Letren Fakultatera iritsi da ENLIGHT
Ikerketa mintegi bat egin zuten UPV/EHUko ikastegian, jasangarritasunaren erronkei kulturaren bidez aurre egiteko
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2024/05/17
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateak nazioarteko ikastaro bat eta ikerketa mintegi bat jaso zituen. Europako hainbat herrialdetako hogeita hamar ikasle inguruk parte hartu zuten mintegian; transferentzia kulturalen eta jasangarritasunaren gainean eztabaidatu zuten, eta irtenbideak bilatu zituzten Euskal Herriko hainbat eragile soziokulturalek proposatutako erronkentzat.
UPV/EHUk antolatzen du ‘Connecting Cultures: Sustainability, Travel, Translation & Migration’ ikastaroa, Galwayko, Tartuko eta Groningeneko unibertsitateen laguntzarekin, eta ELIGHTen baitako programa trinko konbinatua da (Blended Intensive Programme, BIP). Ikastaroaren lehenengo zatia online egin zuten, martxoan eta apirilean. Eta bigarren zatia aurrez aurre egin zuten, maiatzean.
‘ENLIGHT Research Seminar on Cultural Transfer and Sustainability’ nazioarteko mintegiarekin amaitu zen ENLIGHTeko ikastaroa, IdeoLit ikertaldeak antolatuta. Ikastaroan zehar diseinatutako ekintzak aurkeztu zituzten ikasleek mintegian. Gainera, eragile kulturalekin, ikastaroko irakasleekin eta nazioarteko hainbat aditurekin eztabaidatu ahal izan zituzten haien ideiak.
IdeoLit ikertaldearen webgunean kontsulta daiteke jarduera horri buruzko informazio guztia.