Lorea Argaratek jasoko du Gladys saria
Sari banaketa irailaren 26an, UPV/EHUko Informatika Fakultatean izango da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/09/16
Lorea Argarate Zubia (Bilbo, 1990) teknologo, dibulgatzaile eta musikari bilbotarrak jasoko du aurtengo Gladys Saria, datorren irailaren 26an UPV/EHUko Informatika Fakultatean (Donostia) egingo den ekitaldian. Epaimahaiak Argarateren ekintzailetasuna; dibulgazio-lana eta ibilbide aberatsa nabarmendu ditu sariduna iragartzerako orduan.
Musika pasio duen teknologoa
Lorea Argarate Zubia (1990) Bilbon jaio zen eta Berlinen bizi da. Arlo akademikoan fisika gradua hasi bazuen ere telekomunikazio ingeniaria da (Deustuko Unibertsitatea, 2016). Antolakuntza industrialeko graduondokoa egina du (Deustuko Unibertsitatea, 2017) eta bi master: Big Data & BI (Deustuko Unibertsitatea, 2017) eta irakasleen prestakuntza masterra (VIU, 2018). Blockchain programa ere osatu zuen Deustuko Unibertsitatean (2018). Egun TAZEBAEZ kooperatibako ekintzailea da eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu Berlinen eta Bilbon.
Musikarekiko pasio handia duen pertsona da, eta horrek fisikako ikasketak egitera bultzatu zuen, akustika ikasteko asmoarekin. Hala ere, ikasketak ez zituen momentu horretan amaitu eta telekomunikazio ingeniaritzan hasi zen, soinuan eta irudian espezializatuz. Bertan, arlo digitala eta programazioa deskubritu zituen.
Gradua amaitu ondoren, beste esparru batzuetan murgiltzeko gogoz, antolakuntza industrialeko eta Big Data-ko masterrak egin zituen. Orduan hasi zen Deustotech-en lanean. Hezkuntzarekin eta zientzia-dibulgazioarekin zuen harreman estua ikusita, irakasleen prestakuntzarako master bat ere egin zuen, oinarri sendoagoak izateko.
Argarate oso gaztetatik bizi izan da zientzia eta teknologiaren dibulgazioan murgilduta, bertako eta kanpoko agenteekin harremanetan, jakintza partekatuz. STEAM ikuspegia oso presente izan du, InspiraSTEAM proiektuaren hasiera bizitzeko aukera izan baitzuen, eta ordutik, neskatilengan izan daitekeen inpaktuari erreparatu dio.
'White Mirror / Tech for Good' teknologia esponentzialak ongizaterako programaren sorreran parte hartu zuen. Hainbat erakunderekin kolaboratu du, tartean, PUNTUEUS, Elhuyar eta GAZTEA.
Gaztea izan arren, foro askotan parte hartu du eta sarritan gonbidatzen dute ingurune digitalaz hitz egiteko. Eduki gehienak euskaraz egiten ditu, gazteei zuzenduak, haien formatu eta hizkuntzan. Loreak proiektuak genero-ikuspegiarekin lotzen ditu, estereotipoak apurtuz, profesio berriak erakutsiz eta besteak inspiratuz.
Klarinete jotzaile gisa karrera egina du, baina azken urteotan ezagunagoa da musika elektronikoan egin duen ibilbideagatik. Las Tea Party DJs musika proiektuko eta Mazmorra taldeko kidea izan zen. Gaur egun "Mauriziak ez du inor hil"-en ari da, eta bakarka ere aritzen da hamaika izenpean.
Gladys sariari buruz
PUNTUEUSek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak antolatu dute Gladys Sariaren hirugarren edizioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, Danobatgroup industria-taldearen babesarekin, eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin.
Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. Sari banaketa irailaren 26an izango da, goizeko 11:00etan, UPV/EHUko Informatika Fakultatean.