euskaraespañol

Eguneko irudia

Leticia Gaspar, Arte Ederretan doktorea

Leticia Gaspar: «Emakumea objektu eta pasibizatu bezala irudikatzen duen imajinarioan bizitzen ohitu gara»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/25

Leticia Gaspar García bere estudioan. Argazkia: Leticia Gaspar García. UPV/EHU.

Leticia Gaspar García bilbotarra da, Arte Ederretan doktore eta ‘Emakumeei loturiko estereotipo sexualizatuak XX. mendearen hasieratik XXI. mendearen hasierara bitarteko pintura irudikapenetan’ tesiaren egilea, zeina urte hasieran defendatu zuen UPV/EHUn. Hamarkada bat ikerketa zabala egiten eman ostean, epe horretako pinturan emakume biluziak edo sexu jarreretan nola irudikatzen diren aztertu du. Gaur ikertzailearekin arituko gara solasean, bere arteari eta balio horiei buruz gehiago jakiteko.

Zure tesia pinturetako sexu edukiei buruzko hausnarketa kritikoa da. Horretarako artelanen bilduma zabala batu duzu, eta azterketa konparatiboa egin, emakumeak nola irudikatzen diren eta zein estereotiporekin lotzen diren ikertzeko. Zerk eraman zintuen gai hori aukeratzera?

Aukeratu nuen ikasketak egiten ari nintzenean ikusten nuelako ikasleen erdiak baino gehiago emakumeak ginela, baina, hala ere, pintatutako emakumeen inguruan genituen erreferentziak venusak, musak edo neska adeitsuak, hau da, a priori identifikatzen ez zaren irudiak. Une hartan ‘Ídolos de perversidad’ izeneko liburu bat irakurtzen ari nintzen, non egileak XIX. mendearen amaieran gizarteak emakumeari buruz zuen irudia aztertzen duen: pinturan, literaturan, etab. Oso interesgarria iruditu zitzaidan egileak nola aztertzen dituen lanak, sortzen dituen gizarteari eta garai horretako ideia nagusiei dagokienez. Dijkstrak egin zuenaren antzeko zerbait egitea pentsatu nuen, baina beste epe historiko batean.

Nola bildu dituzu lan horiek guztiak?

Ikerketarako, zenbait liburutegi hautatu nituen: gure eremuko bat (UPV/EHUko Arte Ederretakoa), Europako beste bat (Edinburgoko Unibertsitatekoa), eta Estatu Batuetako bi (New Yorkeko Unibertsitateko Liburutegi Nagusia eta Cooper Library). Arte erotikoaren, biluzien eta abarren bilaketekin hasi nintzen, baina kategoria horiek estankoak ziren, aurreko egileek ezarritako ereduari jarraitzen zioten, eta nik beste zerbait aurkitu nahi nuen. Beraz, pinturari buruzko liburu guztietan begiratu nuen, eta emakumeak biluzik edo jarrera sexualean agertzen diren lanen bilduma adierazgarria hartu nuen. Horiekin, 4.000 iruditik gorako artxibo bat sortu nuen, irizpide ezberdinen arabera (parekotasun formala, besteak beste) banatu nuena, eta estereotipo errepikakorrak ezarri nituen.

Lau liburutegi horietan lanerako material kantitate itzela pilatu nuen, ikerketaren tamaina gainditzeraino: 2.000 ikerketa orrialde baino gehiago. Beraz, gaiaren araberako multzoetan banatutako 700 obrako bilduma batera mugatu nintzen.

Tesia bi liburukitan banatzen da: alde batetik, garapen teorikoa eta, bestetik, ikerketa ikonikoa. Hala da bi arrazoiengatik. Batetik, irakurketa ikonikoa ahalbidetzen duelako, eta bestetik, irakurketa arintzen duelako, testu azterketak eta irudiak bananduta daudelako. Irakurketa ikonikoak eskaintzen dituen aukerak oso interesgarriak dira: irakurlea nire testuarekin ados egon daiteke edo ez, baina bere kabuz azter ditzake irudiak.

«Testuak aztertzen ohituta gaude, baina pinturari dagokionez, ikusi besterik ez dugu egiten»

Tesian emakume horiek pasibizatuta eta idiotizatuta daudela esaten duzu; biluzik daudelako da?

Ez, pasibizazioa eta idiotizazioa ez datoz biluzik egotetik, biluzik egoteak ez du nahitaez ergelkeria adierazten. Emakume hauen irudikatzeko moduagatik da. Emakume biluzi bat margotu dezakezu, baina autokontzientzia duela irudikatzen duen begirada batekin, edo lurrean botata, begiak zuri eta ahoa irekita. Oso ezberdina da. Gizarte bezala, irudi horiei begiratzen eta beren testuinguruan epaitzen ikasi behar dugu eta hauen presentzia kontuan izanda, hau oso garrantzitsua da. Testuen bidez hausnartzen irakatsi digute. Irudiak ikusi egiten dira, baina ez da haien gainean hausnartzen. Horri esker, ideologia sexista irudi horien bidez sartzen da, eta imajinario partekatu bat sortu da, zalantzan jartzen ez dena, gizartean barneratuta dagoelako.

Irudi horiek guztiak mundua ikusteko eta ulertzeko daukagun moduaren zati dira, baina jende asko ez da gelditu zer esan nahi duten galdetzera: Zergatik daude beren gorputzen eta pentsamenduen gainean ahalmenik ez duten emakume biluzien hainbeste irudi? Zergatik ez dago horrelako gizonik? Oso esanguratsua da horrelako irudiak horrenbeste nagusitzea. Izan ere, ez dira salbuespena, araua baizik.

Ikusizko hezkuntza falta zaigu?

Bai. Uste dut orain horretan lanean ari da. Adibidez, ikerketa feministak ardatz hartuta, museoei eskatzen zaie, bildumak beste ikuspegi batzuetatik ere azaltzeko. Dena den, joera orokorra ez da oso sinesgarria; aurpegia garbitzen saiatzen direla ematen du, berrietan ateratzeko, funtsean ezer aldatu gabe. Alde horretatik, artearen arloa oraindik ere matxista da, gizartea, oro har, matxista den bezala.

«Artearen mundua oraindik ere matxista da, gizartea, oro har, matxista den bezala»

Zein izan da zure deskubrimendu nagusia?

Nahiko emaitza deigarria izan da horrenbeste irudi aurkitu izana, hori ez bainuen espero lanean hasi nintzenean. Nik lau liburutegitan bilatu, eta material hau guztia bildu dut; pentsa zer gertatuko litzateke bilaketa zabalduz gero.

Beraz, egoera argi dago: ez dago emakume biluzi pasibizatuen pare bat adibide bakarrik. Eredu errepikakorrak dituzten lan ugari dira, ez dagozkio genero zehatz bati –Modernitateak baztertu baizituen gai lehentasunak–, baina talde gisa aztertzen baditugu, ideologia bera partekatzen dutela ikusiko dugu.

Ez da kasualitatea, lan hauek aztertzen ditugunean, gizonezkoek sortutakoak emakumekoek sortutakoak baino gehiago izatea. Halere, emakumezko artista eta baita gizonezko artista batzuen lanetan emakumeen gorputzak irudikatzeko modu zeharo ezberdinak aurki ditzakegu.

Hitz egin dezagun pixka bat zure arteaz: nola definituko zenuke?

Figurazioa lantzen dut. Hau da, ezagut daitezkeen gauzak marrazten ditut, baina ez dute zertan benetako existentzia izan behar. Erreferentetik kopiatzea ez zait interesatzen. Deigarri gertatu zaizkidan irudi edo ideietatik abiatzen naiz, eta hortik eszena osatzen dut. Eszenaren narratibitatea interesatzen zait, eta osagarriek sor ditzaketen zentzu lotura eta harremanak ere. Medioaren materialitatea ere oso inportantea da, pinturaren alde sentikorra, ia sinestesikoa. Jardun artistikoa ikerketa gisa ulertzen dut.

Zure lana aztertzen badugu, obra gehienak paisaia bakartiak eta abandonatu samarrak dira. Zergatik marrazten dituzu txabolak edo eraikitze prozesuan dauden eraikinak? Horien zer alderdik erakartzen zaitu?

Asko erakartzen naute hondakinek eta toki hustuek. Baina ez balizko etorkizun apokaliptikoaren iragarpen gisa, ezta zonbien bideo-joko bateko eszenografia gisa ere. Nire ustez, arkitektura horiek izaera pentsakorra dute. Haietan bat egiten dute ekonomien suntsidurak eta ahots kritikoek, edo gutxienez, irudi edo hitz bihurtu diren pentsamenduek. Beharbada, erresistentzien narratibak egiturekin sinbiosian baleude bezala.

Ez ditut ikusten, edo gero eta gutxiagotan ikusten ditut, distopien antzespen bezala, gaur egungo gure historiaren isla bezala. Ez dira pinturan ikusten dugun bezala existitzen diren lekuak, baina badira dagozkigun arazoen  berri ematen duten lekuak.

Zer proiektutan ari zara orain lanean?

Margozten jarraitzen dut, maskararen eta kontrol digitaleko metodoak abiapuntu duen proiektu batean lanean ari naiz. Halaber, laster AusArt-en argitaratuko den artikulu bat idazten ari naiz, eta unibertsitatean eskolak emateko dokumentazioa prestatzen ere.

 

Leticiaren lan gehiago aurki ditzakezu bere Instagramean: https://www.instagram.com/leticiagaspargarcia/