euskaraespañol

Gaurko irudia

Araztegi-urek ibai-ekosisteman eragiten dute, ondo tratatuta eta oso diluituta egon arren

UPV/EHUko ikerketa batean agerian geratu da ur kutsatuak tratatzeko ahaleginak areagotu behar direla uretako dibertsitatea kontserbatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/28

Ioar de Guzmán ikertzailea

Ibai ekologia ikerketa-taldeak hondakin-uren araztegi handi bateko urekin egindako esperimentu batek erakutsi du araztegi-urek ibaietako dibertsitatean eta sare trofikoan (elikatze-sarean) eragiten jarraitzen dutela ondo tratatuta eta oso diluituta isuri arren. Ikerketan frogatu dute litekeena dela hondakin-urak tratatzeko gaur egun ezarrita dauden mugak eta erabiltzen diren prozedurak nahikoak ez izatea sare trofikoen propietate naturalak babesteko.

Ur zikinen araztegiek asko hobetu dute mundu osoko uraren kalitatea, ingurumen-arautegien prozeduren arabera asko murriztu baita ur-ekosistemetara iristen diren kutsatzaileen kantitatea. Nolanahi ere, zoritxarrez, araztegietatik isurtzen diren efluenteek, tratatuta egon arren, kutsatzailez, nutrientez eta patogenoz osatutako koktel konplexua izaten jarraitzen dute, eta haien ingurumen-efektuak oharkabean gera daitezke, beste faktore batzuek ezkutatuta. Araztegi aurreratuenek nutrienteak, materia organikoa eta metalak murrizteko tratamendu gehigarriak aplikatzen dizkiete ur zikinei, eta efluente horiek ere, oso diluituta isuri arren, efektu leunak izan ditzakete luzaroan mantentzen badira.

“Araztegi horien efektuak behar bezala aztertzeko, ekosistema osoa manipulatzeko aukera eman zigun esperimentu berritzaile bat diseinatu genuen, zenbait urte iraun zituena”, azaldu du Ioar de Guzmán UPV/EHUko Ibai ekologia taldeko ikertzaileak. Lehenik, kutsadurarik gabeko errekasto batean aukeratutako bi tartetan hainbat aldagai neurtu zituzten urtebetez, ikusteko ea tarte horien artean zer alde zegoen: “Horrela bagenekien errekastoaren aldagai horiek nola aldatzen ziren denboraren eta tokiaren arabera”, zehaztu du. Ondoren, araztegi batean ondo tratatu eta asko diluitutako urak tarte horietako batera desbideratu zituzten, uretan beherena zegoen tartera, eta “beste urtebetez neurketak egin genituen bi tarteetan, isuri horiek errekako dibertsitatean eta sare trofikoan (janari-harremanen arabera antolaturiko organismo-multzoan) eta ekosistemaren funtzionamenduan zer aldaketa eragiten zituzten ikusteko”.

Aldaketa garrantzitsuak ekosisteman

Ikerketan frogatu dute hondakin-ur tratatuek eragin garrantzitsuak izan ditzaketela ekosistema-mailan, eta errekastoetako komunitateen egituran eta funtzionamenduan eragin dezaketela diluzio-maila oso altuekin isurita ere. Efluentearen toxikotasuna txikia izan zela ikusi bazuten ere, “oro har, ornogabeen dibertsitatea murriztu egin zen eta komunitateak heterogeneoagoak bihurtu; alga-kantitateak handitu ziren, eta herbiboria (edo landarez elikatzeko joera) areagotu—azaldu du ikertzaileak—. Nahiz eta efluente-urak tratatuta egon, nutriente jakin batzuk iristen dira errekastora, algak eta materia organikoa sustatzen lagundu dezaketenak, baina aldi berean kutsatzaileek eragin dezakete ornogabe sentikorrak desagertzea eta haien tokia erresistenteagoak diren beste batzuek hartzea”.

Agerian geratu da, beraz, gaur egun hondakin-urak tratatzeko erabiltzen diren prozedura aurreratuenek ere ur gezatako ekosistemetan eragiten jarraitzen dutela, eta, uretako sare trofikoak kontserbatzeko, ur kutsatuak tratatzeko ahaleginak areagotu behar direla: “Uste dugu legediak markatzen dituen mugetara doituta arazoak lausotzen direla, baina oraindik ere inpaktuak sorturik kontuan hartu behar dugu erreketako sare trofikoak modu optimoan kontserbatzeko tratamendu horiek are eta zorrotzagoak izan behar dutela”, esanez amaitu du Ibai ekologia taldeko ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa