euskaraespañol

Eguneko irudia

Legeak dira komunitate energetikoak garatzeko oztopo nagusia

UPV/EHUren lan batek erakutsi du energia propioa ekoizteko eta erabiltzeko proiektu komunitarioen kopurua asko aldatzen dela Europako herrialde batetik bestera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/13

Iraide López
Iraide López, UPV/EHUko Ingeniaritza Elektrikoa Saileko ikertzailea eta irakaslea. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Iraide Lópezek eta Nerea Goitia doktoregaiak Europar Batasuneko komunitate energetikoak aztertu dituzte. Azterketaren ondorioen arabera, komunitate horiek garatzeko oztopo nagusia arauen definizio falta da. Gainera, ikerketak erakutsi du energia propioa ekoizteko eta erabiltzeko sortutako figura berri horren aurrerapen-maila asko aldatzen dela estatu batetik bestera.

Trantsizio ekologikoaren esparruan, Europar Batasuna komunitate energetikoak sortzea sustatzen ari da. Zuzentarauen bidez, elektrizitatearen balio-katean herritarrei eragile pasibo izateari uzteko ahalmena ematen dien figura hori bultzatu du. Biztanleen funtzioa ez da kontsumitzera eta ordaintzera mugatuko. Legeak aukera ematen die pertsona-taldeei erakunde juridiko bat eratzeko beren energia sortu dezaten. Eta ez bakarrik autokontsumorako, baita soberakina saltzeko ere.

Euskal Herriko Unibertsitateko Elektriker ikerketa-taldeak aztertu du zer egoeratan dauden komunitate energetikoak Europar Batasuneko hainbat estatutan. Ikerketaren egileak, Iraide Lópezek, honako hau adierazi du: “Rol garrantzitsua izango dute deskarbonizazio-prozesuan. Hala ere, figura hori hastapenetan dago, eta oraindik alderdi asko daude garatzeke. Gure helburua izan da hobeto ezagutzea zer egoeratan dauden hainbat lekutan, haien aurrerabideari laguntzeko”.

Alde batetik, energia-komunitateen garapenean eragina duten alderdiak aztertu dituzte, eta ikusi dute oztopo nagusia legedia dela. Nahiz eta badauden haien sorkuntza oztopatzen duten beste alderdi batzuk, hala nola finantzaketa lortzeko zailtasunak, pizgarri ekonomiko gutxi, prozesu administratiboen konplexutasuna eta biztanleen denbora- eta motibazio-falta, oztopo nagusia estatu bakoitzeko araudien zehaztasun falta da.

Lópezek honela azaldu du: “Oro har, arauak ez daude behar bezala zehaztuta. Figura berri horren betebeharrak eta eskubideak hobeto definitu behar dituzte, sistemaren parte izan dadin benetan. Adibidez, komunitate energetiko bat osa dezaketen kideen kopurua; horien artean muga geografikoak egon behar diren; instalazio birtualen figura onartzen den (horietan erabiltzaileek ez dute zertan herrialde berean egon), eta abar”. Gainera, erantsi du legediaren zehaztasun faltak eragin negatiboa duela, halaber, biztanleek komunitate energetikoekiko duten konfiantzan, eta haien garapena moteltzen duela.

Bestalde, UPV/EHUren lanak erakutsi du legediaren xehetasun-maila oso desberdina dela Europar Batasuneko herrialde batetik bestera. Horri estatu bakoitzeko faktore energetikoak eta ekonomikoak batzen badizkiogu, komunitate energetikoen garapen-maila asko aldatzen da leku batetik bestera. Horren adibide da erregistratutako ekimenen kopurua: Alemania dago buruan, 1.750 proiekturekin; ondoren, Danimarka, 700 proiekturekin, eta Herbehereak, 500 proiekturekin. Espainiako Estatuak 33 proiektu ditu eta zerrendako bederatzigarren postuan dago.

Plaka fotovoltaikoak etxeetan, autokontsumorako

Ikerketak, bestalde, erabilitako teknologiekin lotutako joera orokorrak aztertu ditu. Aztertutako kasuen % 75ean, komunitate energetikoek plaka fotovoltaikoen instalazioak dituzte. Lópezek adierazi du horren atzean arrazoi estetikoak eta praktikoak daudela: “Jendeak ez du haize-errotarik izan nahi teilatuan, edo, besterik gabe, ez dago  hainbeste leku non haizeak eguzkiak baino berme gehiago eskaintzen duen”. Bestalde, azterlanaren emaitzen arabera, proiektuen % 75 etxebizitza-sektorean egiten dira. Hau da, etxeetan kokatutako herritarren ekimenak dira. Haien presentzia ez da hain handia industriaren eta zerbitzuen sektoreetan.

Eta sortzen den energiari ematen zaizkion erabilerei dagokienez, autokontsumoa nabarmentzen da. Salmenta hondar-jarduera bat da oraindik. Lópezek azpimarratu du hori gertatzen dela, neurri batean, biztanleek ondoen ulertzen duten formula kontsumitzeko ekoiztea delako: “Saltzea zailago iruditzen zaigu, baina ez du zertan hala izan. Adibidez, eskariaren agregatzailearen figura dago. Bitartekari bat da, eta haren zeregina salerosketa-kudeaketa guztiez arduratzea da, kontratatzen duenaren onura bilatuz. Finka-administratzaile baten antzekoa da, baina energia kontuekin. Gauza da oso gutxik dutela haren berri”.

Ikerketaren egileak nabarmendu duenez, komunitate energetikoak biderkatzeko eta eskaintzen dituzten abantailez jende gehiago baliatzeko gako nagusiak herritarrei informazioa modu ulerterrazean ematea eta legedia zehaztea dira.

Informazio osagarria

Iraide López, Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Elektrikoa Saileko ikertzailea eta irakaslea da. Eskolak ematen ditu Energia Berriztagarrien Integrazioa Sistema Elektrikoan masterrean eta Industria Teknologiaren Ingeniaritzako graduan. Linea eta sare elektrikoak aztertzen dituen Elektriker ikerketa-taldeko kidea da.

Ikerketa-lana Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaile Nerea Goitiarekin batera egin du, zeina tesia egiten ari baita komunitate energetikoei buruz, Energia Elektrikoko Sistemak doktorego-programaren barruan.

Erreferentzia bibliografikoa