euskaraespañol

Eguneko irudia

10.900 pertsona baino gehiago erakarri dituzte Unibertsitate Orientaziorako Azokek

Unibertsitate Orientaziorako Zerbitzua otsailaren 28tik martxoaren 7ra arte ospatuko diren Jardunaldi Irekiak prestatzen hasi da jada

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/11

Euskal Herriko Unibertsitateko Orientaziorako Azokak bukatu dira eta guztira 10.906 bisitari izan dituzte. Unibertsitate Orientaziorako Azoken helburua da unibertsitate aurreko ikasleen zalantzak argitzea eta unibertsitateko ikasketak aukeratzen laguntzea.

Zehazki, Gipuzkoako Campusean azoka urtarrilaren 25ean izan zen eta 4.629 bisitari egon ziren; Arabako Campusean otsailaren 1ean ospatu zen eta 2.167 pertsona hurbildu ziren; eta, azkenik, Bizkaiko Campusean otsailaren 8an egin zen, eta 4.110 bisitari hartu zituen. Guztira, 10.906 bisitari hurbildu dira hiru ferietako batera, eta, beraz, inoiz baino jende gehiago bertaratu da.

Azoketan, UPV/EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza ematen diete ikasleei, bai UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu guztiei buruz, bai mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean.

UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitate Orientazio Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik. Programan sartzen dira, alde batetik, unibertsitate aurreko ikasleek bere gogoko graduetan egin dituzten Jarduera Praktikoak (Ikastegietan egiten diren jarduerak dira, eta horietan aktiboki parte hartu eta unibertsitate ikasketei buruzko informazioa hobetzen du ikasleak), eta bestetik, UPV/EHUko pertsonalak emandako informazio saioak, bai bigarren hezkuntzako ikastegietan, bai euskal eskualde batzuetan.

Bestalde, Jardunaldi Irekietan parte hartzeko inskripzioa ere irekita dago. Jardunaldiak otsailaren 28tik martxoaren 7ra bitartean izango dira. Izena ematea otsailaren 17tik 23ra bitartean web gunearen bidez egin.

“UPV/EHUk arreta handia eskaintzen dio unibertsitate aurreko ikasleei zuzendutako orientazioa, jakitun baita informazio zehatza oinarrizkoa dela unibertsitate aurreko ikasleek erabaki dezaten. Ez dugu ahaztu behar unibertsitate titulazioa aukeratzea oso erabaki garrantzitsua dela, bere etorkizun profesionalerako bidea disenatuko baitu. Ildo horretan Unibertsitate Orientaziorako Azokak jarduerarik adierazgarriena da, zeren eta ikasleek eta beren familiek beharrezko informazio guztia jaso ahal duten, eta modu zuzen eta pertsonalizatuan zalantza guztiak argi ditzaketen”, adierazi du UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Txelo Ruizek.