Biofisika Institutuko (CSIC-UPV/EHU) zuzendari lanetan diharduen Iban Ubarretxena Ikerbasqueko ikertzaileak Parkinsonen gaixotasunaren aurkako farmako berriak garatzen lagun dezaketen inhibitzaile berriak identifikatzeko ikerketan parte hartu du. Ikerketa Cell Research aldizkari ospetsuak argitaratu du.
B12 bitaminak Parkinsonen gaixotasun hereditarioaren giltzarrizko entzima bat inhibitzen duela egiaztatu dute
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2019/03/28
Parkinsonen gaixotasuna da mugimendu-asaldura neurodegeneratibo kronikorik ohikoena, eta mundu osoko hirurogei urtetik gorako populazioaren % 1ek pairatzen du. Egun, Parkinsonen gaixotasunak ez du sendabiderik eta erabilgarri dauden tratamenduek gaixotasunaren sintomei aurre egiten diete, baina ez bilakaerari.
Parkinsonen gaixotasunaren kasu gehienak noizbehinkakoak diren arren, gaixotasunaren aldaera hereditarioak LRRK2 entzima kodifikatzen duen genearen mutazioekin lotu ohi dira nagusiki. 2004. urtean, Euskadiko ikertzaileak partaide zituen nazioarteko ikerketa-talde batek entzima honen mutazioetako baten eta gaixotasuna diagnostikatua duten pazienteen arteko lotura zehaztu zuen.
Hartara, nazioartean euskarazko dardar hitzetik sortutako “dardarina” izenaz ezagutzen den LRRK2 entzima Parkinsonen gaixotasun hereditarioaren aurkako farmako berriak garatzeko diana terapeutikorik eragargarrienetakoa bilakatu da. LRRK2aren neurotoxikotasuna eta horri loturiko albo-ondorioak mutazio patogenoek entzimaren kinasa-jardueran eragiten duen igoeraren ondorio dira, nagusiki, eta egiaztapen horrek nazioarteko lehiaketa bultzatu du inhibitzaile berriak garatzeko. Egun, LRRK2 entzimaren kinasa-jardueraren inhibitzaile sendoak eta espezifikoak daude, baina horietako askok behar ez bezalako albo-ondorioak edo emaitza kliniko zalantzagarriak eragiten dituzte.
UPV/EHUko Zientzia Parkeko (Leioa-Erandio Eremua) Biofisika Institutuan (CSIC-UPV/EHU zentro mistoa) zuzendari lanetan diharduen Iban Ubarretxena Ikerbasqueko ikertzaileak nazioarteko ikerketa-talde batekin batera landutako ikerketa honek argi utzi du B12 bitaminaren bi forma aktiboetako batek, AdoCbl deritzonak, LRRK2 entzimaren kinasa-jarduera inhibitzen duela kultibatutako zeluletan eta garuneko ehunetan. Era berean, nabarmen prebenitzen du Parkinsonen gaixotasunari lotutako LRRK2aren aldaeren neurotoxikotasuna karraskari primarioen kultiboetan eta Parkinsonen gaixotasuna ikertzeko erabiltzen diren zenbait eredu transgenikotan. Ikerketaren emaitzak Cell Research aldizkari ospetsuak argitaratu ditu.
Honela, ikerketak egiaztatu duenez, B12 bitaminak LRRK2 entzimaren kinasa-jarduera modulatzen du, eta honek, Iban Ubarretxenaren esanetan, “sekulako aurrerapausoa suposatzen du, izan ere, animalia-ereduetan neurobabesletzat jardun duen bitamina honen mekanismoak egun dauden inhibitzaileen mekanismoarekin zerikusirik ez duenez gero, LRRK2 entzimaren aldaera patogenikoei lotutako Parkinsonen gaixotasun hereditarioaren aurkako terapia berriak garatzeko oinarritzat erabil liteke”.
Erreferentzia bibliografikoa
- Vitamin B12 modulates Parkinson’s disease LRRK2 kinase activity through allosteric regulation and confers neuroprotection
- Cell Research (2019)
- DOI: 10.1038/s41422-019-0153-8