euskaraespañol

Eguneko irudia

Liburuaren Astea UPV/EHUn

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/18

Jakintza zabaltzeko bide hedatuenetako bat da liburua, eta UPV/EHUko jendartea berez da liburu-ekoizlea eta erabiltzailea. Bada, Nazioarteko Liburuaren Egunaren (apirilak 23) aitzakian, askotariko ekitaldiak antolatu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan, apirilaren 22tik 26ra bitartean.

Batetik, liburu-trukeak izango dira, TRUKARTUZ lemapean. Liburuak trukatuz edo hartuz ezagutza zabaltzeko jardueraren izena da Trukartuz, eta ekimenerako sortutako irudia liburu sorta bat da norabide guztietan geziak osatzen dituena eta trukea sinbolizatzen duena. Horren emaitza izartxo bat da, literaturan zerbaiten esanahia nabarmentzeko erabiltzen den sinboloa. Campusetako biblioteka-atarietan UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratutako zenbait liburu izango dira trukerako mahaian, eta bertara datorren edonork liburuak hartu eta utzi ahal izango ditu 10:00etatik 15:00etara bitartean. Trukerako mahaia Portugaleteko Ingeniaritza Eskolan apirilaren 22an, Arabako Las Nieves ikasgelategian egongo da apirilaren 23an, Carlos Santamaria zentroaren atarian apirilaren 24an, Bizkaia Aretoa UPV/EHUn apirilaren 25ean eta Bizkaiko Campuseko Liburutegi Nagusian, Leioan, apirilaren 26an.

Liburuak trukatzeko tarteaz gain, liburuez solasteko tarterik ere izango da UPV/EHUn Liburuaren astean: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuan 2020 eta 2023 urtean argitaratutako paperezko liburuen artetik 20 liburu aurkeztuko dituzte liburuen egile zein apailatzaileek apirilaren 25an Bizkaia Aretoan izango den aurkezpen-maratoian. Goizeko 10:00etatik 16:30etara bitartean deiturik daude egileak. Filosofia, sareetako berriak, emozioak, teatroa, mendia, adierazpen grafikoa… askotariko gaiak jorratu dituzte orrialdez orrialde, eta horren berri ematera datoz. Streaming bidez jarraitu ahal izango dira aurkezpenok EHUtb-ren 1. Kanaletik (esteka eskuragarri dago hemen: www.ehu.eus/ehukultura).

Bestelako ekitaldirik ere bada liburuak aitzakia hartuta: Gipuzkoako EHUkulturak antolatuta, idazleak gonbidatu dira unibertsitateko gela eta biblioteketara. Irakasleek gidaritza lana egin eta gonbidatuekin solasean ariko dira liburuez, askotariko ikuspegietatik: Maitasun kapitalari buruz solastuko dira Karmele Jaiorekin, liburuen ilustrazioa izango dute hizpide Elena Odriozola eta Amaia Agirrek, Ipuingitzaz ariko dira Nerea Ibarzabal eta Eider Rodriguez, irakurketa ezberdinez ariko dira, ostera, Begoña del Teso eta Juan Aldaz eta entsegua eta itzulpena ekarriko dute Koldo Tellitu eta Igor Etxabek. Saio horietako batzuetan izen-eman behar da eta, horretarako, www.ehu.eus/ehukultura atarian du sarbidea etorri nahi duenak.

Iaz Liburu egileak kanala sortu zen sareetan (Ikusi kanalak hemen: Liburu egileak - Vimeo & Liburu egileak - Youtube), UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako liburu-egileen bideo laburrak jasotzen dituena. Oso harrera ona izan du kanalak eta, iaz bezala aurten ere bideo-sorta elikatzeko aleak grabatuko dira Liburuaren astean.

UPV/EHUko biblioteketako funtsetatik abiatuta erakusketa bi izango dira ikusgai liburuaren astean: Arabako Campusean, Koldo Mitxelena Bibliotekaren atarian Beatoak: erdi aroko bestsellerra eta Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria bibliotekan Ipuinak marrazten, euskal irudigileak.

Liburuaren asteko programa hemen kontsulta daiteke: http://go.ehu.eus/liburuarenastea2024