balitz bezala jarraitzen duena. Eskuak gatzez estalita, gelditu gabe josten dute, isilean. Itsasoaren eta haren misterioaren parte dira. Itsasontzi baten alertak gaua hausten du, itsasargiak dena argitzen du, marinel bat noraezean dabil uraren pentsamenduetan barrena, eta esku batzuek dantza eta dantza egiten dute sareekin bat egin arte”, azaldu du Moyak.